Enkarterrin ez da haize errotarik altxatuko oraingoz. Haya 1 eta Haya 2 proiektuak bertan behera utzi zituen atzo Eusko Jaurlaritzak, ingurumenean izango luketen eraginagatik; atzo argitaratu zuen erabakia, EAEko aldizkari ofizialean. Erabakia azaltzeko, Jaurlaritzak sai zuria aipatu du batez ere, aurretik Bizkaiko Foru Aldundiak idatzitako txosten batean oinarrituta.
Eskualdea sai zuriaren populazio gune «garrantzitsua» dela azpimarratu dute —hamar bikote bizi dira, Euskal Herrian daudenen %20, eta isurialde atlantikoko atsedenlekurik handiena da, ale kopuruari dagokionez—, eta argudiatu dute «espeziearentzat funtsezkoak diren eremuetatik» kilometro batera baino gutxiagora daudela proiektuan proposatutako lau aerosorgailuak eta iristeko bideak. Proiektuen eragina «zuzenekoa, jasanezina eta kritikoa» litzatekeela ebatzi du Jaurlaritzak, eta ez du aukerarik ikusi zuzenketen edo konpentsazio neurrien bidez kalteak onbideratzeko. Sai zuria Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan jasota dago.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak aipatu du «interes bereziko» hiru eremu eta nekrofagoak elikatzeko babes eremuak ere identifikatu direla parke eolikoaren inguruan. Proiektuan, faunaren gaineko beste ondorio batzuk ere jasotzen ditu. Adibidez, bisoi europarraren interes bereziko eremua osatzen duten errekekin nahasten dira proiektatutako sarbidearen zenbait parte eta aireko linearen zati bat, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Trantsizio Energetikoa Sailaren menpeko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak adierazi duenez.
Enkarterri Bizirik elkarteak pozik hartu du berria. «Positiboa da, nola ez», esan du Josu Belmonte taldeko kideak: «Bizkaiko Foru Aldundiaren txostenak argi dio babestu beharreko eremua dela, baina kezkatuta geunden. Txostenak ez du inolako baliorik: azken hitza Eusko Jaurlaritzak du, eta ez genekien nola jokatuko zuten». Ekologistek uste dute gobernua «epelkeriatan» dabilela, eta «filosofia aldaketa bat» behar dela. «Trantsizio energetikoaren plana errotik aldatu behar da. Beste eredu bat behar dugu»
Balmasedako Udalaren ustez, albiste ona da. «Gure mendiak eta fauna arriskuan jartzen zituen ekimen bat geldiaraztea lortu da», adierazi dute, sare sozialen bidez zabaldutako ohar batean. «Trantsizio energetiko justu baten aldeko apustua egiten dugu, baina ez edozeren truke. Balmasedak [Bizkaia] bere nortasuna eta ingurunea errespetatuko dion garapen iraunkorra merezi du».
«Trantsizio energetikoaren plana errotik aldatu behar da. Beste eredu bat behar dugu»
JOSU BELMONTEÂ Enkarterri Bizirik elkarteko kidea
Enkarterrin parke eolikoak eraikitzeko hirugarren proiektua da orain atzera bota dutena. Orain dela bi urte, Danimarkako Vlue Viking Barbara enpresak 11 haize errotako bi parke eoliko egiteko proiektua aurkeztu zuen. Eusko Jaurlaritzak atzera bota zuen proposamena, inguruko herrietako udalek aurkeztutako alegazioak ontzat jo ondoren. Udalek argudiatu zuten proiektua ez zela bateragarria lurralde antolaketarekin eta hirigintza araudiekin, Kolitza eta Garbea mendietako ingurumenari kalteak eragingo lizkiokeela eta aztarna historiko eta arkeologiko «garrantzitsuak» galduko liratekeela.
Segidan, Side Recovery Systems enpresak bere asmoak aurkeztu zituen, orain ezerezean gelditu diren Haya 1 eta Haya 2 parkeak. Maiatzean, berriz, Alen eta Mello mendien artean aurreikusitako zortzi aerosorgailuko instalazioa geldiarazi zuen Jaurlaritzak, orduan ere ingurumena babesteko arrazoiak argudiatuta.
Baina beste hiru proiektu baimena jaso zain daude oraindik. Haietatik handienak El Roble izenekoa da: Galdames, Gueñes, Sopuerta eta Zalla (Bizkaia) herriei eragingo lieke, eta ia hamabost hektarea hartuko lituzke. Rapid Reaction Systems enpresak zazpi errota ipini nahi ditu hor. Inguruko udalek aurkeztu dituzte asmoak geldiarazteko alegazioak, eta eragile ekologistak mobilizatuta daude.
Batzuk bale eta besteak kale
Haya 1 eta Haya 2 ez dira aste honetan Jaurlaritzak geldiarazi dituen proiektu bakarrak. Astelehenean, ingurumen baimena ukatu zion Statkraftek Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean (Gipuzkoa) egiteko asmoa duen Piaspe parke eolikoari, hark ere ingurumenean eragingo lukeen kaltea argudiatuta.
Kontrara, egunotan Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman die Bailen Energia enpresaren bi egitasmori. Herenegun, Muga proiektua onartu zuen, eta atzo, berriz, Val proiektuari zabaldu zion bidea. Bakoitza 1.680 moduluko parke fotovoltaikoa izango da, eta megawatt bateko potentzia izango dute. Lehendabizikoa Amurrion (Araba) eraikiko dute, eta bigarrena, Oionen (Araba). Enpresak hiru urteko epea izango du bi parkeak martxan jartzeko.
Bestalde, Jaurlaritzak aurretiazko baimen administratiboa eman dio Ventaja Solar 8 enpresari Amurrion (Araba) 3,2 megawatteko potentzia izango duen eguzki parke bat eraikitzeko. Aurreikusitakoaren arabera, 6.692 modulu fotovoltaiko instalatuko dituzte. Orain, enpresak hamabost hilabeteko epea izango du eraikitzeko baimen administratiboa eskatzeko.