Hego Euskal Herrian etxebizitza eskubidearen aldeko lanuzteak eta mobilizazioak iragarri eta biharamunean, Eusko Legebiltzarrean izan dute hizpide gaia gaur goizean. Sumar alderdiak eraman du gaia osoko bilkurara, eta proposatu du alokairurako etxebizitza babestuen kalifikazioa betikotzea, merkatu librean sal ez daitezen. Legebiltzarrak, ordea, lege babesa soilik tentsio handiko eremuetan aplikatzea onartu du, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa baten bidez.
Gaur egun legez babestuak daude etxebizitza publiko guztiak, baina 2003aren ondoren eraikitakoak badira soilik. Izan ere, etxebizitzaren legea aldatu zenean, urte hori jarri zen abiapuntu moduan. Eta, beraz, 2003a baino lehen eraikitakoak merkatu librean sal daitezke, administrazioaren kontroletik kanpo. Hori dela eta, etxebizitza publikoen kopurua murrizten ari da, babes epea igaro ahala. Ohartarazpen hori egin du Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak.
EH Bilduk ere bat egin du salaketarekin, eta gogora ekarri du Nafarroan eta Katalunian neurriak hartu dituztela jada etxebizitza babestuen kalifikazioa mugagabea izan dadin. Bada, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere legea aldatzea proposatu du diru publikoz eraikitako etxebizitza guztien babesa bermatu dadin. Horri lotuta, EAJri gogorarazi dio garaiz dagoela oraindik Espainiako Gobernuak onartu nahi dituen bi dekretuak babesteko.
Babes publikoko etxeen kalifikazioa luzatzearekin ados egonagatik ere, jeltzaleek eta sozialistek Sumarri eta EH Bilduri erantzun diete eskatzen duten hori ez dela posible. Segurtasun juridikoa bermatu ezinak eragozten du, arrazoitu dutenez. Nafarroako lege aldaketari helegitea jarri baitzion Alderdi Popularrak, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zain dago auzia.
Hori dela eta, lege babesa soilik tentsio handiko eremuetan aplikatzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Eta iragarri dute aurrekontuetan jasoko dutela neurri hori —horren berri Eneko Anduezak eman zuen joan den irailean jada—. Era horretan, Benta Berri auzoko 510 etxeei dagokienez, adibidez, ez dira merkatu librera pasatuko, eta babesari eutsiko diote Donostia tentsio handiko eremu den bitartean. Blackstone inbertsio funtsaren esku daude gaur egun, eta 2028ko azaroan etxe horiek babes ofizialekoak izateari utzi behar zioten.
Sumarren eta EH Bilduren iritziz, ordea, EAJk eta PSE-EEk proposatu dutena ez da nahikoa, eta abstentziora jo dute. PPk eta Voxek kontra bozkatu dute, ziurgabetasuna areagotuko duela iritzita.