Laugarrenean, bai. Laugarren saiakeran lortu du Eusko Legebiltzarrak Gardentasunaren Legea onartzea. Apiril hasieran adostu zuten EAJk eta PSE-EEk legearen behin betiko idatzia, eta gaur onartu dute, osoko bilkuran, oposizioko alderdi guztiek kontra bozkatu arren. Bertze aldaketa batzuen artean, Gardena erakundearen sorrera ekarriko du legeak, Gardentasunaren Euskal Agintaritzarena. Eta horrek sortu ditu, hain justu, oposizioaren —nagusiki EH Bilduren— kexa eta zalantza gehienak.
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak esplikatu du Gardentasunaren Legea onartzea aurrerapauso «garrantzitsua» dela «Euskadiren kalitate demokratikoa indartzeko», eta garaiari dagokion «eskakizun demokratikoa» dela. Haren erranetan, erakundeekiko konfiantza indartzeko, erakundeen kalitatea hobetzeko eta kontuak emateko kultura sendotzeko asmoz sortu dute legea, «demokrazia sendo batek ez diolako beldurrik gardentasunari».
Erakundeen eta herritarren arteko harremanak nolakoa izan behar lukeen kontatu du Ubarretxenak, eta «funtsezko hiru printzipio» jarri ditu oinarrian: herritarren aitzinean gardentasuna, kudeaketa publikoa gauzatzeko erantzukizuna, eta gizarteak gobernuaren lanarekiko duen konfiantza. Legea bat dator, bide batez, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurkeztutako Jarduera politikoan gizalegez aritzeko ituna dokumentuarekin.
«Gaur arte Gardentasunaren Legerik izan ez badugu ere, Euskadi aitzindaria izan da gardentasun politikak sortzen», erran du Ubarretxenak. «Kultura demokratiko bat daukagu, eta, gardentasunari zein gobernatzeko jardunbideei dagokienez, erreferente bat gara nazioartean». Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du nola EAJk hala PSE-EEk bere gain hartzen duten «konpromisoa» dela gardentasuna, eta haren gaineko legea onartzea «betebehar bat» zela. «Bazen ordua».
«Kultura demokratiko bat daukagu, eta, gardentasunari zein gobernatzeko jardunbideei dagokienez, erreferente bat gara nazioartean»
MARIA UBARRETXENA Eusko Jaurlaritzako bozeramailea
Izan ere, Iñigo Urkullu lehendakari zenean hasi zen gardentasunaren lege bat egiteko bidea, baina ez zuten aitzinera egiterik lortu. Gero, Urkulluk aurrera ateratzea lortu ez zuen Gardentasunaren Legearen aurreproiektu berbera proposatu zuen Pradalesek, eta, ordutik, proiektu hori berregituratzen eta moldatzen aritu dira EAJ eta PSE-EE, harik eta gaur behin betiko erabakia hartu duten arte.
Gardenaren funtzionamendua
Legea bortz puntutan banatu du Ubarretxenak; bortz eginbehar eta erronkatan. Garrantzitsuena, eta «lege honen konpromiso nagusia», Gardena erakundea sortzea izanen da. Bozeramailearen erranetan, ez da administrazio organo bat gehiago izanen; kontrara, agintaritza independente gisa jokatuko du, «nortasun juridiko propioarekin, autonomia funtzionalarekin eta dagokion aurrekontuarekin». Misio jakin batzuk izanen ditu: informazioa eskuratzeko eskubidea babestea, publizitate aktiboa zaintzea, iruzur salaketak egiten dituzten pertsonak babestea, eta erreklamazioak ebazpen betearazleen bidez ebaztea.
Alegia, alde batetik, zaintza lanez arduratuko da Gardena, eta ziurtatuko du administrazioak informazio arloan dituen betebeharrak betetzen dituela. Hala ez den kasuetan, neurri zuzentzaileak edo diziplina jarduerak abiatzeko eskumena izanen du, Ubarretxenaren hitzetan. Eta, bertze alde batetik, salaketak tramitatuko ditu bai erakunde maila guztietan eta bai sektore pribatuetan.
EH Bilduren iritziz, baina, hemen dago koska: Gardenako zuzendari gorena Eusko Legebiltzarrak aukeratuko du, baita Aholkularitza Kontseilua ere. Hau da, gobernuko alderdiek eragin zuzena izanen dute Gardenaren kudeaketan eta hartuko dituen erabakietan. Koalizio subiranista izan da aurrenekoa hautaketa sistema hori kritikatzen, Lamia Arcas legebiltzarkidearen bidez. «Zuzendaria dekretu bidez izendatzeak esan nahi du zalantzan jarriko dela hark erabakien gainean izango duen independentzia».
Hautaketa sistema ez baita «txikikeria bat», koalizioarentzat. EH Bilduk erabaki horren aitzinean zuzenketa proposamena aurkeztu zuen, eta hari muzin egin izana aurpegiratu die gaur sozialistei eta jeltzaleei. «Autoritate horren helburua, besteak beste, irregulartasun salaketei eta informatzaileei babesa ematea da, eta hori ardura handia da».
«Zuzendaria dekretu bidez izendatzeak esan nahi du zalantzan jarriko dela hark erabakien gainean izango duen independentzia»
LAMIA ARCAS EH Bilduko legebiltzarkidea
EH Bilduren zuzenketarik ez zuten onartu, baina bai, ordea, Sumarrek egindakorik. Haiek hala proposatuta, prozedura bat aldatu zuten testuan, eta gobernuak erabaki zuen Eusko Legebiltzarreko ordezkarien hiru bortzenen babesa beharko dela Gardena erakundeko presidentea izendatzeko. Alderdien arteko negoziazioak eta akordioak bultzatuko ditu sistema horrek, gehiengo absolutua ez baita aski izanen erakunde berri horretako burua hautatzeko. Sumarren proposamena onartu izana, baina, ez da nahikoa izan hark Gardentasunaren Legearen alde bozkatzeko.
«Lege hau berandu dator; berandu eta gaizki». Jon Hernandez Sumarreko ordezkariak «anbizio handiagoko» legea nahi zuen, bertzeak bertze iritzi diolako gardentasun instituzionala aipatzen denean «kanpoan» uzten direla «botere ekonomikoaren arteko harreman estuak». Eta hori ere bada gardentasunaren parte, azaldu duenez. «Hemen arazoa ez da erakundeen datu gehiago argitaratzea, baizik eta nork kontrolatzen dituen botere ekonomikoa eta politikoa».
EH Bildu, haserre
Koalizio subiranistak, Sumarren zuzenketa onartu ondotik, karguari gehienez ere sei urteko muga jartzeko eskatu zuen, baina, gaur onartutako legearen arabera, hamar urtez euts diezaioke zuzendariak karguari; bi legegintzalditik goiti.
Hasierako testuari 127 zuzenketa proposatu zizkion EH Bilduk, eta Arcasek salatu du horietatik 107 gibelera bota dituztela EAJk eta PSE-EEk. «Beraz, legebiltzarretik aterako den legea ez da aurrerapauso kualitatibo bat izango politika publikoetan eta administrazioen kudeaketan gardentasuna indartzeko».
Koalizio subiranistak ez du sinesten legeak Gardena erakundearen independentzia bermatuko duenik, ezta neurririk ezarriko duenik salaketa bat egiten duten informatzaile guztien eskubideak bermatzeko ere. «Lobbyen jarduna ere arautu gabe geratu da, eta uko egin diote Herritarren Parte Hartzeko Lege proiektu bat aurkezteari». Izan ere, EH Bildurentzat agerikoa da kontsulta prozesuak arautzea «premiazkoa» dela. Eta ez hori bakarrik, lankidetza eraginkorra eta kontuak ematea mugatzen dituzten botere egiturak mantentzea aurpegiratu die EAJri eta PSE-EEri, eta gogorarazi koalizioak «negoziatzeko prest» jarraitzen duela, «gobernantza etikoagoa, parte hartzaileagoa eta arduratsuagoa» lortzeko. «Hori da gardentasunaren eta demokrazia biziberritzearen gure ikuspegia», erran du Arcasek.
Egoeraren analisi hagitz bertzelakoa egin du Xabier Barandiaran EAJko legebiltzarkideak; izan ere, haren ustez, «urteak eta urteak» daramatzate gardentasunez jarduten. «Gure herriaren historia demokraziaren historia da. Gure herrian kode etiko pila bat daude erakundeetan, eta informazioa eskura dago. Ez dago autonomia erkidegorik guk adinako gardentasunik daukanik, legerik izan edo ez». Horren guztiaren meritua, baina, ez da EAJrena, «herriarena baizik», eta dagoeneko «abian» den horri «gorputza» emateko asmoz sortu dute legea.
Honako lau hauek dira, azkenik, legearen barneko gainerako lau puntuak: herritar orori informazio publikoa eskuratzeko eskubidea bermatzea, jarduera publikoaren gardentasunarekiko konpromisoa berrestea, Gobernuaren kontuak emateko konpromisoa berrestea, eta herritarren parte hartzea indartzea.