Eusko Legebiltzarrak tramiterako onartu du Gazteriaren Legearen erreforma

EH Bilduk eta Sumarrek babestu egin dute EAJren eta PSE-EEren egitasmoa, baina prozedura kritikatu. PPk abstentziora jo du, eta Voxek aurka bozkatu du, aldaketarik ez duela eragingo iritzita.

Euskal Udalekuak Bernedon (Araba). Artxiboko argazkia. BERRIA
Euskal Udalekuak Bernedon (Araba). Artxiboko argazkia. BERRIA
aitor biain
2026ko martxoaren 26a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Legebiltzarrak abiatu du, azkenean, 2022an onartu zuen Gazteriaren Legea aldatzeko prozedura. Tramiterako onartu du EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako egitasmoa, zeinak aisialdiko jardueren eta udalekuen inguruko araudia zorroztea baitu helburu. EH Bilduk eta Sumarrek ere alde bozkatu dute, baina lege aldaketa tentuz eta berme guztiekin egiteko eskatu dute. Izan ere, premiaz egingo da prozedura. PPk abstentziora jo du, eta Voxek aurka bozkatu du.

Bernedoko (Araba) udalekuen harira udazkenean izandako polemikak eragin du lege aldaketa. Helburua da «babes eta kontrol handiagoa» ezartzea, elkarteen betekizunak areagotuz eta arau hauste berriak txertatuz. Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen proposamena, baina legebiltzarkide taldeek erregistratu zuten legebiltzarrean azkenean. Eta, hain justu ere, edukiak baino gehiago, tramitazio prozedurak eragin du gaur alderdien arteko eztabaida.

Izan ere, Jaurlaritzaren nahia da uda aurretik onartuta egotea, aldaketak indarrean egon daitezen aurtengo udalekuen kanpaina hasterako. Eta, horretarako, legebiltzarreko tramitazioa ahalik eta gehien laburtzea nahi du. Eta, hein batean, lortu du, premiaz tramitatuta ohiko prozedura baten denboraren erdia beharko baita. Baina are gehiago laburtzea nahi zuten EAJk eta PSE-EEk, lege aldaketa irakurraldi bakarrez onartuta. Horretarako, ordea, legebiltzarreko mahaiak aho batez onartu behar du, eta EH Bilduk ez zuen aldeko botorik eman.

Jeltzaleek gogor kritikatu dute azken egunotan erabaki hori, eta erreforma «oztopatu» nahi izatea egotzi diete subiranistei. Bada, gaur ere, bide beretik jo du Ander Añibarro EAJko legebiltzarkideak, eta lege aldaketa asmo txarrez atzeratu nahi izatea egotzi dio EH Bilduri: «Jokoan dagoena adingabeen babesa indartzea denean, ez da arrazoizkoa erantzun azkarragoa eta eraginkorragoa ematea ahalbidetzen zuen prozedura bat blokeatzea». Erabakiaren inguruko azalpenak ere eskatu dizkie, tartean adingabeen babesa dagoela gogorarazita.

Añibarrok berak azaldu ditu 2022an onartutako legean egin nahi dituzten aldaketa nagusiak, Itxaso Asensio PSE-EEko legebiltzarkidearekin batera. Nagusia zera da, aisialdiko jarduerak antolatzen dituzten elkarteen erregistro bat sortuko duela, eta «nahitaezko erantzukizun adierazpen bat» eskatuko dietela aurretiaz. Horrez gain, arau hausteen eta zigorren inguruko araubidea ere moldatu egingo dute, arau hauste larri edo oso larri gehiago sartzeko. Eta sexu erasoen aurkako «bermeak indartu» egingo dituzte, halaber.

Prozedurari kritikak

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak botoa eman ondoren hartu du hitza, eta, gaiaz eztabaidatzea ontzat eman badu ere, arbuiatu egin du Jaurlaritzak legea garatu ez izana indarrean daraman ia lau urteetan: «Jaurlaritzak ez ditu etxeko lanak egin, eta orain azkartu egin behar dira lau urtez egin ez diren lanak». Eta jeltzaleei eta sozialistei aurpegiratu die lege erreforma Jaurlaritzak berak erregistratu beharko zukeela, legeak horretarako ematen dion bidea erabilita, hots, lege proiektu moduan aurkeztuta.

Izan ere, Kortajarenak adierazi du ezen, adingabeei eragiten dien legea izanik, prozedura premiaz egiteak ez duela «berme nahikorik» ematen. Haren ustez, beharrezkoak dira azterketa txostenak egitea —gobernuak aurkeztutako lege proiektuei exijitzen zaizkienak—, lege aldaketak edozein eremutan izan dezakeen eragina zein den azaltzen lagunduko dutelako, erreformari segurtasun juridikoa emanez. Gogorarazi du, halaber, Jaurlaritzak berak atzeratu zuela tramitazioa, bere txostena behar baino beranduago aurkeztu zuelako legebiltzarrean.

Edozein moduz, Kortajarenak azaldu du EH Bilduk lege aldaketaren tramitazioaren aldeko botoa eman duela, modu horretan adituen iritziak eta azalpenak jasotzeko aukera izango dutelako. Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak ere bide beretik hitz egin du. Esan du bat datorrela adingabeen segurtasuna indartzearekin, eta horregatik eman duela aldeko botoa, baina tramitazio modua kritikatu du hark ere. Ohartarazi du ezin dela gertakarien arabera arautu: «Parlamentuak hobeto eztabaidatzeko eskubidea izan beharko luke».

PPk, berriz, abstentziora jo du, iritzi baitio egun indarrean dagoen araudiak modua ematen duela egin nahi den hori egiteko, hala nola delituen aurrekaririk ez dutela ziurtatzeko agiriak eskatzeko. EAJri eta PSE-EEri ekinbidea «zuritzea» egotzi die Laura Garridok, erakundeek aurrez egin ez zutena orain talde politikoen bidez egin nahi dutelako. Voxek aurka bozkatu du, lege aldaketak «ezer ez» duela konponduko iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!