Joan den asteko asteazkenean Zarautzen (Gipuzkoa) izandako hilketa matxista gaitzetsi du Eusko Legebiltzarrak. Indarkeria matxistako kasuetarako protokoloa abian jartzea erabaki du gaur ganberak, eta, hortaz, bi neurri hartu ditu: hilketa matxista gaitzesteko adierazpen instituzionala irakurri du Bakartxo Tejeria presidenteak, eta, ondoren, minutu bateko isilunea egin dute osoko bilkura hasi aurretik.
Hilketa matxista gaitzesteaz gain, emakumeen aurkako indarkeria edo sexu bereizkeria oro arbuiatu ditu legebiltzarrak adierazpenean. «Adierazten dugu sexu indarkeria dela emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunen agerpenik larriena, eta ezberdintasunok sorburu dutela botere harremanetan eta emakumeak mendean hartzeko harremanetan», dio Tejeriak irakurri duen testuak.Â
Halaber, herritarrei eta instituzioei eskaera bana egin die legebiltzarrak. Batetik, herritarrei galdegin die har ditzatela «konpromiso pertsonal eta kolektiboak» emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde. Bestetik, erakundeei eskatu die garatu ditzatela emakumeen aurkako indarkeria behin betiko desagerrarazteko baliabidez hornitutako «plan integralak».
Â