Zarauzko (Gipuzkoa) hilketa matxista leporatuta atxilotutako 47 urteko gizonak aurrekari polizialak ditu indarkeria matxistarengatik, EFE albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren iturriek baieztatu dutenez, «bikotekide ohien salaketa batzuk» daude haren aurka. Berri agentziak iturri hori bera aipatuta erantsi duenez, ez daukate erregistratuta Zarauzko biktimak jarritako salaketarik.
Atzo, atxilotua hilketa izan zen etxebizitzara eraman zuten ertzainek, asteazkeneko gertaerak berritzeko asmoz. Horren ostean itzularazi zuten komisariara, eta han egongo da eginbideak amaitu bitartean. Tramite horiek bukatzen dituztenean, berriz, epailearen esku utziko dute. Azpeitiko auzitegia arduratzen ari da auziaz, eta gogorarazi dute sumarioa sekretupean dagoela.
Bestalde, hilketa matxista salatzeko zenbait protesta egiten ari dira egunotan. Atzo, Zarauzko Udalak antolatu zuen manifestazioa, eta jendetza irten zen kalera hilketa matxista arbuiatzeko. Emakumeen Mundu Martxak deituta, beste hainbat mobilizazio izango dira datozen egunotan. Gaur eguerdian, Bilbon eta Iruñean izan dira; bihar, Donostiako Bulebarrean egingo dute protesta, 13:00etan, eta astelehenean, berriz, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etan. «Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude», esan dute Bilboko protestaren amaieran irakurritako adierazpenean.
Mugimendu feministaren protesta
Gizonei eta instituzio publikoei bereziki eskatu diete ardura hartzeko. «Erakundeei dagokien ardura hartzea exijitzen diegu, eta haien pasibotasuna salatzen dugu», esan dute. «Indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin exijitzen dugu». Hori dela eta, uste dute «neurri eta inbertsio errealak» eta «egiturazko aldaketak» behar direla indarkeria matxistaren aurka. Horretarako, borondate politikoa funtsezkoa da, mugimendu feministaren aburuz.
«Indarkeria matxista ez da soilik erasotzaile jakin batzuen erantzukizuna: konplizitate sare oso bat dute atzean, egiturazko konplizitate eta jarrerekin eraikia, inpunitate osoz»
EMAKUMEEN MUNDU MARTXA
Erakunde publikoei ez ezik, gizonei ere gogorarazi diete arazo lazgarri horren konplize direla. «Indarkeria matxista ez da soilik erasotzaile jakin batzuen ardura: erasotzaileek, erasotzaile izan daitezen, konplizitate sare oso bat dute atzean, egiturazko konplizitate eta jarrerekin eraikia, inpunitate osoz». Beraz, mugimendu feministaren iritziz, «horiek haustea ere beharrezkoa eta urgentea da». Eta zuzen-zuzenean egin diete eskaera gizonei: «Gizonek dagozkizuen ardurak hartu behar dituzue, orain!»
Ikusi gehiago
131 hilketa 2003tik
Denera 131 emakume hil dituzte gizonek 2003tik. Haietako sei, aurten: ekainaren 7an, gizon batek andrea hil zuen Malagan (Espainia); emakumezkoa Bilbokoa zen. Apirilaren 25ean Haron (Espainia) izandako hilketa matxistaren biktima Gasteizkoa zen, eta bikotekideak hil zuen, 46 urteko gizonezko batek, labana sartuta. Urtarrilaren 3an, 63 urteko gizon batek ama hil zuen, Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia) —biktimak 84 urte zituen—. Otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta.
Gainera, maiatzaren amaieran 43 urteko gizon batek bere 13 urteko alaba hil zuen, eta, ondoren, bere buruaz beste egin, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera. Uztailean, berriz, 85 urteko gizon batek emaztea hil zuen —emakumeak 78 urte zituen—.