Euspelek Jaurlaritzari: «Isildu nahi gintuzuen, baina ez duzue lortu»

Euspelek eta Esanek hogeina ordezkari izango dituzte, eta ERNEk hamabost. Euspel gai izan da Ertzainak Borrokan plataformakoen botoak bereganatzeko. Esan sindikatukoek irabazleak kritikatu dituzte: «Ez dakigu zer egingo duten hauek lau urtez».

Ertzaintza, Algortan, artxiboko irudi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ertzaintza, Algortan, artxiboko irudi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 27a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bakoitzak eginda zeuzkan bere porrak, emanak zeuzkan botoak, eta atzo argitu zen emaitza: Euspel sindikatua gailendu zen Ertzaintzaren hauteskunde sindikaletan, 1.732 boto eskuratuta. Joseba Saralegi da Euspeleko presidentea, eta erran du hauteskundeak irabazi izana Eusko Jaurlaritzari «ezezko bat» emateko modu bat izan dela, baita ertzainen «ezinegona» erakustekoa ere. Izan ere, Joan den urteko martxoan, 2025-2028 aldirako akordio bat sinatu zuten ERNE, Esan eta Sipe sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, eta Euspel hitzarmen horren kontra agertu zen hasieratik, Ertzainak Borrokan plataformaren ildoarekin bat eginda. 

Euspelen gibeletik sailkatu zen atzo Esan, 1.665 boto bilduta, eta hirugarren egin zuen ERNEk, 1.280 botorekin. Sipe (354), ELA (214), eta Ekos (160) gelditu ziren hurrenak. Bada, datu soilak diruditen arren, hauteskundeen emaitzek buelta eman diote Ertzaintzaren azken hogei urteetako ordena sindikalari, ERNE sindikatua izan baita garaile tarte horretan. Euspelek, hauteskundeak irabazi berritan, zin egin du «beste etapa bat» zabalduko duela Ertzaintzan, eta lan baldintza «hobeak» lortuko dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. 

Aldaketa ez da bertzerik gabe gertatu. Aspaldikoa da kontua: pandemiaren ondotik, 2023an, Ertzainak Borrokan plataforma sortu zuten, sindikatuetatik aparte. Ez zeuden konforme ERNE, Esan eta Sipe sindikatuen negoziatzeko moduarekin, eta bertzelako borroka molde batzuen alde egin zuten. Bertzeak bertze, mobilizazioak antolatu zituzten, eta mehatxu egin zuten Tourrean lan egiteari uko egingo ziotela. Orain, plataforma hura sortu zutenetik egindako lehenbiziko hauteskunde sindikalak iragan berri diren honetan, emaitzek erakutsi dute plataformakoen babesa Euspelera joan dela zuzen-zuzenean. Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez, sindikatu hark bereziki emaitza onak izan ditu Brigada Mugikorrean, hau da, istiluen kontrako polizien artean. 

«[Eusko Jaurlaritza] Hiru sindikaturen eskutik aritu da lanean, eta gu kanpoan utzi gaitu borroka egiteagatik eta zenbait kontuetan ados ez egoteagatik»

JOSEBA SARALEGI Euspel sindikatuko presidentea

«Arazoa Segurtasun Sailak dauka», erran du Saralegik, eta zehaztu du arrazoia: «Hiru sindikaturen eskutik aritu da lanean, eta gu kanpoan utzi gaitu borroka egiteagatik eta zenbait kontuetan ados ez egoteagatik. Gu txikitzen saiatu dira, eta isildu nahi gintuzten, baina ez dute lortu». Presidentearen irudiko, gainera, nola Eusko Jaurlaritzak hala hiru sindikatuek «beldurra» diote Euspeli: «Gardentasunari, elkarrizketari, forma egokiei, erosten ez uzteari, txeke zuriak ez sinatzeari eta duintasuna izateari», zehazki. 

Jarraian zenbait adierazpen egin ditu ERNEk, eta onartu du Segurtasun Sailarekin sinatutako aldirako akordioa ez dela «nahikoa» izan ertzain anitzentzat. Bidenabar, eskerrak eman dizkie sindikatuaren alde bozkatu dutenei, eta Euspeli erran dio espero duela agindutako helburuak betetzea. Ertzaintzaren aro berriaren aitzinean «adi» egonen dela kontatu du, eta lanean jarraituko duela ertzainen lan baldintzak «egunez egun» hobetu daitezen. 

Guztira hirurogei ordezkari aukeratu dituzte hauteskundeetan: 17 Araban, 23 Bizkaian eta 20 Gipuzkoan. Horiek honela banatuko dira emaitzak kontuan izanda: Euspelek eta Esanek hogeina ordezkari izango dituzte, ERNEk hamabost, Sipek lau eta ELAk bakarra. Ekos sindikatua, berriz, ordezkaritzarik gabe geratu da; hura lehen aldiz aurkeztu da bozetara. Hau da, aldaketa nabarmena izan da ordezkaritzaren banaketan. Izan ere, ERNEk, lidergoaz gain, zazpi ordezkari galdu ditu, eta Sipek eta ELAk hiruna; Esanek, berriz, bere horretan eutsi dio bereari. Horiek horrela, aurrerantzean Euspel, Esan eta ERNE izango dira 125. Mahaian eserleku bat izango duten bakarrak; Segurtasun Sailarekin negoziatzeko esparrua da hura.

Guztira 7.000 polizia inguruk izan dute botoa emateko eskubidea, eta Euspelek eskerrak eman dizkie euren aldeko botoa eman duten ertzainei. Gainera, erran du lan baldintzak hobetzearen alde eginen duela lan, eta, bide batez, exijituko duela lanpostuen zerrenda 9.000 langileraino zabaltzea; egungo araudiaren arabera, ez da posible 8.000 agente bano gehiago izatea. Sindikatuak oraingo ordena «irauli» nahi du, eta onartu du sindikatuko kideek espero zutela irabaztea, ikusten baitzuten ERNE sindikatuak geroz eta babes gutxiago zeukala. «Ez zaituztegu dezepzionatuko. Daukagun guztia emango dugu gure lan baldintzak hobetu daitezen». 

ELA, ordezkari bakarrarekin

ELA eta Esan sindikatuak berehala atera dira erantzunen bat ematera. Ertzaintzan, ELA da ordezkaritzari eutsi dion klase sindikatu bakarra, baina afiliatuak galdu ditu azken urteotan, eta zituen lau ordezkarietatik hiru ere bai orain, bakarrarekin geratu baita. Esplikatu du lan eta bizi baldintza duinen alde lan eginen duela hemendik aitzinera ere, eta  «ertzainak herritarren zerbitzura dauden sektore publikoko langileak» direla azpimarratu ere bai. Baina ez hori bakarrik: «Zerbitzu publikoetan eta Ertzaintzan izandako murrizketei buelta emateko indar korrelazioan irabaztera goaz», erran du ELAren ordezkaritzak. «Herritarren alde eta herritarrengandik gertu» arituko dela promestu du, bukatzeko. 

Bertzalde, lehenbiziko kolpean baikor agertu da Esan, eta adierazi du «oinarri sendoa» daukala lanerako, baita «leku eta oihartzun entzutetsua» ere. Alabaina, sindikatu horretako kideek hartu dute Euspeli erantzunen bat edo bertze emateko paradarik, eta salatu irabazlea «etengabe» aritu zaiela kexaka eta kritikak egiten. Hortaz, erronka bat jarri diote, ironikoki: «Dena gaizki baldin badago, proposa itzazue neurri eraginkorrak». Eta «egiazko kezka» erakutsi dute jarraian: «Ez dakigu zer egingo duten hauek lau urtez». Esan sindikatuari dagokionez, zin egin dute lanean jarraituko dutela beren proiektuaren alde, eta «langileen defentsan» arituko direla «beti».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!