Ezkabarteko suteak tamaina handia hartu du. Dagoeneko 400 hektarea erre direla baieztatu du Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek, eta «zenbait egun» beharko dira erabat itzaltzeko. «Sutea kontrolatu gabe dago oraindik. Hainbat su gunek pizturik jarraitzen dute, eta hurrengo orduak zailak izango dira», onartu du.
Parlamentuan Foru Hobekuntzaren lantaldean zuen agerraldia amaitu eta berehala bertaratu da ingurura Txibite. Haren hitzetan, «oraingoz» inguruko herriak ez daude mehatxupean. «Atzo, zuhurtziaz, hiru herri hustu ziren, baina jada etxean daude, eta ez dugu aurreikusten biztanle gune horietara helduko denik sua». Haren ondoan izan da Pedro Lezaun Ezkabarteko alkatea. Hark ere esan du arratsaldean hego haizea eta beroa izango direla nagusi, eta norabidez aldatuko dela 20:00ak aldera. Herritarrek emandako erantzunarekin «harro» dago, batik bat laborariekin: «Jo eta ke aritu dira itzaltze lanetan».
Atzo, 17:45 aldera, sua piztu zen Makirriaindik gertu den baso batean. Sugarrak gertu zirenez, badaezpada ere, Nabatz hustu zuten. Ke laino handia sortu zen, eta bete-betean eragin zion Anotzi ere; horregatik, hura ere hustu egin zuten. Usi herria ere hustu zuten. Gauean, bizilagunak etxera itzuli ahal izan ziren. Suhiltzaileek gau osoa pasatu dute hura egonkortzeko asmoz.
Foruzaingoak baztertu egin du nekazaritza lanek eragin izana sutea. Hasierako orduetan, herritar batzuek aipatu zuten inguruan uzta biltzeko makina bat zegoela, baina Foruzaingoak baztertu egin du hipotesi hori. Makirriaindik kilometro erdira sortu zen sua, zereal lur batean. Orduan ez zegoen nekazaririk lanean. Haizeak lagundurik, suak errepidea zeharkatu zuen, eta basora hedatu zen. Foruzainen arabera, gaizki itzalitako zigarretaren baten edo bestelako axolagabekeriaren baten ondorio izan liteke.
Goizean goiz helikopteroz hartutako irudietan ikusten denez, suak eremu zabala hartu du, ke laino handi batek inguratzen baitu basoa. Sua oraindik kontrolpean ez dagoen seinale. Atzo gauean, haizearen norabidearen ondorioz, erre usaina Iruñerri osoan hedatu zen.
Imágenes del vuelo de reconocimiento realizado a primera hora del #viernes en #Ezkabarte para valorar la situación del perímetro del incendio pic.twitter.com/2DlesYuhCg
— 112 Sos Navarra / Nafarroa (@112_na) June 26, 2026
Suhiltzaileak jo eta ke aritu dira hasieratik. Gauez, helikopteroen jarduna eten behar izan zuten, baina goizean berrekin diete itzaltze lanei. Goizean goizetik, Nafarroako larrialdietako aholku batzordea bildu da sute horren bilakaera eta nondik norakoak aztertzeko, Inma Jurio Barne kontseilaria buru duela.
Gobernuaren arabera, Nafarroako zazpi parkeetako suhiltzaileak parte hartzen ari dira Ezkabarteko sutea itzaltzeko lanetan, eta lurraldeko baliabide guztiak ere lanean ari dira. Ehun bat suhiltzaile aritu dira gauez sua itzaltzen. Lau helikoptero eta bi hegazkin parte hartzen ari dira: bi helikoptero Nafarroako Gobernuarenak dira; beste bi helikopteroak eta bi hegazkinak, Espainiako Gobernuarenak. Nafarroako Gobernuak helikoptero eta hegazkin gehiago eskatu dizkio.
Herritarrei eskatu diete zuhur jokatzeko, oraintxe bitarteko gehienak Ezkabarteko sua itzaltzeko lanetan ari direlako eta bestelako sute batek arriskua areagotuko lukeelako. SOS Nafarroak eskaera bat egin die herritarrei: ez joateko sutearen ingurura, sua itzaltzeko lanak ez oztopatzeko.
Gaur ere egun konplikatua izateko arriskua dago. Bero handia eta giro idorra espero denez, Nafarroako Gobernuak lehorreko lurretako nekazaritza jarduerak mugatzeko agindu du, 11:00etatik aurrera. Foru agindu horrek Pirinioetako, erdialdeko eta Erriberako laborariei eragingo die.
«Onartezina» nekazarientzat
UAGN Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasunak «konpentsazioak» eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari, «administrazioak uzta biltzea debekatzen duen egun bakoitzeko». Elkartearentzat «onartezina» da «bigarren urtez jarraian arrisku egoera bati erantzuteko oinarrizko jarduera bat geratzea, erabaki horrek nekazaritza enpresetan eragiten dituen galera ekonomikoak konpentsatzeko neurririk hartu gabe». Esan diote uztak ezin duela itxaron: «Aste gutxi batzuek baldintzatzen dute urte osoko emaitza ekonomikoa. Galtzen dugun ordu bakoitzaren eraginez kalitatea galtzen da, ekoizpena txikitu, eta kostuak handitu».
Auzitan jarri ditu Nafarroako Gobernuak suteei aurre egiteko dituen baliabideak. Gobernuari informazioa «exijitu» dio: suhiltzaileen zer proportzio ari den lanean sute arrisku handiena dagoenean; zenbat suhiltzaile dauden suhiltzaile etxe bakoitzean; eta zein den erantzuteko gaitasuna. «Uzta biltzea geratzea erabaki baldin badute baliabideak falta direlako, herritarrek hori jakiteko eskubidea dute», esan dio Nafarroako Gobernuari. UAGNren ustez, baliabideak falta dira: «Ezin da plangintza edo baliabide falta beti konpondu nekazariei lan egitea debekatuta».
Nekazarien eta abeltzainen elkartea prest dago Nafarroako Gobernuarekin lan egiteko suteak prebenitzeko eta itzaltzeko sistema hobetzeko. Nabarmendu du nekazariek eta abeltzainek prebentzio lanak egiten dituztela, eta, behar denean, baita suak itzaltzeko lehen lanak ere. «Baina plangintza, prestakuntza, protokoloak eta larrialdi zerbitzuekiko koordinazioa behar dira horretarako», esan diote Nafarroako Gobernuari. «Ezin da sutea jada piztu denean bat-batean zerbait inprobisatu».
Larragan, fardoak egiteko makina batek sute bat eragin du jada uzta bildua zuen lursail batean, NA-601 errepidetik gertu. Makina erre egin da. 11:22an eman diote abisua SOS Nafarroari. Inguruko nekazariak sua itzaltzen hasi dira, eta gero joan dira Lizarrako eta Tafallako suhiltzaileak. Jada itzali dute.
Atzo egun zaila izan zen, hainbat sute piztu baitziren, besteak beste, Ledean, Noainen, Etxalarren, Murillo el Cuenden, Irunberrin, Larraiotzen, Caparroson, Melidan eta Lerinen; larriena, Ezkabartekoa.