Urte politiko berria

Ezker Anitza-IUk ontzat jo du nazio auziari buruzko eztabaida berriro ireki izana

Iñigo Martinezek esan duenez, «estatu federal errepublikanoan» oinarritutako proposamenari eutsiko diote

Iñigo Martinez eta Ezker Anitza-IUko zuzendaritzako beste zenbait kide, agerraldian. BERRIA
gotzon hermosilla
2023ko irailaren 1a
12:07
Entzun

Ezker Anitza-IUk ontzat jo du Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioen ingurumarian nazio auzia berriro ireki izana, eta eztabaida horri ekiteko «prestasun osoa» agertu du. Antolakuntza idazkari eta Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Iñigo Martinez Zatonek esan duenez, azken hamarkadetan defendatu duten proposamena berretsiko dute oraingoan ere: nazioen eta erregioen «borondatean» oinarritutako «estatu federal errepublikanoa».

Edonola ere, Ezker Anitza-IUk uste du eztabaida horrek ezin duela ostendu «eskubide zibil eta sozialen» ingurukoa, eta prest agertu da aurrerantzean ere eztabaida horri heltzeko.

Iñigo Urkullu lehendakariak nazio auziaren inguruan egindako proposamena ere ontzat jo du Martinezek, eta gaineratu du horren xehetasunen berri izan arte zain egongo direla balorazio zehatzago bat egiteko, baina «harridura» ere agertu du Urkulluk Espainiako Gobernuaren osaketaren negoziazioen ingurumarian egin duelako bere proposamena. Gogoratu du Eusko Legebiltzarrean zabalik dagoela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berriaren inguruko eztabaida: «Afera horretan, Urkulluk orain arte legebiltzarra azpikontratatu du auzi horri ekin diezaion, eta azken hamar urteetan ez du horri buruzko proposamen bakar bat egin». Martinezen ustez, afera horretan beharrezkoa da adostasunak erdiestea, eta uste du EP-IUk «zubi lana» egin dezakeela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lau indar nagusien artean.

Mugarri nagusiak

Hastear den urte politiko berriari begira, Espainiako Gobernuaren osaketa eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ezarri ditu Ezker Anitza-IUk mugarri nagusitzat. Lehenengoari dagokionez, Martinezek uste du ez dela nahikoa uztaileko hauteskundeetan «eskuinak geldiarazi izana», eta aukera baliatu behar dela agenda aurrerakoian «aurrera egiten jarraitzeko». Kezka agertu du norabide horretan «erresistentzia» batzuk agertu direlako: alde batetik, EAJk agenda horretako zenbait eduki, hala nola etxebizitza legea, gogoko ez dituelako, eta beste aldetik PSOEk «programaren inguruko konpromiso zehatzak» hartzeari muzin egin nahi diolako.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, berriz, Ezker Anitza-IUrentzat «zerbitzu publikoen defentsa» izango da xede nagusia, eta «ziklo aldaketa» bultzatu nahi dute: «Bada garaia ezkerrak legebiltzarrean gehiengoa izateari utzi eta Gobernu Kontseiluan nagusi izaten hasteko».

Mendia: «Ez da gure proposamena»

Beste eragile batzuek ere eman dute Urkulluren proposamenaren inguruko iritzirik. Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde Idoia Mendiak esan du Urkulluk egindakoa ez dela sozialisten proposamena: «Hori mundu guztiak daki, eta berak ere bai».

Edonola ere, «alde positiboak» ikusten dizkio Mendiak Urkulluren proposamenari. Haren ustez, Urkulluk «aldebakartasunari» uko egin dio bere planteamenduan: «Ekinbide horrekin, onartzen ari da edozein proposamen [Espainiako] konstituzioaren esparruan egin behar dela, eta aldebakartasunean oinarrituta ezin dela aurrera egin».

El País egunkarian argitaratutako iritzi artikuluan, Urkulluk proposatu du «konstituzioaren zati baten interpretazio adostua» egitea nazio auziari irtenbidea bilatzeko. Mendiak, berriz, uste du badagoela konstituzioa interpretatzeko eginkizuna duen organo bat, «eta hori Auzitegi Konstituzionala da».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berria adosteko eztabaida gogora ekarri du Mendiak, eta esan du Eusko legebiltzarrean eztabaida horri ekin ziotenean «alderdi abertzaleak ez ziren haien artean ados paratzeko gauza». Mendiak ez du uste legebiltzarrerako hauteskundeak egin arte gelditzen diren hilabeteetan alderdi abertzaleek berriro ekingo diotenik eztabaida horri: «Beste kontu bat da hauteskunde prozesuan alderdi horiek zer aurkeztuko duten euren programetan».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren presidente Carlos Iturgaizek, berriz, «burutaziotzat» jo du Urkulluren proposamena, eta gaineratu du horren asmo bakarra «eldarnio nazionalistak asebetetzea» dela. Haren ustez, Espainiako Konstituzioa «arriskuan» dago: «Konstituzioa ezin da utzi hura suntsitu eta hankapean ibili nahi duten sezesionisten eskuetan». Iturgaizen iritziz, konstituzioa aldatu beharko balitz, hori «espainiar guztien zeregina» litzateke, eta ez soilik «sezesionistena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.