«Gure minarekin eta zauriarekin etorri gara. Gure lana egin dugu. Zuei dagokizuen zatia egiteko eskatzen dizuegu». Olatz Mercader horrela zuzendu zaie Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordeko legebiltzarkideei.
Neurriak hartzea izango litzateke legebiltzarkideen «zatia». Mercaderrek eta Marisol Zamorak proposamenak egin dizkiete haurren sexu abusuak eragozteko, biktimak babesteko eta egia jakiteko.
Patxi Ezkiaga irakasle eta idazlearen biktima dira Mercader eta Zamora. Haren sexu abusuak jasan zituzten, haurrak zirela. Ezkiaga Donostiako Loiola auzoko La Salle ikastetxeko irakasle izan zen 1976 eta 2012 bitartean. Urte batzuetan zuzendari ere bai. 2018an hil zen. Zamorak duela bi urte salatu zituen Ezkiagaren sexu abusuak, El PaĂs egunkarian. Zamora ez zen La Salleko ikaslea. Zamorak salaketa publikoa egin eta gero, 30 bat emakumek salatu dituzte Ezkiagaren sexu abusuak.
Ikusi gehiago
Mercader eta Zamora joan dira Eusko Legebiltzarrera, baina biktima guztien izenean hitz egin dutela nabarmendu dute: «Ia mende erdiz berunezko isiltasun baten pean lurperatuta egon den memoria kolektibo bat dakarkigu».
Eskerrak
Eskertu egin dute Eusko Legebiltzarrean hitz egin ahal izatea. «Gure benetako lehen erreparazio ekintza da gaur hemen egotea, benetako justizia errestauratiboko ekintza», zuzendu zaie Mercader legebiltzarkideei. «La Sallek urteetan sistematikoki uko egin dio eskubide guztien jabe garen herritar gisa onartzeari. Eskolak lapurtu digun identitatea ematen ari zarete».
«La Salleren erantzunak erakutsi digu erakundeen endogamiak isiltasuna sortzen duela. Organo independente bat behar dugu iragana ikertzeko eta oraina garbitzeko»
OLATZ MERCADERÂ Patxi Ezkiagaren biktima
Minaz hitz egin dute Mercaderrek eta Zamorak. Abusuen mina eta «traizioaren mina». Abusuen mina izugarria dela esan die Mercaderrek, baina traizioaren minak «arima hausten» duela. Traizioa bikoitza dela azaldu du. Alde batetik, erasotzailearena: «Bere botere eta konfiantza posizioa baliatuz eraso egin zigun». Bestetik, La Salle eskolarena: «Beste aldera begiratu zuen erakundearen traizioa da. Zurrumurruak entzun zituztenen traizioa, malkoak ikusi zituztenena, kexak jaso eta erabaki zutenena eskolaren ospeak haur baten bizitzak baino gehiago balio zuela. Traizio instituzional hori salatu nahi dugu zuen aurrean. Urte batzuk geroago, oraindik ez dago erreparaziorik».
Eskolak eta kongregazioak ez dituzte ukatu Ezkiagaren sexu abusuak. Abusu horiei emandako erantzuna, ordea, «onartezina» dela salatu du Zamorak. Haren esanetan, La Salleko ordezkariek «ikara eragiten duen hoztasunez» galdetu diete ea zer gehiago nahi duten, eta «lainezaz» esan diete bazekitela Ezkiagak «esku luzea» zuela, «baina beste garai batzuk» zirela.
«Konpromiso etikoa»
Mercaderrek eta Zamorak, biktimen izenean, sei proposamen egin dituzte, «zauriturik, baina argiari begira». Haurrekin lan egiten duten erakundeek edo taldeek —hezkuntzakoak, kiroletakoak, kulturakoak, erlijiosoak, aisialdikoak— «konpromiso etiko» bat izan beharko lukete diru laguntza publikoak jasotzeko. Haurrak babesteko protokoloak izan beharko lituzkete, kanpoko erakunde batek ikuskatuak.
Ez lukete diru publikorik jasoko, esaterako, «opakutasunean gotortzen diren erakundeek eta erreparazio kolektiboari uko egiten diotenek». Horixe egotzi diete, hain zuen, Ezkiagaren biktimek eta EAEko Arartekoak La Salle ikastetxeari eta kongregazioari: uko egin dietela biktimen erreparaziorako neurriei.
Erreparazio kolektiborik ez
Iazko urte hasieran jo zuten Ezkiagaren biktimek eta biktimek ondoan izan zituzten beste pertsona batzuek EAEko Arartekora, Ezkiagaren sexu erasoen berri emateko eta babes instituzionala jasotzeko. Babes eskaera formala egin zioten, laguntzeko eta bitartekaritza prozesu bat abiatzeko. Zertarako? La Sallek eragindako kaltea publikoki aitortzeko, gertatua ikertzeko eta erreparazioa —«pertsonala nahiz morala eta kolektiboa»— lortzeko. La Sallek ez zuen biktimen proposamena onartu. Arartekoaren esanetan, ez zuen prestutasunik adierazi erreparazio kolektiboko proposamenei buruz eztabaidatzeko.Â
Ezkiagaren biktimek arreta integralerako zerbitzu publiko bat eskatu dute. Doakoa. Iraunkorra. «Batez ere haurren sexu abusuen traumetan espezializatua», zehaztu du Mercaderrek. Biktimek jo ahal izango luketen ate bat litzateke: «Biktimek, laguntza eskatzeko, ez lukete behartuta egon behar min egin dien erakundeko atea jotzera. Berriz biktimizatzen gaitu». Zerbitzu horrek luzera begirako laguntza juridikoa eta psikologikoa eskainiko lituzke.
«Plaka bat kentzea ez da historia ezabatzea, beste pedagogia bat idaztea baizik, gure seme-alabei esateko arrakasta sozialak inoiz ez duela baimena ematen abusuak egiteko»
MARISOL ZAMORA Patxi Ezkiagaren biktima
Biktima askok beren poltsikotik ordaintzen dituzte abusuek eragindako traumen tratamenduak. Horrelakorik ez gertatzeko, erreparazio funts bat sortzeko eskatu dute. Baita haurrekin lan egiten duten erakunde eta talde guztien prebentzio sistemak ikuskatzeko ere.
Egia argitara ateratzea da haien eskaera nagusietako bat. Babesari eta memoriari buruzko lege integral bat nahi dute. «Legez, egia jakiteko eskubidea bermatzen duen araudia», zehaztu du Zamorak. Lege horrek erasotzaileen omenez jarritako oroigarriak eta sinboloak kenaraziko lituzke. «Plaka bat kentzea ez da historia ezabatzea», esan du Zamorak, «beste pedagogia bat idaztea baizik, gure seme-alabei esateko arrakasta sozialak inoiz ez duela baimena ematen abusuak egiteko».
Egia
Eliza katolikoaren mendeko erakundeetan sexu abusuak jasan dituztenek bide malkartsua egin behar izaten dute. Gehienetan sexu abusu horiek preskribatuta egoten dira, eta Eliza katolikoak ez ditu ikertzen. Horregatik, Ezkiagaren biktimek egia jakiteko mekanismo independente bat eskatu dute. «Ezin dugu utzi abusuen ikerketa erakunde inplikatuen esku bakarrik geratzea», salatu du Mercaderrek. «La Salleren erantzunak erakutsi digu erakundeen endogamiak isiltasuna sortzen duela. Organo independente bat behar dugu iragana ikertzeko eta oraina garbitzeko».
Ikusi gehiago
Mercaderrek eta Zamorak kargu hartu diete legebiltzarkideei, 2023ko azaroan Eusko Legebiltzarrean adingabeen sexu abusuen prebentziorako, egia jakiteko eta erreparaziorako txosten bat onartu zuelako, baina neurririk hartu ez delako: «Biktimok ez ditugu behar artxibo batean geratzen diren ebazpenak, zorrotz betetzen diren dekretuak baizik. Izan ere, politikak bere erritmoari jarraitzen dio, eta biktimok bakarrik egin dugu bidea». Â
EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko ordezkariek eskertu egin dute Mercaderren eta Zamoraren lekukotza, «ausardia» eta «eskuzabaltasuna». PSE-EEko Miren Gallastegik esan die haien eskaerak aintzat hartuko dituztela. EH Bilduko Amancay Villalba La Salleri mintzatu zaio. Haren ustez, Ezkiagaren biktimen errekonozimendu publikoa egin behar du, eta barkamena eskatu: «Hezkuntzako erakunde batetik espero daitekeen gutxienekoa da». EAJko Josune Escotaren iritziz, Ezkiagaren biktimek beharrezko eztabaida bat zabaldu dute, eta erakundeei gogorarazi diete «haurren babesa ez dela bigarren mailako kontua».
Horixe eskatu die Zamorak: «Etorkizuneko haurrak babestu behar dira».

