Falangeak urriaren 12an Gasteizen egindako elkarretaratzeak eta haren ondoren izandako istiluek are gehiago handitu dute Eusko Jaurlaritzaren eta oposizioaren arteko arrakala, gaur Eusko Legebiltzarrean ikusi ahal izan denez. Ertzaintzaren jarduna defendatu dute Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak, eta alderdi faxistaren aurka egin zutenengan jarri dute fokua. Oposizioak, aldiz, gogor erantzun dio gobernuari, eta frankismoa goraipatu zutenen aurka neurririk hartu ez izana kritikatu dio.
Kontrolerako osoko bilkuraren gai nagusietako bat izan da segurtasunarena, ezbairik gabe, gai horren bueltako galdera bat baino gehiago egin baitizkiote oposizioko taldeek Jaurlaritzari. Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak Falangearen elkarretaratzean jarri nahi izan du arreta; izan ere, haren hitzetan, elkarretaratze hura memoria historikoaren kontrakoa zen, ikur frankistak erakutsi eta biktimak «gutxietsi eta umiliatu» zituztelako. Bada, Jaurlaritzari egotzi dio hura galarazteko neurririk hartu ez izana.
Ertzaintzak falangisten aldeko jarrera izan zuela salatu du, bestalde, EH Bilduk. Gorka Ortiz de Ginea legebiltzarkidearen arabera, agente batzuek «zerbitzari publikoak beharrean manifestariak» ziruditen. Polizia ereduaz hausnartu beharraz ohartarazi du beste behin, eta Segurtasun sailburuari eskatu dio «ardi beltzak» Ertzaintzatik kanporatzeko.
Izan ere, adierazi du ia-ia Iñigo Cabacasen kasua berriz gertatu zela, gogora ekarri baitu gomazko pilota batekin ahoa txikitu eta masailezurra hautsi ziotela Falangearen aurka protestan ari zen gazte bati, Aritz Ibarrari. Gertatutakoa argitzeko borondaterik ote duen galdetu dio Zupiriari. Are, Jaurlaritza sostengatzen dutenei ere zuzendu zaie Ortiz de Guinea, eta zera galdetu die: ez ote daukaten interesa egoera jakin batzuk gertatzeko, gero hori politikoki erabiltzeko.
Oso kritiko, gobernuaren aurka egin du PPk ere, bereziki jeltzaleen aurka. Segurtasun arloko kudeaketa «oso txarra» izaten ari dela esan du Ainhoa Domaicak, eta erantzukizunak eskatu dizkio Zupiriari urriaren 12ko esku hartzea dela eta. Segurtasun saila «hankaz gora» duela ere egotzi dio lehendakariari Javier de Andresek, eta segurtasun sailburuarenganako konfiantzari eusten ote dion galdetu.
Defentsa irmoa
Oposizioaren galderei erantzunez, Poliziaren jarduna defendatu du Pradalesek, eta elkartasuna adierazi die «zentzugabeko indarkeria» hura jasan zuten agenteei. Kezka agertu du, halere, arduradun politiko batzuek hori «hauspotu» eta justifikatu nahian ari direlako orain. Indarkeriaren aurrean demokraziaren balioen alde egin behar dela azpimarratu du: «Faxisten aurka ere, denak ez du balio».
Lehendakariak azpimarratu du bera «antifaxista» dela, eta «nazka» eman ziola Falangea Gasteizko Probintzia plazan ikusteak: «Ez ditugu nahi, ez hemen, ez inon». Baina, era berean, adierazi du «amorrua, lotsa eta pena» sentitu zituela gazteak kalean indarkeria nola erabili zuten ikustean. Bere egin ditu Zupiriak asteon egindako adierazpenak, eta salatu du istiluak eragin zituztenek Ertzaintza zutela jopuntuan, eta ez falangistak.
Bingen Zupiriak ere irmoki defendatu du Ertzaintzaren esku hartzea. Agenteek «profesionalki» jardun zutela azpimarratu du, eta gaineratu indarkeria erabili «beste aukerarik ez» zutela izan, ustekabean eta modu bortitzean jardun zutelako Falangearen aurka protestan aritu zirenek. Zehaztu du, halere, indarkeria hori Poliziaren protokoloekin bat ote datorren argitu beharko dela orain.
«Neurea da Falangeak kontzentrazioa egin izanaren erantzukizun politikoa. Eta neure erantzukizuna da legez kanpo dauden talde batzuek deitutako kontzentrazioa eragozteko erabakirik ez hartu izana»
BINGEN ZUPIRIA Segurtasun sailburua
Zupiriak bere gain hartu ditu gertatutakoaren erantzukizun politikoak, eta adierazi du ez zirela gertakari haien «larritasuna» aurreikusteko gai izan: «Neurea da Falangeak kontzentrazioa egin izanaren erantzukizun politikoa. Neure erantzukizuna da legez kanpo dauden talde batzuek deitutako kontzentrazioa eragozteko erabakirik ez hartu izana. Neure erantzukizuna da ordu eta erdiz Gasteizko zenbait kaleetan segurtasuna bermatu ez izana».
Hala ere, gogor egin du EH Bilduren aurka, eta istiluak eragin zituztenak babestea egotzi die beste behin: «'Zuek, faxistak, zarete terroristak', gogoratzen? Ba, zuen kumeek sortutako istiluen harira, haiei aurpegia ateratzea erabaki duzue». Segurtasun sailburuak azpimarratu du antolatzailea edozein dela ere manifestazio eskubidea bermatu dadin ahaleginduko dela aurrerantzean ere, «Justiziak kontrakorik esaten ez badu betiere».