Matxalen Legarreta. Soziologoa

«Familia indartu egin da ongizateari eusteko erakunde gisa»

Emakumezko bat langabezian geratzen denean etxeko lanei denbora gehiago eskaintzen diela azaldu du Legarretak; aldiz, gizonezko langabeen kasuan ez da gauza bera gertatzen, ikusi duenez.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoak modu askotan eragin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizartean: elikadura, etxeko tresnak... Hala islatzen du Eustaten 2014ko bizi baldintzei buruzko inkesta. Ordea, familien esparruan ere hamaika eragin izan ditu. Matxalen Legarreta (Igorre, 1977) EHUko Soziologiako irakasleak datuen hausnarketa orokorra egin du, eta berdintasunaren ikuspegitik ere zenbait alor aztertu ditu.

Inkestak familiaren trinkotzea islatzen du, baina, aldi berean, gizarte mailako loturen nolabaiteko galera. Komunitatearen ahultzeaz hitz egin al daiteke?

Familiak berak gizarte ingurumena osatzen duela hausnartu daiteke; alegia, modu ezberdinetan uler daiteke eremu hori. Elkarteetan parte hartzeko ekimen handia dagoela ikus daiteke inkestan, eta hori gizartearen parte hartzearen isla dela. Familia indartu dela? Bai, izan daiteke. Are gehiago, agian familia eredu tradizionalarekin ere lotu daiteke. Baina komunitatea ahuldu denik... Komunitatearen inguruan badaude zenbait ikerketa ildo argudiatzen dutenak komunitatea ez dela ahuldu, baizik eta komunitatea egiteko beste modu batzuk sortu direla; modu berriak, birtuala kasu. Internet bidezko harremanek gora egin dute, adibidez. Era tradizionalean ulertzen den komunitatea ahuldu da, bai, baina teknologia berriekin komunitate berriak sortu dira, eta ezin da esan ahuldu denik. Eraldatu da besteekin harremanak izateko era.

Ordea, familia erakundearen indarra ez da ahuldu.

Familiak jarraitzen du sostengu garrantzitsu bat izaten, eta horrek lotura izan dezake zerbitzu publikoetan egondako atzerakadarekin. Espainiako Estatuak egin dituen murrizketen aurrean, familia sareak indartu dira, ongizateari eusteko erakunde gisa, nolabait.

Positibotzat jo al daiteke?

Positibo bezala uler daiteke, baina kontuz. Familia indartzen bada, ez dadila izan ongizate estatuak atzera egin duelako. Hau da, familia ez dadila izan azken errekurtsoa, baliabide publikoek huts egiten dutelako.

Gizon eta emakumeen arteko berdintasunean zer eragin izan du krisiak?

Eragin anbibalentea izan duen hipotesia daukat, etxe barruko arduren denboraren banaketan behintzat. Suposa daiteke lana galdu duten gizonek denbora gehiago eskain diezaioketela etxeko lanei, baita zaintzari ere. Datu batzuek hala adierazten dute, baina, beste batzuen arabera, ez da halakorik gertatu. Hau da, kontrako efektua izatea ere gerta daiteke: lanarekin batera gizonek gizartean galdutako estatusa —familia buru ekonomikoarena— etxean mantentzea, konpentsazio moduan, eta emakumeek etxeko lan gehiago egitea.

Eta alderantziz gertatzen denean? Langabezian geratzen dena emakumea denean?

Etxekoandre bihurtzen da. Emakume langabeek, etxekoandreek eta erretiratutako emakumezkoek —azken horiek maila txikiagoan— denbora bertsua eskaintzen diote etxeari eta zaintzari: bost ordu inguru. Hau da, andrazkoa langabezian geratzen denean, handitzen du etxeko lanei bideratutako denbora; aldiz, gizonezkoa denean, bere parte hartzeak ez du beti gora egiten. Los lunes al sol filmak gizonen ikuspuntu hori islatzen du. Emakumeentzat ez dago astelehenik eguzkipean.

Beste maila batean, Eustatek jakinarazi du lau biztanletik bat elkarte bateko kidea dela.

Ikerlari batzuek arrazoitu dute elkarteetan parte hartzea krisiaren eraginez sortutako haserrea nolabait bideratzeko modua dela, bai sindikatuetan, baita erakunde politikoetan ere; haserrea adierazteko bidea, alegia.

Dena den, genero rolen banaketa antzeman daiteke bertan sektoretik sektorera.

Hala da: genero ezberdintasun nabarmen-nabarmenak daude kasuaren arabera. Kirol elkarteetan gizonezkoak dira nagusi; 150.000 gizonezko, 73.000 emakumezkoren aurrean. Erakunde sindikaletan, politikoetan, edo profesionaletan ere gizonezko gehiago daude. Aldiz, emakume tasa handiagoa da gizarte laguntzan, erlijio fedeetan, hezkuntzan diharduten elkarteetan. Ongizatearekin lotutako sektoreetan emakumeak dira nagusi, eta arlo publikoetan gizonezkoak.

Azkenik, inkestaren arabera, hiriko segurtasunaren pertzepzioa apur bat okertu da; aldiz, datuek inoizko gizarte seguruena islatzen dute. Zergatik gerta daiteke hori?

Krisi garaian hedabideek nahiko bonbardatu gaituzte gaiarekin. Murrizketak justifikatzeko, egoera oso kaxkar baten ideia errepikatu digute behin eta berriz, eta, hain barneratuta dugunez hori, segurtasunari buruz dugun pertzepzioan eragin dezake; beldur gehiagorekin egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.