Faxismoaren aurka, «fronte zabalak» eta «gutxieneko programak» galdegin dituzte Araban

EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezker Anitza-IUk, Equo Berdeek eta Sumar Mugimeduak agerraldi bateratua egin dute Gasteizen. Indar aurrerakoien bloke antifaxista bat eratzeko eskatu dute.

Arabako ezkerreko alderdien ordezkariak, Gasteizko elkarretaratzean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Arabako ezkerreko alderdien ordezkariak, Gasteizko elkarretaratzean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
Gasteiz
2026ko uztailaren 18a
14:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur 90 urte dira faxistak altxatu zirela eta Espainiako II. Errepublikaren aurkako estatu kolpea eman zutela, eta ezkerreko alderdi politikoek urteurren hori baliatu nahi izan dute kalera bat eginda atera eta ahanzturaren aurkako mezua zabaltzeko. Gasteizen, elkarretaratzea egin dute elkarrekin, beste urte batez, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezker Anitza-IUk, Equo Berdeek eta Sumar Mugimeduak, eta indarrak metatzeko deia egin dute berriro. «Fronte zabalak» eratzeko eta «gutxieneko programak» adosteko eskatu dute gaurko eta biharko faxismoaren aurka egiteko.

Ikurrinak eta Espainiako bandera errepublikanoak eskuetan, Gasteizko Katedral Berriaren aurrean egin dute protesta, Contra la impunidad franquista, Errepublikak eraiki lelopean. Ezkerreko alderdietako ordezkariek ohar bat irakurri dute agerraldiaren amaieran, eta gogora ekarri dute herritar askorentzat uztailaren 18a «odolez eta malkoz» gordetako eguna dela, eta ezinezkoa dela ahanzturan itzaltzen uztea. Horregatik, ezinbestekotzat jo dute egun hura oroitzea eta gaur egungo egoera politikoari lotzea.

Oroitu dutenez, estatu kolpeak, «porrot» egin bazuen ere, hiru urteko gerra ekarri zuen. Eta, horren ondoren, berrogei urteko «isiltasuna, errepresio sistematikoa eta askatasun zibil eta politikoen ezabatzea ekarri zuen erregimen autoritario bat»: «Berrogei urteko ahanztura eta bidegabekeria». Gainera, azpimarratu dute Franco hil ondoren ere gauzak ez zirela aldatu, eta estatu kolpearen ondoren indarrean jarri zen erregimenak bere hartan dirauela oraindik.

«Franco hil zen, baina frankismoa ez zen hil harekin batera», adierazi dute. 1978an ez baitzen ezer aldatu: «Egiturak ez ziren garbitu, enpresariek demokrataz mozorrotutako frankistei laguntzen jarraitu zuten, eta Poliziak zigorrik gabeko krimen basatiak egin zituen. Gasteizen ondo dakigu zertaz ari garen», zehaztu dute. Aurten 50 urte bete baitira Martxoaren 3ko sarraskitik, hain justu ere. «Hiria astindu zuen, eta inoiz epaitu ez duten krimen bat izan zen».

Itxuraldatuta eta «konplexurik gabe»

Ezkerreko alderdiek ohartarazi dute frankismoa itxuraldatu egin zela, eta politikari, epaile edo kazetarien artean «ezkutatu» dela, orduan hasitakoari isilpean jarraipena emateko. «Gaurko faxismoak mozorroa kendu du, konplexurik gabe gobernatzen du, eta bizitza politiko eta instituzionala judizializatu du», nabarmendu dute: «Ez dute ezkutatzeko beharrik».

Azpimarratu dute «olatu erreakzionario» hori mundu osora zabaltzen ari dela; are, adierazi dute Espainiako lurralde batzuetan agintera ere heldu dela, PPren eta Voxen gobernuen bitartez. Horregatik, beharrezkotzat jo dute horri aurre egiteko indarrak metatzea. «Bloke historiko aurrerakoi eta antifaxista bat» eratzeko deia egin dute, izaera plurinazionala oinarri izango duena eta sektore demokratiko zabalak erakarriko dituena.

«Berdintasuna, justizia, elkartasuna, feminismoa, aniztasuna eta halako balioak, Araban eta Euskal Herri osoan gehiengo handia izateaz gain, antidotorik onenak dira eskuin muturrari aurre egiteko»

Azpimarratu dutenez, prozesu berri horrek eskubide sozial, kolektibo eta «nazionalak» blindatu beharko lituzke, eta zigorgabetasuna eta ustelkeria amaiarazi. Halaber, adierazi dutenez, bere gain hartu beharko luke estatua osorik «demokratizatzeko» ardura, errealitate plurinazionala aitortzekoa, gutxiengoak errespetatzekoa eta herritarren askatasunak eta eskubideak bermatzekoa. Helburua argia da: «Ilusioa piztuko duen alternatiba demokratiko bat sortzea».

Horiek horrela, herritarrei dei egin diete demokraziaren aldeko balioak «elikatu eta babestu» ditzaten, hamarkadetan milaka herritarrek egindako «lanaren eta borrokaren» bitartez lortu baita «imajinario kolektiboan errotzea». «Berdintasuna, justizia, elkartasuna, feminismoa, aniztasuna eta halako balioak, Araban eta Euskal Herri osoan gehiengo handia izateaz gain, antidotorik onenak dira eskuin muturrak maila globalean eta Espainiako Estatuan antolatutako erasoaldiaren aurrean».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA