Fiskaltzak artxibatu egin du Xabi Alonsoren txaletaren sarbideei buruzko ikerketa

Ez du hauteman legeari izkin egiteko borondaterik Donostiako Udalaren jokabidean. Uste du zigor jurisdikzioa ez dela egokiena halako auzietarako.

Xabi Alonsoren txaleta, Igeldon. BERRIA
Xabi Alonsoren txaleta, Igeldon. BERRIA
jakes goikoetxea
2026ko urtarrilaren 22a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Albiste on bat Xabi Alonso futbolari ohi eta entrenatzailearentzat: Gipuzkoako fiskaltzak artxibatu egin ditu haren Igeldoko (Donostia) txaletaren sarbideei buruzko diligentziak. Hala jakinarazi du Eldiario.es egunkariak. 

Ekologistak Martxan eta Haritzalde taldeek jarri zituzten salaketak, Alonsoren txaleta eraiki zuen enpresaren —Tavaro XXI SM— eta Donostiako Udalaren kontra. Zergatik? Haien arabera, txaletera iristeko bidea ur biltegi munizipalera iristeko bakarrik erabil daitekeen arren, udalak behin-behineko lagapen bat egin zion Alonsori hura erabiltzeko. Baimen hori, baina, iazko martxoan iraungi zen. Udalak ez zuen neurririk hartu, eta txaletaren jabeek bide hori erabili izan dute orduz geroztik. Taldeek zehaztu zutenez, Alonsoren txaleta eraiki zutenean, eta ikusita etxeak bidearekin loturarik ez zuela, Donostiako Udalak Tavaro XXI SM enpresari eman zion Txalingo ur biltegirako bidea erabiltzeko baimena. Lagapen hori gehienez lau urtekoa da, eta iazko martxoaren 21ean bete zen epe hori.

Hori dela eta, talde ekologistek Tavaro XXI SM eta Donostiako Udala salatu zituzten ekainean Gipuzkoako fiskaltzaren aurrean, «prebarikazioagatik eta ondasun publikoak usurpatzeagatik». Iazko azaroan Ekologistak Martxan eta Haritzalde taldeek beste salaketa bat gehitu zioten aurrekoari, Donostiako Udalak Tavaro XXI SM enpresari txaleta eraikitzeko baimena eman ziolako, «jakinda ere ezinezkoa zela bide publikoarekin lotura egitea». 

Fiskaltzak uste du Donostiako Udalak ez duela asmorik izan legeari izkin egiteko, eta, beraz, ez duela prebarikazio deliturik egin, Eldiario.es-ek zabaldu duenez. Nabarmendu du zigor jurisdikzioa ez dela halako ekintzak ebazteko eremua: jarduera administratibo «zalantzagarri bat» ez da automatikoki «garrantzitsua» delitu bat izateko.

Alonsoren txaleta eraisteko agindu zuen epaile batek 2024ko urtarrilean. Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren arabera, txaleta legez kanpokoa da, ez duelako zerikusirik lehengo baserria berreraikitzearekin, eta eraikinean ez delako bete landa tipologia errespetatzeko obligazioa. Epaileak ebatzi zuen 2018an emandako lizentzia baliogabea dela eta ezin dela legeztatu. Alonsok eta udalak helegiteak aurkeztu zituzten erabakiaren kontra, eta txaleta zutik dago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.