EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Sumarrek «errepublikak» aldarrikatuko dituzte 36ko estatu kolpearen urteurrenean

'Atzoko eta gaurko faxismoaren aurka, errepublikak eraiki' lelopean bilduko dira Gasteizen. Gutxieneko programen bidez «fronte zabalak» osatzeko konpromisoa erakutsi dute alderdiek.

Azazetako biktimak oroitzeko martxoan egin zuten ekitaldia, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Azazetako biktimak oroitzeko martxoan egin zuten ekitaldia, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2026ko uztailaren 10a
14:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzoko eta gaurko faxismoaren aurka, errepublikak eraiki lelopean batuko dira EH Bildu, EAEko Ahal Dugu, Ezker Anitza, Berdeak Equo eta Sumar Mugimendua, 1936an Espainiako II. Errepublikan gobernatzen zuen Fronte Popularra gogora ekartzeko eta Francoren estatu kolpea salatzeko. Alderdien ustez, «fronte antifaxista» eratzeko garaia da. Faxismoaren aurka, Espainiako Estatuan zein Europan, «herri klaseei» begira jardungo duen «alternatiba demokratiko eta ilusionagarria» osatzeko garaia da. Horren beharra argi uzteko baliatuko dute altxamendu frankistaren 90. urteurrena, uztailaren 18a: 12:00etan elkartuko dira Gasteizen, Katedral Berriaren aurrean.

Estatua «bere eremu guztietan» demokratizatzeko konpromisoa hartu dute alderdiek, errealitate plurinazionala aitortzetik hasita. Alderdien esanetan, «gutxiengoak errespetatu» eta «herritarren askatasun eta eskubideak bermatuko» dituen proiektua sortu beharra dago. «Gutxieneko programek» ardaztuko dituzten «fronte zabalak» sortzeko dei egin dute.

Estatu kolpeaz gain, «40 urteko diktadura, jazarpena eta askatasunik eta justiziarik eza» gaitzetsiko dituzte. Era berean, «ahanzturaren eta bidegabekeriaren kontrako ekitaldia» izango da datorren larunbatekoa, memoria ariketa bat erantzuleak ez daitezen berriz ere «zigorgabe» geratu. Antzeko ekitaldi bat egin zuten martxoan, Azazetako biktimak aitortzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA