Selektibitateko euskara proban zero atera zuten gehienen kalifikazioak «zerotik gertu» utzi dituzte berrikusi ondoren

Behin betiko notak argitaratuta, berrikuspenaren ondoren, 11. tribunalak zuzendutako probetan zero atera duten ikasleen kopurua 76tik 11ra jaitsi da, baina gehienetan notak ez dira askorik igo. Sistemak «berme guztiak» dituela esan du EHUko errektoreak.

EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea, gaurko agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea, gaurko agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko ekainaren 22a
13:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Unibertsitatean sartzeko ebaluazioko —selektibitatea— noten berrikuspena amaituta, eta behin betiko kalifikazioak argitaratuta, horien inguruko azalpenak emateko agerraldia egin dute gaur Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak eta Urtza Garai Graduko eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordeak, Gasteizen. Aurrena, EHUko Arabako campusean eman dituzte azalpenak, eta, gero, Eusko Legebiltzarreko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Batzordean. Legebiltzarrean egindako agerraldian, errektoreak onartu du zero kalifikazioen proportzioa ez dela ohikoa izan, baina ukatu du zuzenketa prozesuan arbitrariotasunik egon denik. Haren ustez, gainbegiratze prozesuak «ondo funtzionatu» du, eta jakinarazi du horrek ez dituela emaitzak askorik aldatu. Are, euskara proban zero atera zuten gehienen kalifikazioak «zerotik gertu» utzi dituztela jakinarazi du.

Polemika joan den astean piztu zen, Bilboko A ereduko bost ikastetxetako hainbat ikaslek Euskara eta Literatura II azterketan oso nota baxuak jaso zituztela salatu ostean. Ikasle askok 0 eta 2 arteko kalifikazioak lortu zituzten, eta familiek eta ikastetxeek susmoa azaldu zuten zuzenketan akats teknikoren bat egon ote zen. EHUk hasieratik baztertu zuen hori, eta azterketak aurrez ezarritako irizpideen arabera zuzendu zirela defendatu zuen.

Gaurko agerraldietan, errektoreak ulermen eta gertutasun mezua helarazi die ikasleei eta haien familiei: «Badakigu unibertsitatera sartzeko probak eta kalifikazioak argitaratzea tentsio, ziurgabetasun eta garrantzi handiko uneak direla milaka gazterentzat». Hala ere, argi utzi du ebaluazio sistema ez dela «prozedura arbitrario bat», baizik eta 534/2024 Errege Dekretuak araututako sistema bat. Haren arabera, azterketen diseinua eta zuzenketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera egiten dira, batzorde misto baten bidez, eta epaimahaiek aurrez ezarritako irizpideak aplikatzen dituzte, ez besterik.

Deialdi honetan 4.223 ikaslek eskatu dute azterketaren bat berrikusteko, eta guztira 8.127 azterketa berrikusi dituzte. Lehen eta bigarren zuzenketaren artean bi puntu edo gehiagoko aldea dagoenean, beste ebaluazio bat egiten da. Bengoetxearen esanetan, berrikuspen horiek «berme sistemaren parte» dira, eta ez dira interpretatu behar sistemaren akatsen froga gisa.

Euskara eta Literatura II irakasgaiko 11. epaimahaian, azterketak gainbegiratzeko eskatu zuten 145 ikasleen artean zero kalifikazioen kopurua 76tik 11ra jaitsi da. Hala ere, errektoreak datu horien interpretazioa ñabartu du: «Gehienetan, kalifikazio horiek ez dira nabarmen igo; zerotik gertu utzi dituzte notak». Horrenbestez, zero ateratakoen kopurua jaitsi bada ere, «kalifikazioen banaketa orokorrak ez du ia aldaketa esanguratsurik izan». Haren hitzetan, berrikuspenek batez ere «hainbat ebaluazio fintzeko eta doitzeko» balio izan dute.

EHUk gogorarazi du berrikuspen eskaerak ez dituztela egiten soilik azterketa gainditu ez duten ikasleek. Izan ere, 5etik gorako eta baita 7tik gorako kalifikazioak zituzten ikasle askok ere eskatu dute azterketak gainbegiratzeko. Horregatik, Bengoetxeak azpimarratu du berrikuspena «ikasleen eskubideen erabilera arrunta» dela, eta ez sistemaren funtzionamendu okerraren adierazle.

Euskara eta Literatura II izan da berrikuspen eskaera gehien jaso dituen irakasgaia: 1.778. Hala ere, beste hizkuntza irakasgai batzuetan ere antzeko joera izan da: 1.193 eskaera jaso ditu Lengua castellana y Literatura II ikasgaiak, eta 1.137 Ingelesak. Horregatik, errektoreak datuak «tentuz» aztertzeko eskatu du, «interpretazio sinplerik edo ondorio azkarrik» ez egiteko.

Zuzenketa prozesuaren independentzia

Zuzenketa prozesuaren independentzia defendatu du Bengoetxeak. Aurtengo deialdian 848 zuzentzaile aritu dira 41 epaimahaitan banatuta, eta horietatik %60,25 Batxilergoko ikastetxeetako irakasleak izan dira. Euskara eta Literatura II irakasgaian proportzioa handiagoa izan da oraindik: zuzentzaileen %76,4 Batxilergoko irakasleak izan dira, eta %23,53 EHUkoak.

Horren harira, Bengoetxeak ohartarazi du zilegi dela kalifikazio jakin batekin desadostasuna adieraztea, baina ez ebaluazioan parte hartu duten profesionalen lana zalantzan jartzea «ebidentzia objektiborik gabe». «Onartezina da gizarteari esatea arbitrariotasuna orokortua dela, eta ebaluazioan parte hartzen dutenen profesionaltasuna zalantzan jartzea», adierazi du.

Errektoreak berretsi du EHUren konpromisoa dela ikasle bakoitzak dagokion kalifikazioa jasotzea, «berme juridiko eta akademiko guztiekin eta aukera berdintasunean». Haren esanetan, «presio sozial, mediatiko edo politikoek ezin dituzte kalifikazioak baldintzatu», eta ebaluazioek soilik irizpide akademikoei eta legez ezarritako berrikuspen prozedurei erantzun behar diete.

Legebiltzarkideak azalpen eske

Eusko Legebiltzarreko batzordean, berriz, alderdi gehienen kritikak entzun behar izan ditu EHUko errektoreak. PPko legebiltzarkide Muriel Larreak «hutsegite oso larria» egitea egotzi dio EHUri, bai eta ikasle eta familia ugari «babesik gabe» uztea ere. Halaber, salatu du selektibitate probarekin gertatutakoak kalte egiten diola EHUren sinesgarritasunari eta hautaprobari berari ere. PPko ordezkariaren esanetan, badira B2 maila duten eta espediente akademiko «bikainak» dituzten ikasleak unibertsitatean sartu ezingo direnak. «Ezin da hizkuntza erabili talentua kanporatzeko edo oztopoak jartzeko», adierazi du. 

Sumarreko Jon Hernandezeren ustez, gertatutakoak erakusten du «arazo» bat dagoela, nahiz eta ez duen argi non dagoen arazoaren jatorria. «Ez dakigu arazoa ote den hezkuntza sistema, hizkuntza eskakizun maila edo A eredua. Baina hainbeste nota baxuak izatea ez da normala». PSE-EEko Patricia Campelok ere gertatutakoa argitzeko eskatu du, eta etorkizunean antzeko egoerarik berriz ez gertatzeko kontrolak eta neurriak indartzea galdegin. «Gardentasunak, bermeek eta lasaitasunak gidatu behar dute auzi hau».

EH Bilduko Ikoitz Arresek, berriz, azken egunotan EHUren eta euskararen aurka «presio mediatiko eta sozial handia» egon dela salatu du. Haren ustez, eztabaidak agerian utzi du hizkuntza ereduek ez dutela bermatzen euskararen ezagutza nahikoa: «A eta B ereduek ez dute balio ikasleak euskalduntzeko». Arresen iritziz, euskalduntzea bermatzen ez duen sistema baten ondorioak pairatzen ari dira ikasleak, eta, hori dela eta, Hezkuntza Sailari erantzukizunak eskatu dizkio.

EAJko Ainara Zelaiak, bestalde, errektoreari egotzi dio azalpen gutxi eman izana polemika piztu zenetik, eta zalantzan jarri du epaimahai guztiek azterketak zuzentzeko irizpideak modu homogeneoan aplikatu izana.

«Presioek ezin dituzte kalifikazioak baldintzatu»

Kritika guztien aurrean, Bengoetxeak berretsi du EHUren betebeharra dela legeak eta ezarritako prozedurak betetzea. «Euskarazko azterketa ongi formulatua egon da. Berme guztiak bete dira. Legeak dio azterketa bera egin behar dela, ikaslea zein eredutatik datorren kontuan hartu gabe, gaztelaniarekin edo ingelesarekin egiten den bezala», adierazi du. Gainera, ohartarazi du ezinezkoa dela errealitate soziolinguistikoaren arabera irizpideak moldatzea: «Modulatuko bagenitu, prebarikatzen ariko ginateke», esan du.

Azkenik, errektoreak nabarmendu du unibertsitatearen betebeharra dela aukera berdintasuna bermatzea eta kalifikazioak soilik irizpide akademikoen arabera ematea. «Presio sozial, mediatiko edo politikoek ezin dituzte ebaluazio prozesua eta kalifikazioak baldintzatu», berretsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA