Gaur egingo dute Errenteriako Udalaren hizkuntza irizpideen aurka jarritako helegitea aztertzeko epaiketa

Donostian izango da, 11:00etan; auzibidearen abiaburuak oihartzun handia izan zuen, 'Nor dago oldarraldiaren atzean?' kazetaritza lanaren ondorioz egiaztatu baitzuten propio «euskararen aurkako talde antolatu batek» bultzatuta aurkeztu zela.

Errenteriako alkate Aizpea Otaegi hizketan, martxoaren 11n. ANDONI CANELLADA / FOKU
Errenteriako alkate Aizpea Otaegi hizketan, martxoaren 11n. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2026ko irailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erabakia «bururaino» defendatuko dutela aurreratu zuen: behar diren «bitarteko guztiak» jarriko dituztela horretarako. Errenteriako alkate Aizpea Otaegik martxoaren 11n egindako adierazpenak dira, hizkuntza eskakizunen kontra jarritako helegite baten ondorioz udalak onartutako lan deialdi publiko bat auzitan zegoela-eta kazetarien aurrean egindakoak. Bezperan Argia-k argitaratutako Nor dago oldarraldiaren atzean? kazetaritza lanak jakinarazi zuen propio «euskararen aurkako talde antolatu batek» bultzatuta abiarazi zela auzibide hori, hainbat froga eman zituen hori egiaztatzeko, eta hedabideen aurrean hitza hartzea erabaki zuen alkateak. Eta iritsi zaio udalari helegitearen kontra egiteko eguna: gaur da epaiketa, 11:00etan, Donostian.  

25 administrari lanpostu hautatzeko egin zuen Errenteriako Udalak auzitan dagoen lan deialdia, eta, hori lortzeko, langile guztiek derrigorrean euskarazko C1 eskakizuna egiaztatua izan behar duela ebatzi zuen. Irizpide hori okerra zela iritzita aurkeztu zuten, hain zuzen ere, aurkako helegitea. Norbanako batek aurkeztu zuen, andrazko batek, baina Argia-k argitaratutako kazetaritza lanak egiaztatu zuen helegite horren eta beste hainbaten atzean «kanpaina antolatu bat» egon dela.  

Ezarritako hizkuntza irizpidea irmo defendatu zuen Errenteriako alkateak kazetarien aurrean egindako agerraldi hartan. «Errenteriako Udalaren urteetako ondorio koherentea da», argudiatu zuen. «Udal plangintza oso baten mandatua da, udal organoetan onartutako hainbat dokumentu aintzat hartzen dituena». Era berean, Argia-k aurrez publiko egindakoa berretsi zuen: azaldu zuen helegitea jarri zuen emakumezkoa ez dagoela lan deialdian izena emanda ere. Argia-k zenbait audioren bidez frogatu zuen ez zuela lan deialdi horretan parte hartzeko inolako interesik, eta lan deialdia gerarazteko asmoz egin zuela urratsa, era antolatu batean. Ikerketa lanaren arabera, «Osakidetza barnean antolatutako Unidas por la Libertad Linguistica» plataformako kidea da emakume hori, eta lanpostu finkoa du Osakidetzan. Kazetaritza lanak CCOO sindikatua ere lotu zuen euskararen kontrako «kanpaina» horrekin. 

Metatuz joan dira urteotan administrazio publikoaren barruan euskararen normalizazioa bultzatzea xede duten hizkuntza irizpideen kontrako auzibideak; euskararen kontrako «oldarraldi judiziala» euskalgintzaren eta instituzio publiko askoren kezka bizienetarikoa da, eta oihartzun handia izan zuen kazetaritza lan horrek. Izan ere, ehunka lagun daude lan deialdietan izena emanda, eta ez dute argi horiekin zer gertatuko den. Adibiderako, Errenteriako Udalaren aurkako helegiteak etenarazitako deialdian 860 lagun daude izena emanda. Erakunde asko, halaber, aurrez ezarritako hizkuntza irizpideak arintzen ari dira, atzetik horien kontra hel daitezkeen sententziekin arduratuta. 

Euskara, «diskriminatzailea»

Errenteriako Udalak ezarritako hizkuntza irizpideen kontrako helegitean ematen den argudioetako bat da lan deialdi horretan lanpostu guztiei C1 hizkuntza maila izateko derrigortasuna ezartzea «diskriminatzailea» dela euskara ez dakiten herritarrentzat. «Errenteriako herritarren %62,9ri galarazi egiten zaie Errenteriako Udalean administrari lanposturako sarbidea», arrazoitu dute. Gogora ekarri dute, gainera, egun jada lanpostuen %80k ezarrita daukatela euskara eskakizunaren gaineko derrigortasuna Errenteriako Udalean, eta portzentaje hori aski dela herritarrek administrazio publikoarekin harremanak euskaraz izateko duten eskubidea «bermatzeko».

Zehaztu dute, gainera, egun jada ezarrita dagoen ehuneko horrek gainditu egiten duela administrazio publikoan euskararen erabilera arautzeko ezarrita dagoen dekretuak zehazten duen derrigortasun indizea. Euskara eskakizuna zenbat lanpostutan egiaztatu behar den zehazteko erabiltzen den ehunekoa da indize hori, eta helegitean adierazi dute, egungo araudia betetze aldera, %53,99koa izan beharko lukeela. Araudi hori bera kolokan dago, hala ere. Helegitea bera aurkeztu zenetik, euskara administrazio publikoan arautzen duten legeak indargabetzeko sententzia gehiago ebatzi dira. Lehengo astekoa da azkena: EAEko Auzitegi Nagusiak ezeztatu egin du sektore publikoan euskararen erabilera arautzeko Jaurlaritzaren dekretua. 

Helegitean euskararen erabilera datuak ere erabili dituzte langile guztiei euskarazko C1 eskakizuna izateko obligazioa ezartzea beharrezkoa ez dela argudiatzeko. Hain justu ere, azaldu dute Errenterian, Eustaten arabera —etxean euskara erabiltzen duten herritarrak kontuan hartuta—, erabilera hori %27koa dela, eta kale erabilera datuak oraindik ere apalagoak direla: euskaraz ari dira herritarren %10,9. Ezagutzari ere erreparatu diote: euskaldun alfabetatuak herritarren %37,2 dira.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA