Gaur emanen dute Luhusoko auziaren epaia Parisko Zigor Auzitegian. Epaimahaiak erabaki beharko du bakegileek ETAren armagabetzea bultzatu izana zer izan ote zen, helburu terroristak zituen gaizkile talde batean parte hartzea, ala Euskal Herriko gatazkaren konponbideari ekarpena egitea. 13:30 aldera jakinaraziko dute erabakia, eta bakegileek auzitegian bertan eginen dituzte lehen balorazioak.
Apiril hasieran epaitu zituzten Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle Parisen, 2016ko abenduan Luhusoko Errekartea baserrian ETA zenaren armategiaren parte bat desaktibatzeko ekintza egiteagatik. Fiskaltzaren arabera, frogatua gelditu zen bi auzipetuek ETAren helburuen arabera jardun zutela, eta biak zigortzeko eskatu zuen: urtebeteko kartzela zigorra Mollerentzat, eta bi urtekoa Etxeberrirentzat; bi kasuetan, gibelapenarekin —bost urteko epean gisa bereko deliturik egin ezean, ez lukete bete beharko—.
Defentsak erran zuen Luhusoko ekintzan ez zela delitu penalik egon, eta errugabetzeko eskatu zuen. Izan ere, oihartzun handiko ekinaldi haren ondotik, Frantziako Gobernuak jarrera aldatzea erabaki zuen, eta bakegileekin elkarrizketak abiatu. Horren ondorioz, 2017ko apirilaren 8an gauzatu zen ETAren armagabetzea.
Epaiketan lekuko gisa deklaratu zuten Matthias Fekl Frantziako orduko Barne ministroak eta Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako orduko prefetak. Biek baieztatu zuten armagabetze prozesua bideratzeko «kooperazioa» izan zela aginte publikoaren eta bakegileen artean. Halaber, erran zuten kooperazio hori Luhusoko ekinaldiak eragin zuela. Feklek adierazi zuen Frantziako orduko presidentearen eta lehen ministroaren agindupean jardun zuela eta bakegileekin «lankidetza hertsia» izan zela. «Frantziako Legeak ez du baimentzen halako armagabetze prozesu bat aitzina eramatea. Baina bi aldeen borondatearekin eta autoritateen erabakiz, operazio handi hori gauzatu ahal izan zen, inori kalterik eragin gabe».
Etxeberri eta Molle errugabetzeko eskatu duten nazioarteko pertsona ezagunen artean da Fekl bera. Orotara, 5.000 herritarrek izenpetu zuten bi auzipetuen aldeko manifestua, hala nola Frantziako Gobernuko zortzi ministro ohik eta Frantziako 35 parlamentarik. Euskal Herriko hainbat arduradun politiko eta instituzionalek ere eman diete babesa.
Etxeberri «baikor»
Auzi saioan, Mollek baieztatu zuen Luhusoko ekinaldiaren bidez gatazka konpontzeko prozesuan aitzina egiteko borondatea zuela. «Mugaldeko eremu batekoa naiz. Tragediak ezagutu ditugu. Aitatxi eta aita errefuxiatuez arduratu dira, etxean jendea hartu dugu. Gure etxeko ateak irekiak ziren. Luhusokoa horren jarraipena da».
Etxeberri «baikor» mintzatu zen epaiketaren bukaeran, aukera eman zietelako zer, zergatik eta nola egin zuten esplikatzeko: «Ez dakit [epaileak] entzun gaituen, baina irudipen hori izan dut», adierazi zuen. Luhuson abiatutako ekinbidearen funtsa defendatu zuen, adierazita elkarrizketa beharrezkoa dela gatazkak konpontzeko. «Armagabetzea gauzatzeko modu original hori gaurko munduari mintzatzeko modu bat ere bada, kontrakoa azkeneraino lehertzeko obsesioa duten gerla logikek kalte egiten baitiote. Hori dela eta, kontakizunak eraiki eta iniziatibak hartu behar dira, bestelako aterabideei, elkarrizketari eta bakeari bide egiteko».