Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak gogor salatu ditu Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonsok Txiki eta Otaegiren inguruan esanak, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako irizpideen kontra egiten dutelako. Hain zuzen, GEBehatokiak NBEko Giza Eskubideen Batzordearen txosten bat helarazi die Hego Euskal Herriko erakunde publiko nagusiei, eta haren araberako neurriak hartzeko eskatu die, Espainiako Estatuak bere betebeharrak bete ditzan.
Giza Eskubideen Batzordeak ondorio eta gomendioen txosten bat argitaratu zuen uztailean, Espainiako egoerari erreparatuz. Hartan, erreferentzia egin zieten 6.000 tortura salaketa inguru ikertu beharrari, preskripzioa giza eskubideen urraketak ez ikertzeko baliatu ezinari, 1977ko Amnistia Legea baliogabetzeari eta zigorgabetasuna betikotzearen kontrako neurriak hartzeari. Finean, Espainiako Estatuari eskatu zion auzi horretan dituen betebeharrak bere gain hartzeko.
Alonsok Txiki eta Otaegiren inguruan esanak, baina, kontrako norabidean doaz, GEBehatokiaren esanetan. Beraz, «onartezinak» dira. Batetik, txostenak egia argitzearen eta erantzukizuna aitortzearen aldeko lana eskatzen duelako. Bestetik, Alonsoren hitzak NBEk erakundeentzat ezarritako estandarrek definitutako «neutraltasun irizpideetatik urruntzen» direlako.
Alonsoren arabera, Txikik eta Otaegik «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zuten, eta, beraz, ez dira «demokraziaren etorrera aldarrikatzen zuten ehunka eta milaka militanteren zaku berean» sartu behar. Onartu zuen frankismoaren biktimak badirela: «Prozedura militar baten bidez inolako berme judizialik gabe epaitu zituen erregimen diktatorial baten biktimak dira, noski». Baina oharra egin zuen: «Hortik askatasunaren eta diktaduraren aurkako borrokalariak zirela esatera urrats handia dago». Zergatik? «Diktaduraren aurka borrokatzen baitziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin: indarkeria, terrorea eta beldurra».
GEBehatokiaren arabera, kontuan hartu behar da frankismoko krimenen «zigorgabetasuna», baita haren biktimek —tartean Txiki eta Otaegi— duten aitortza, erreparazioa eta justizia falta ere, haien eskubidea bada ere.
Adierazpen haietatik haratago ere jo du, ordea, behatokiak. Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Legebiltzarrari, Nafarroako Parlamentuari, Gogora-ri eta EAEko eta Nafarroako arartekoei bidali die batzordearen txostena, eta eskatu die haren inguruko balorazio bat egin eta hartuko dituzten neurrien berri emateko. Hau da, zer urrats egingo dituzten Espainiako Estatuak gomendio horiek betetzeko «beharrezko neurriak har ditzan, betearazleak edo legegileak».
Izan ere, GEBehatokia «harrituta» dago ikusita nola Hego Euskal Herriko erakundeak «isilik» dauden halako txosten bat ikusita, estatuak «ostrukarena» egiten duen bitartean: «Espainiako Gobernuak nazioarteko betebeharrak ez betetzeak herrialde honetako milaka herritarri eragiten die».
Txostena Espainiako eta Kataluniako erakundeen esku ere badago. Amnesty Internationalek helarazi die Espainiakoei, eta Iridiak Kataluniakoei.