Gernika-Palestinak indar egingo du Israelgo taldea Espainiako Vueltatik kanpora dezaten

Ekintzak antolatu dituzte biharko txirrindularitza lasterketa igaroko den herrietan, eta udaletxe guztien aurrean protestak egitera deitu dute ostiralerako.

Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika, gaur, Bilboko Bolsa eraikinean egin duten prentsaurrekoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika, gaur, Bilboko Bolsa eraikinean egin duten prentsaurrekoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilbo
2025eko irailaren 2a
20:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Vuelta hasi zenetik, Palestinaren aldeko talde askok Israel Premier Tech txirrindularitza taldearen kontrako ekintzak egin dituzte, talde hori probatik kanpora dezaten. Bada, Euskal Herrira ere heldu da Vuelta; hemen izango dira gaurko eta biharko etapak, eta txirrindulariekin batera ailegatu da palestinar herriaren aldeko borrokaren oihartzuna. Bihar lasterketa Bilbotik pasatuko da, eta Gernika-Palestina herri plataforma protestara deitu du. Hitzordu nagusia Bilboko etaparen helmugan izango da, 16:30ean, baina beste ekintza batzuk antolatu dituzte ibilbidean zehar dauden herrietan.

Eneko Gerrikabeitiak eta Ibon Meñika herri plataformaren bozeramaileek argi adierazi dute Israel Premier Tech taldeak bere burua «Israelgo Estatuaren enbaxadore» gisa aurkezten duela eta, hori horrela den heinean, UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren erantzukizuna dela estatu «genozida» baten parte hartzea ekiditea. Hala ere, orain arte gauzatutako lasterketetan Palestinarekin lotutako ikurrak kendu izana eta Gazako herriaren aldeko aldarrikapenak oztopatu izana leporatu diote Vueltari. Plataformaren ordezkariek adierazi dute Vueltako antolatzaileek «ausardiaz jokatzea» nahiko luketela, talde israeldarraren parte hartzea ukatuta. «Ekiteko garaia» dela azpimarratu dute.

«Gernikako herria Palestinako herriaren ondoan egongo da beti»

JON MEÑIKA Gernika-Palestina plataformako kidea

Etaparen egunean egingo diren protestak ez dira nahikoak, plataformako kideen ustez, eta Euskal Herriko udaletxe guztien aurrean 19:00etan protesta egitera deitu dute ostiralerako. Meñikaren esanetan, protesta horien bitartez, «Euskal Herriak Palestinako egoera dela-eta sentitzen duen ezinegona» erakutsiko zaie herritarren ordezkari diren udal instituzioei.

Hitzek balio ez dutenean

Gernika-Palestinako ordezkariek hango egoera «latza» salatu dute, eta su etenaren premia azpimarratu. Ikusita Israel gosetea eragiten ari dela «elikagaietatik metro gutxi batzuetara», Gerrikaibeitiak eta Meñikak uste dute «potentzia okupatzaile bat» izanik Israelek erantzukizuna duela Palestinako herria elikagaiez eta sendagaiez hornitzeko, eta muzin egiten ari zaiola erantzukizun horri. Eledunek eskatu dute Israel egiten ari denari «genozidio» esateko, alegia, «dagokion izenaz» deitu behar zaiola gertatzen ari denari. 

Meñikak argi utzi du «egoera gero eta konplexuagoa eta sakonagoa» den arren euskal gizarteak «ez duela etsiko», eta erabakitzeko ahalmena duten instantzia guztiei Israel bakartu dezatela eskatzen jarraituko dutela. Plataformaren izenean, Europako Batasunaren jarrera ere salatu dute, Israelgo Estatua «armez hornitzen» jarraitzea «onartezina» dela uste baitute. Gauzak horrela aukera bakarra borrokan jarraitzea dela baieztatu dute.

Gernika-Palestina herri plataforma orain dela urte eta erdi sortu zuten arren, elkartearen eskariak hasierako berak dira oraindik, ordezkariek ziurtatu dutenez: su etenari bide ematea eta «giza hondamendia» amaitzea, eta Benjamin Netanyahu eta bere gobernuko kideak auzitara eramatea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.