Aurrera doa Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileen lan baldintzen inguruko negoziazio mahaia. Hilabeteetako blokeoaren ondoren, joan den ostiralean bildu ziren berriz Gipuzkoako Foru Aldundiko, patronaleko eta sindikatuetako ordezkariak; ELAren arabera, azken hilabeteetako lanuzteen ondorioz desblokeatu da negoziazioa. Bilera horretan proposamen bat aurkeztu zuen patronalak, baina, sektoreko prekaritateari aurre egiteko neurri nahikorik jasotzen ez duela argudiatuta, beste proposamen bat ondu du ELAk; besteak beste, exijitu du langile guztiei kontratu finkoak eta lanaldi osoak bermatzeko.
Gaur egin dute dokumentu hori aurkezteko prentsaurrekoa, Donostian. Ohar bidez jaso dutenez, helburu argi bat dauka azken proposamen horrek: «Sektorearen gainbeheraren eta merkantilizazioaren aurrean, lan baldintzak eta zerbitzu arreta hobetuz sektorea duintzea». Horretarako, hainbat neurri zehaztu dituzte: hala nola KPI kontsumo prezioen indizea aintzat hartuta iazko eta aurtengo soldatetan %5eko igoera bermatzea, 60 urtetik gorakoentzat lanaldia 30 ordura murriztea eta kotizazioa %100ean mantenduz adin horretatik erretiroa hartu arte soldatarik gabeko %25erainoko baimen bat eskatzeko eskubidea izatea.
Horrez gain, sektorean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko, exijitu dute 55 urtetik beherako langile guztiei euskara ikasteko baliabide ekonomikoak eta denbora ematea, baita gehiengo sindikalekin adostutako euskara planak abian jartzea ere. Neurri horiek aurkeztu ondoren, ELAk gogorarazi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari sektoreko langileen ia erdiek lanaldi partzialeko kontratuak dituztela.
ELAren arabera, datozen hiru hilabeteetan akordio bat ixteko egina dago proposamena; horren harira, aldundiari eskatu dio irakur dezala dokumentua, eta parte har dezala datorren apirilaren 23rako deitutako negoziazio mahaian.