39 urteko gizon bat atxilotu du Poliziak, haren bikotekide ohia hiltzen saiatzea egotzita. Zehazki, 44 urteko emaztekia eta haren anaia ibilgailu batek harrapatu zituen atzo arratsean, Angelun (Lapurdi). Emaztekia larri eraman zuten Baionako ospitalera.
Gidaria atzo bertan atxilotu zuten, eta geroztik ikertzen ari dira ea oinezkoak nahita harrapatu zituen. Arratsaldean jakinarazi dute indarkeria matxista leporatuta dagoela atxilo gizona, haren bikotekide ohia baitzen harrapatu zuena. Ikerketa oraindik martxan dela adierazi du Baionako Fiskaltzak.
131 hilketa 2003tik
Denera 131 emakume hil dituzte gizonek 2003tik. Haietako sei, aurten: urtarrilaren 3an, 63 urteko gizon batek bere ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia) —biktimak 84 urte zituen—; eta otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta; apirilaren 25ean Haron (Espainia) izandako hilketa matxistaren biktima Gasteizkoa zen, eta bikotekideak hil zuen, 46 urteko gizonezko batek, labana sartuta.
Gainera, maiatzaren hondarrean 43 urteko gizon batek bere 13 urteko alaba hil zuen, eta, ondoren, bere buruaz bertze egin, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera. Uztailean, berriz, 85 urteko gizon batek emaztea hil zuen —emakumeak 78 urte zituen— Zizur Nagusian (Nafarroa). Urrian izan zen seigarrena: 53 urteko emakume bat hil 47 urteko gizon batek, Zarautzen (Gipuzkoa).