78 urteko emakume bat hil zuten uztailaren 29an Zizur Nagusiko (Nafarroa) etxe batean. Auzi medikuaren txostenaren arabera, bi kolpe hartu zituen buruan, lo zegoen bitartean. Emakumearen senarra atxilotu zuten —85 urte—, hilketa matxista egotzita. Espetxeratu egin zuten. Abuztuan, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak ebatzi zuen gizonak etxean bete beharko zuela behin-behineko espetxealdia. Orain, ordea, gizona aske geratu da, 6.000 euroko bermea ordainduta.
Iruñeko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren 1. Epaitegiko epaileak atzo ebatzi zuen gizonak etxeko behin-behineko espetxealdia saihestu zezakeela 6.000 euro ordainduta, eta haren defentsak atzo bertan ordaindu zuen.
Fiskaltzak epaileari eskatu zion berme bat ezartzeko akusatuak kartzela zigorra saihestu ahal izateko. Epaileak esan du hala egin duela «legeak behartuta», fiskaltzak eskatu diolako. Fiskaltza da auziko akusazio bakarra. Ebazpenaren kontrako helegitea aurkez daiteke Probintzia Auzitegian.
Epailearen esanetan, defentsak gizona aske uzteko eskatu eta gero, fiskaltzari jakinarazi zion, eta fiskaltzak espetxealdia saihesteko aukera onartu zuen, 6.000 euroko bermea ordainduz gero. Epaileak onartu du gertakariak «oso larriak» direla.
Zinpeko epaimahai batek epaituko du akusatua. Hilketa delitu bat egotzi diote, maltzurkeria astungarriarekin.
Epaileak txosten bat eskatu die auzi medikuei, jakiteko zer osasun eta gaitasun zituen akusatuak bai emaztea hildakoan, bai auziak iraun duen bitartean.
Atxilotu bat Iruñean
32 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Iruñeko Udaltzaingoak, emazteki bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Iruñeko Buztintxuri auzoan atxilotu zuten gizona, baina erasoa Arrotxapea auzoan izan zela jakinarazi du Poliziak.
Iturri horrek berak adierazi duenez, emakume batek udaltzaingoari erran zion kalean gizon bat hurbildu zitzaiola, eta musu ematen eta ukituak egiten saiatu. Horren berri izatean, udaltzainek gizona identifikatu eta atxilo hartu zuten, sexu eraso bat egitea leporatuta.