Zizur Nagusikoa hilketa matxista izan dela baieztatu du Espainiako Gobernuak

Iragan asteartean, gizon batek ustez andrea hil zuen Zizur Nagusian. Espetxeratzeko agindua eman zuten atzo. Emakumeen Mundu Martxak protokoloa aktibatu du, eta elkarretaratzea egin du.

werf
Hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea, gaur, Zizur Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko uztailaren 31
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Iragan asteartean Zizur Nagusian (Nafarroan) izandakoa hilketa matxista izan dela baieztatu du Espainiako Berdintasun Ministerioak, eta gaitzetsi egin du. 85 urteko gizon batek ustez 78 urteko emaztea hil zuen. Gizonezkoa espetxeratzeko agindu zuten atzo. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak antolatuta, elkarretaratzea egin dute gaur, Zizur Nagusian, hilketa salatzeko eta familiari eta lagunei samina adierazteko.

Ministerioak prentsa ohar batean baieztatu du ez zegoela aurretiazko salaketarik gizon haren kontra. 2003tik indarkeria matxistagatik hil duten 130. emakumea da Euskal Herrian.

Espainiako Berdintasun Ministerioak gaitzespenik «irmoena» adierazi du, eta babesa eta elkartasuna helarazi dizkie senideei. Erakundeei eta gizarteari elkarlana eskatu diete, «garaiz iritsi eta hilketa gehiago saihesteko». Bide beretik gaitzetsi du hilketa Nafarroako Gobernuak ere; elkartasuna eta babesa agertu die, halaber, emakumearen sendiari eta hurkoei.

Zizur Nagusiko hilketa matxista ez ezik, emakumeen aurkako indarkeria adierazpen guztiak ere gaitzetsi ditu Nafarroako Gobernuak. Era berean, konpromisoa hartu du «emakumeen bizitza, askatasuna, duintasuna eta hiritartasunaren aurkako edozein bortxa» amaii dadin lanean jarraitzeko.

Aurtengo urtarrila eta ekaina artean 1.126 emakumek aurkeztu dute salaketaren bat indarkeria matxistagatik, Nafarroako Gobernuak gogora ekarri duenez.

Egiturazko beste hilketa bat

Emakumeen Mundu Martxak ere aktibatu du erailketa matxisten kontrako protokoloa, senide eta lagunei samina agertzearekin batera. Gogoratu du ez dela hilketa bakan bat: «Ez da tragedia puntual bat, sistema oso batek ahalbidetzen duen indarkeria baizik. Emakumeok* emakume* izate hutsagatik bizitza osoan jasaten dugu indarkeria hori. Izan ere, ez da kasualitatea gizonak izatea emakumeak erailtzen dituztenak sistematikoki, eta ez alderantziz». Gizartearen egiturazko arazoa dela gogoratu du. 

«Halaber, gertakari hau ezin da osasun mentalaren aitzakiapean ezkutatu. Guk ez dugu diskurtso hori elikatuko. Indarkeria matxista da, eta hilketa hau indarkeria horren egiturazko adierazpen garbia da», gehitu du.

Halakoak eragozteko urgentziazko mekanismoak martxan jartzeko eskatu du. «Egungo instituzioen pasibotasunaren eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadila eskatzen dugu».

Udalaren «arbuiorik tinkoena»

Indarkeria matxistagatiko hilketa izanez gero Zizur Nagusiko Udalak «arbuiorik tinkoena eta saminik sakonena» adierazten duela esan zuen. Adierazpen instituzionala egin zuen, eta salatu emakumeen aurkako eraso guztiak giza eskubideen aurkako eraso onartezinak direla. «Hilketa da matxismoaren adierazpenik larriena, eta gizartearen lehen mailako arazo bat, duintasunaren eta osotasun fisikoaren eta moralaren aurkakoa, batez ere emakumeek pairatzen dutena».

130 hilketa 2003tik

Denera 130 emakume hil dituzte gizonek 2003tik Euskal Herrian. Haietako bost, aurten: ekainaren 7an, gizon batek andrea hil zuen Malagan (Espainia); Bilbokoa zen. Apirilaren 25ean Haron (Espainia) izandako hilketa matxistaren biktima Gasteizkoa zen, eta bikotekideak hil zuen, 46 urteko gizonezko batek, labana sartuta. Urtarrilaren 3an, 63 urteko gizon batek ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia) —biktimak 84 urte zituen—. Otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta.

Gainera, maiatzaren amaieran 43 urteko gizon batek bere 13 urteko alaba hil zuen, eta, ondoren, bere buruaz beste egin, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.