Ertzaintzak larunbatean Loiuko aireportuan (Bizkaia) izandako jokabidea ez du erraz ahaztekoa Global Sumud Euskal Herria plataformak. Are gutxiago Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean atzo emandako azalpenak. Ertzaintza oldartu egin zitzaien Gazara iristen ahalegindu zen ontzidiko kideei, Loiun egindako ongietorrian; eta Zupiriak polizien esku hartzea justifikatu zuen, ETA eta «ezker muturra» aipatuta. Hala ere, Palestinaren aldeko ekintzaileek ez dute beren aldarrikapenak alde batera uzteko asmorik: Loiura helduko da gaur Global Sumuden lurreko konboian parte hartu duen Haizea Urkixo, eta aireportuan bertan egingo diote ongietorria, 22:45ean, Palestina askatu arte segituko dugu lelopean.
Global Sumud egitasmoko lurreko konboiko kideek eraso bat nozitu zuten herenegun Libian, eremu desmilitarizatu batean. Konboiaren iturriek jakinarazi zutenez, kolpeak eman zizkieten, eta negar gasa bota. Ez zen zauritu larririk izan, baina erabaki zuten atzera egitea, Tripoli hiriburura. Bada, Global Sumud Euskal Herria plataformak jakinarazi duenez, Haizea Urkixo konboi horretan parte hartu duen euskal herritarra gaur gauean iritsiko da Loiuko aireportura: 22:45ean jarri dute hari ongietorria egiteko ordua.
«Itsas flotilla blokeatu ostean, lurreko konboia ere blokeatu dute. Beste behin ere nazioarteko zuzenbidea urratu dute, laguntza humanitarioaren igarobide askea oztopatuz. Beste behin ere atzera egitera behartu nahi gaituzte, baina ez dugu inoiz amore emango, eta Gazara iritsiko gara», adierazi dute Global Sumud Euskal Herria plataformakoek.
Bestalde, Sirten (Libia) oraindik atxilo dauden lurreko konboiko hamar kideen egoeraz kezkatuta jarraitzen dute. Igandetik daude atxilotuta, Libia mendebaldetik ekialdera igarotzen ahalegindu zirenetik.