Gogoetak Kataluniatik eta Galiziatik

Legean egin daitezkeen erreformez aritu dira bertako eta kanpoko zenbait eragile eta aditu. Funtzio publikorako sarbiderako hizkuntza orokorra dira katalana eta galegoa, eta, ondorioz, Galiziako eta Kataluniako adituen hitzek aparteko esanahia izan dute.

Euskarazko zerbitzuaren berri emateko ikur bat, bulego batean, Gipuzkoako Diputazioan. GORKA RUBIO / FOKU
Euskarazko zerbitzuaren berri emateko ikur bat, bulego batean, Gipuzkoako Diputazioan. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko abenduaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Legebiltzarrean hizkuntza eskakizunen erreforma egiteko abian den prozeduraren barruan, hainbat aditu eta eragile ari dira solasean egunotan, eta Euskal Herriko ahotsak ez ezik, beste hizkuntza gutxitu batzuetako ordezkariak ere mintzatu dira. Katalunian eta Galizian katalana eta galegoa funtzio publikorako sarbiderako hizkuntza direla aipatzen da usu gai hau hizpide hartzean, eta horiek horrela, herrialde horietakoek egindako gogoetek interes berezia sortu dute.

Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea da Joan Ridao i Martin Bartzelonako Unibertsitatean, eta legelaria, Kataluniako Parlamentuan. Egungo hizkuntza eskakizunen sistema gainditzeko eredu batera egiteak zentzua duela azaldu du. «Arrazoizkoa iruditzen zait eskakizun orokorren sistema batera jotzea». Eusko Legebiltzarrean erregistratuta dauden bi proposamenek Konstituzioaren doktrina betetzen dutela adierazi du. EAJrena «herabeagoa» iruditu zaio: «Ez dakit benetan arazoa konponduko duen». 

«Arrazoizkoa iruditzen zait eskakizun orokorren sistema batera jotzea»

JOAN RIDAO I MARTIN Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea

Era berean, gogoratu du sarbidean hizkuntza gutxitua eskatze hutsarekin ez dela dena konpontzen. «Ez dira idealizatu behar eredu hauek ere». Euskal Herrian egungo eredua aldatzearen kontra daudenek sarri nabarmentzen dute katalanak duen errealitate soziolinguistikoa Euskal Herrikoa baino sendoagoa dela, baina katalana ere, galegoaren eran, larrialdi linguistikoan dagoela esana dute hizkuntzaren alde ari diren eragileek, eta horren zantzuak agerikoak direla gogoratu du Ridaoi i Martinek. «Egia da errealitate soziolinguistiko ezberdinak direla, baina ez dira horren ezberdinak». 

«Meritua eta gaitasuna»

Zuzenbide Administratiboko katedraduna da Alba Nogueira Santiagoko Unibertsitatean. Eredua aldatu nahi bada, «terminologietan» ere aldaketa bat egin behar dela argudiatu du. Euskararen erabilera sustatzeko neurrien aurka ebatzitako epaiak aztertu ditu, eta horietan «hizkuntza eskubideak» bazterrean utzi direla iruditzen zaio: ardatza hor jarri gabe, «enplegu publikorako sarbidea duten langileen eskubidea» lehenestera egin dela esan du, eta hori «akatsa» dela. Auzitegi Konstituzionalak ildo horretan emandako hainbat epairen kontrakoa ere badela argudiatu du, hizkuntzarekin lotutako ezagutzak egiaztatzea «merituarekin eta gaitasunarekin» lotu izan duelako auzitegi horrek.

«Administrazio publikoak gai izan behar du edozein herritarri erantzuteko; ez dakigu nor etorriko den gure leihatilara»

ALBA NOGUEIRA Zuzenbide Zibilean katedraduna

Nogueirak gogora ekarri du ezin dela legerik egin datu soziolinguistiko hutsetan oinarrituta. «Galizian ere, egoerak askotarikoak dira hiztun kopuruari begira», adierazi du. «Baina horrek ez du aldatzen erregimen linguistikoa funtzio publikorako sarbidean. Izan ere, administrazio publikoak gai izan behar du edozein herritarri erantzuteko; ez dakigu nor etorriko den gure leihatilara».

Kontra ebatzi diren sententzien ondorioz Euskal Herrian egungo ereduen eraginkortasuna kolokan dagoenez, «norabide aldaketak» zentzua duela esan du Noguerak ere, eta «lege» izaera ematea garrantzitsua dela, modu horretan Auzitegi Konstituzionalak bakarrik jarri ahal izango duelako auzitan hor jasotakoa. Gainerakoan, egungo oldarraldia apaltzen zaila izango dela uste du, eta horrek normalizazio prozesua beti «gatazkarekin» lotzeko arriskua dagoela iritzi dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.