Koofizialtasuna hitza erruz erabiltzen da hizkuntza gutxituak dituzten autonomia erkidegoetan hizkuntza horiei ematen zaien lege babesa deskribatzeko: horren bidez adierazten da, gaztelaniarekin batera, ofizialak direla hizkuntza horiek ere. Hizkuntza gutxitu horien alde ari diren eragileek, ordea, salatu ohi dute haien normalizaziorako bidean trabak izaten direla sarri, eta, haiek esaten dutena aztertuta, agerikoa da -ko aurrizkiak maizegi esan nahi duela mendekotasuna. Euskalgintzan, bereziki, areagotu egin da kezka hori urteotan, ugariak izan direlako euskararen normalizazioa lortze aldera hartutako neurrien kontra ebatzitako sententziak. Metatzen ari dira, eta salatu dute epai horien guztien ondorioz euskararen «desofizialtzea» gertatzen ari dela. Bide horretan, erabateko zentzua du Herrialde Katalanetan eta Galizian ere zer gertatzen den aztertzeak. Izan ere, estatuak zedarritutako lege esparrua bera da guztientzat, baina muga horien barruan aurrerabide gehiago egitea lortu dute Katalunian eta Galizian; bietan, adibidez, funtzio publikoan sartzeko eskabide orokorrak dira hizkuntzak gutxituak.
IKUSI GEHIAGO
Bartzelonan egin zen, joan den hilean, ELEN Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearen urteko biltzarra, eta han gaiaz jarduteko proposamena egin zien BERRIAk euskararen, galegoaren eta katalanaren alde ari diren gizarte erakundeetako ordezkariei. Solasaldira batu ziren Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxola (Urretxu, Gipuzkoa, 1991), Hizkuntzaren Aldeko Plataformako lehendakari Oscar Escuder (Bartzelona, 1968) eta Galiziera Normalizatzeko Mahaiko lehendakari Marcos Maceira (Santiago de Compostela, 1978). Hauxe da solasaldiaren emaitza:
Ofizialak dira katalana, galegoa eta euskara, gaztelaniarekin batera. Koofizialtasun deitzen den hori nola ulertzen eta garatzen da gero?
MARCOS MACEIRA: Nik uste dut azpiofizialtasuna dela. Lege aitortza bat badago, hori ukaezina da, baina, praktikan, esan nahi du beste hizkuntzak ofizialtasun gutxiagokoak direla espainiera baino. Gainera, estatuaren estrategia bat dago horretara bideratuta; hori ikusten da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako, Galiziako eta EAEko normalizazio legeen inguruan emandako ebazpenetan. Euskarari dagokionez, gainera, ahalegina egin zen esateko zer den koofizialtasuna, eta nahiko garbi utzi zuen espainiera baino ofizialtasun gutxiagoko hizkuntza bat dela. Agintzen duenaren arabera, alda daiteke portaera, oldarkorragoa izan daiteke eskuinaren partetik, baina ezkerra agintea egon denetan ere ez da aldatu. Hor ikuskera bat dago estatuaren partetik, estatuko alderdien partetik, esaten duena muga batzuk behar direla: gainditu ezin diren marra batzuk.
OSCAR ESCUDER: Nik bakarrik erantsiko nuke perbertsio linguistiko bat egin dela; izan ere, koofizial esateak esan nahi du, berez, beste hizkuntza ofizial bat dagoela: ez batak bestearen gainetik egon behar duela. Baina estatuaren partetik, beti, agintzen duenak agintzen duela, aurpegi hobea edo txarragoa jarrita, baina beti ulertarazi dute bat bestea baino ofizialagoa dela.
«Ikuskera bat dago estatuaren partetik, estatuko alderdien partetik, esaten duena muga batzuk behar direla, gainditu ezin diren muga batzuk»
MARCOS MACEIRA Galiziera Normalizatzeko Mahaiko lehendakaria
MANEX MANTXOLA: Modu pedagogikoagoan, gaia azal daiteke aurrizki hori bera pilotu eta kopilotu hitzetan aztertuta. Esan nahi dut: Espainiako Konstituzioak nagusitasun bat ezartzen du, gaztelaniaren nagusitasunaren bermatzailea da, eta, nolabait esatearren, pilotua da, eta guk, maila autonomikoan, kopilotu lanetan, gomendioak eman ditzakegu, norabide bat edo bestea hartzeko. Baina bolantea daramana, hizkuntza politika zuzentzen duena, Espainiako Konstituzioa da. Egia da Katalunian eta Galizian gehiago garatu dutela kopilotu izateko modu hori. Galizian, esaterako, aitzindari izan ziren galegoz jakiteko betebeharra parekatzeko ahaleginean: 1983an onartutako legea oinarri hartuta, galiziar guztiek dute galegoz jakiteko betebeharra. Kontua da gero Auzitegi Konstituzionalak esan zuela konstituzioaren aurkakoa zela artikulu hori. Antzeko zerbait gertatu zen Kataluniako Estatutuarekin ere; han ere jaso zen hizkuntza jasotzeko betebeharra, baina Auzitegi Konstituzionalak berrinterpretatu egin zuen, eta betebehar hori bada, baina administrazioan eta hezkuntza arloan bakarrik. Horrekin esan nahi dut guk oraindik modua dugula, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan eta bereziki Nafarroan, aurrera egiteko eta Herrialde Katalanek eta Galiziak egin dituzten aurrerabideekin parekatzeko.
MACEIRA: Arazoa ondo ikusten da estatuak herrialdeetara funtzionarioak nola bideratzen dituen aztertuta. Esaterako, epaile izateko, edo ogasuneko langile, edo guardia zibil, ezinbesteko eskakizuna da espainieraz jakitea. Esaten da, ordea, ezin dela exijitu beste hizkuntza jakitea. Lehengoan, irakurri nuen Katalunian epaien %7 ebazten direla katalanez. Galizian, berriz, Galiziako Auzitegi Nagusiaren kalkulua da 200.000 tramitetik ehun eta gutxi izaten direla galegoz.
ESCUDER: Ez da ulertu, eta ez da ulertu nahi izan, zerbitzu publikoak, eta funtzionarioen sistemak oro har, herritarren arretarako direla, eta bermatu beharreko eskubidea dela herritarrei tokian tokiko hizkuntza ofizialetan ulertzea, eta ez Salamancako gizon bat Bilbora, Bartzelonara edo Vigora lan egitera joatea. Horren muinean dagoen printzipioa zera da: Espainian, baita Espainia izan aurretik ere, arazo baten moduan ikusi dute beti aniztasun linguistikoa. Hortik eratorri da gainerako guztia.
Euskalgintzaren kezka behinenetariko bat dira euskararen normalizazioaren alde ezarritako lege irizpideak atzera botatzeko ebatzi diren sententzia ugariak. Hizkuntza gutxituei ematen zaien aitortza eskasago hori oraindik ere argiago utzi dute ebazpen horiek?
MANTXOLA: Lehen ondorioa da bigarren mailako herritar gisara uzten dituela euskaraz bizi nahi duten herritar guztiak. Horrek zerikusia du hizkuntza gutxituen gaineko analfabetismoarekin: botere judizialean, bereziki, ez dituzte ezagutzen. Guk uste dugu, oro har, Europa mailan ofentsiba orokor bat dagoela lortu diren eskubideen kontra, eta, Espainiako Estatuaren kasuan, bereziki oldarkorra dela hizkuntza eskubideen kontra. Valentzian, Galizian, Balear uharteetan-eta, adibidez, boterea eskuin muturrek dute, eta hizkuntza eskubideak murrizteko neurriak izan dira hartu dituzten lehenengotarikoak. Jarrera politikoak hain argiak ez diren tokietan, esaterako, Katalunian eta EAEn, bigarren trintxera botere judiziala izan da.
ESCUDER: Orain argiago geratzen ari den? Beti egon da argi. Ez dakit kontrako zenbat sententzia ditugun toki bakoitzean, baina beti egon da argi.
Zer iruditzen zaizkizue Euskal Herrian metatzen ari diren sententzia horiek guztiak?
ESCUDER: Zer irudituko zaizkigu ba? Gaizki. Argi dago estatuak, ahal izango balu, linguistikoki desagerraziko gintuzkeela, edo justu modu folkloriko batean utzi, ez trabarik egiteko moduan. Baina, hemen, hala ere, katalanez mintzatzen garen tokiotan, ez diegu inolako dominarik jarriko administrazio autonomiko eta udalei. Askotan gaizki egin dituzte gauzak, edo ez dituzte egin. Ondo dauden lege batzuk badira, baina ez dira konplitzen. Hemen, adibidea: 1998tik hona osasun langile guztiek, mediku eta erizainek, lanpostua ematen zaienean, egiaztatu behar dute katalanez badakitela. Baina halakorik ez da inoiz gertatu. Iruzurrezko azterketak ere egin dira: katalanaren arrastorik izan gabe C1 titulua jaso dutenak badira.
«Guri gure hizkuntzen garrantzia hutsaltze aldera esaten dizkigutenak ez dituzte gero aintzat hartzen espainiera tartean dagoenean»
OSCAR ESCUDER Hizkuntzaren Aldeko Plataformako lehendakaria
Euskal Herrian orain euskararen kontra metatzen ari den jurisprudentziaren ondorioak hel daitezke Herrialde Katalanetara eta Galiziara ere?
MACEIRA: Euskal Herrian ate bat irekitzen ari dira, jurisprudentzia bihur daitekeena, eta horixe izan daiteke, bada, esaterako, Kataluniako edo Galiziako udal baten lan eskakizunari buruzko auzibidean gailen daitekeen interpretazioa. Izan ere, azkenean, esparru horren mende gaude. Kontrara, espainiera babesteko araudia zorrotz betetzen da. Pandemian, maskara eskasia betean, maskara batzuen banaketa atzera bota zuten haien ziurtagiria ez zegoelako espaineraz. Galiziera babesteko hamabi araudi badira, eta bakar bat ez da betetzen. Eta ez dira konplitzen zailak: dena delakoa babestuko da, sustatuko da… Ekintza zehatzik eskatzen ez duten aditzak dira guztiak ere. Espainierari dagokiona, berriz, dena zorrotz betetzen da.
ESCUDER: Guri gure hizkuntzen garrantzia hutsaltze aldera esaten dizkigutenak ez dituzte gero aintzat hartzen espainiera tartean dagoenean.
MANTXOLA: Guk, de iure, onartua dugu administrazioarekin gure hizkuntzan erlazionatzeko eskubidea, baina, de facto, ez da konplitzen hori ere. Orain, gainera, ukatzen ari zaizkigu lehendik onartuta zeuden zimenduak ere, eta atzeraldia ikusten ari gara arkitektura juridikoan. Eta gu ez gara iritsi zuek duzuen arkitektura horretara ere. Funtzio publikoan sarbidea izateko hizkuntza gutxitua jakitearen eskakizuna, nik ulertu dudanarengatik, muga batzuk izan badira ere, nahiko modu baketsuan bizi izan da bai Katalunian eta bai Galizian, baita modu adostuan ere.
MACEIRA: Horren kontrako ofentsiba Feijoo iritsi zenean hasi zen batez ere. Baina era disimulatuagoan egiten zuten hauek.
MANTXOLA: Baina zuenean gaia kontsentsuan edo modu baketsuan bideratzea lortu duten talde politiko horiek berak dira gurean auzia problematizatzen ari direnak. Oraintxe bertan, legea aldatzeko proposamen bat dugu mahai gainean, funtzio publikorako sarbiderako arkitektura zuenera hurbiltzeko, eta euskara ere sarbiderako hizkuntza orokor izateko, baina kontrako bidean ari dira alderdi horiek: hezkuntzan ere hizkuntza ereduen alde ari dira, murgiltzearen kontrako kanpainan. Zuenean, Galizian eta Katalunian, hizkuntza politikaren funtsa inklusioa izan da. 1982ko Euskararen Legeak onartu zuen hizkuntza politika, ordea, segregazionista da: guk bi telebista kate ditugu, hizkuntza eredu ezberdina hezkuntzan, eta funtzio publikoan sartzeko bestelako bideak.
«Hizkuntza politikaren muinean egon den ardatza zera izan da, aitortza egitea euskaldunen hiztun komunitateari, baina haren bokazioa ez da izan erabateko normalizazioa»
MANEX MANTXOLA Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea
Eta legeria horren mugak ere ageriago geratu dira orain?
MANTXOLA: Guztiz. Eta orain da aldaketa egiteko garaia. Hizkuntza politikaren muinean egon den ardatza zera izan da, aitortza egitea euskaldunen hiztun komunitateari, baina haren bokazioa ez da izan erabateko normalizazioa, eta mundu guztiari eskaintzea bi hizkuntza ofizialak. Beste kontu bat: guk gure legeetan ez dugu inoiz izan neurri zuzentzaileak ezartzeko bokaziorik. Galiziako 83ko legean, esaten da galegoa egoera horretara iritsi dela «politika zentralistako urteen ondorioz». 92ko Kataluniako Hizkuntza Politikakoan ere, esaten da besteak beste gaztelaniaren «inposizio politiko eta legala» izan dela katalanaren egoera prekarioaren motiboa. Bi baieztapen horiek, legeen zioetan esaten dute neurri zuzentzaileak behar direla, ez biktimismoz, baizik eta justizia irizpide batez. Guk ez genuen horrelako deklaraziorik izan 82ko legean, eta, horren ondorioz, epaitegiek aukera dute neurri zuzentzaileak atzera botatzeko.
Hiru hizkuntzak batzen dituen beste gai bat ere bada: EB Europako Batasunean ofizial izateko eskabidea. Eskakizuna egina du Espainiako Gobernuak, eta ez da oraindik onartu. Maiz ozendu duzue ahotsa aldaketaren alde. Zergatik da garrantzitsua hori lortzea?
ESCUDER: Motibo askorengatik da garrantzitsua. Ez da ikusten, baina, batez ere, zera da garrantzitsua: Europako Batasunean ofizial ez izateak zaildu egiten du lurraldeetan ere hizkuntzak normal erabiltzea. Hori jendeak argi izan behar luke.
MANTXOLA: Europako zuzentarauek gero eta eragin handiagoa dute gure bizitzan, eta zuk, esaterako, egin ditzakezu zure hizkunzaren aldeko hainbat araudi, baina gero EBn ez bada hizkuntza hori aintzat hartzen, eskubide hori erdibidean geratzen da, edo neutralizatuta. Ondorioz, EBko ofizialtasun faltak desofizializatu egiten ditu eskubideak. Adimen artifizialari, digitalizazioari eta aurrera begira ditugun erronkei begira, adibidez, gero eta eragin handiagoa dute EBko araudiek, eta, ofizialtze hori gabe, gero eta atzerago geratzen ari gara. Eta Euskal Herrira begira, euskara ofizial ez den tokietan oraindik ere eragin handiagoa izango luke aldaketak, toki horietan hizkuntzaren normalizazioaren ekinbideak egiteko modua izateko, eta arlo politikoan ere ofizializazioaren alde egiteko. Kontraesanak agerian geratuko lirateke: Tuterako pertsona batek, adibidez, hitz egin ahal izango luke euskaraz Bruselarekin, baina ez bere udalarekin.