Gorriz margotutako muralaren parean egin diete omenaldia Txillardegiri eta Forcadari

Erasoa ikus zedin, ez dute atzo egindako margoketa garbitu. Urrian hildako Forcada ere omendu dute aurten, eta beste behin eskatu dute Donostiako Liburutegi Publikoari Txillardegiren izena jartzeko.

Txillardegiri eta Forcadari egindako omenaldia, gaur, Donostian, eraso egin dioten muralaren parean. JON URBE / FOKU
Txillardegiri eta Forcadari egindako omenaldia, gaur, Donostian, eraso egin dioten muralaren parean. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko urtarrilaren 11
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbat goizaldean, margo gorriarekin pintaketak egin zizkioten Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi politikari, hizkuntzalari eta idazlearen omenez Donostian jarritako muralari, eta hura garbitu gabe egin diote omenaldia gaur, erasoa ikus zedin. Asteazkenean dira hamalau urte Txillardegi hil zela, haren karietara hainbat ekitaldi antolatu ditu Txillardegi Liburutegia Kultur Ekimenak, eta gaur egin dute ekitaldi nagusia Antigua auzoko Txillardegi plazan.

Aurtengoa omenaldi bikoitza izan da, Txillardegiz gain, urrian hil zen Jone Forcada ere omendu dutelako. Andereñoa izandakoa, euskaltzalea eta hainbat kausaren aldeko militantea zen, baita Txillardegiren alarguna ere. Bere erabakiz eman zuen azken arnasa, eutanasia protokoloa aplikatu baitzioten.

Biei aurreskua egin ostean, Pako Sudupe filologo, idazle eta irakasleak hartu du hitza. Txillardegiren eta Forcadaren bizitzei errepasoa eman die, eta haien ibilbidea eta ekintzak goraipatu ditu. Txillardegik duela 60 urte idatzi zuen Huntaz eta hartaz artikuluaren pasarte bat irakurri du, eta haren ideia eta nahi politikoak izan ditu gogoan.

Jarraian, Agustina Pontestak Forcada hil zenean hari idatzitako testu bat irakurri du. Haren militantziaz, bizitzaz eta borrokez jardun da, besteak beste: «Inor aktibista izan bada, zeu izan zara azkenera arte».

Fito Rodriguez idazlearena izan da azken hitzartzea. Txillardegik utzitako ondarea azpimarratu du hark, eta adierazi du Jon Insausti Donostiako alkate berriari ere eskatuko diotela beste bilera bat, enegarrena, Donostiako Liburutegi Publikoari Txillardegiren izena jartzeko.

Lore eskaintza egin diete biei, eta amaieran kantuak eta bertsoak ere izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.