Joan den ostiralean gripearen aurkako txertoa jartzeko zentro bat ireki zuten Bilbon, gripearen txertaketa kanpaina hasi eta hiru astera. Bada, gaur, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gripearen txertoa jartzera dei egin die herritarrei.Â
Pradalesek gogoratu du aurten gripea «lehenago» eta «ohi baino indar handiagoaz» hasi dela. Hain zuzen, azken lau asteetan, 1.735 asistentzia —iaz halako hiru— eta 192 ospitalizazio —21 izan ziren iaz— erregistratu ditu Osakidetzak gripeagatik. Gainera, zortzi pertsona Zainketa Intentsiboetako Unitatean sartu dituzte.
Hiru egunetan, 14 urtetik gorako 4.799 pertsonei eman diete gripearen kontrako txertoa Bilboko zentroan. Txertaketa kanpaina osoan, 299.017 dosi eman dituzte Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan. Zahar etxeetan, berriz, egoiliarren %71k jaso dute gripearen aurkako txertoa, eta %60 inguruk koronabirusaren aurkakoa. Denera, 60 urte edo gehiagoko pertsonen %34k hartu dute gripearen kontrako dosia.
Herritar guztiei zabalik
Txertaketa kanpaina datorren astean zen herritar guztiei zabaltzekoa, baina Bizkaian eta Gipuzkoan «erregistratutako datu epidemiologikoak eta asistentzialak direla eta», bi lurralde horietan kanpaina aurreratzea erabaki du Osakidetzak. Hortaz, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztiek hitzordua eska dezakete gaurtik aurrera, Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun zentrora deituta. Araban, aitzitik, egungo planari eutsiko zaio, eta Osasun Sailak jakinarazi du intzidentziaren bilakaeraren arabera pentsatuko dela zer doikuntza egin.Â
Gripearen intzidentziari dagokionez, Bizkaia da gaur egun tasarik handiena duen lurraldea (118 kasu 100.000 biztanleko), ondoren Gipuzkoa (45,24), eta azkenik Araba (15,22). Hiru lurraldeetako batezbestekoa 100.000 biztanleko 78,58 da.Â