Ortziralean urtebete beteko da AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladak Donostiako Guardetxea okupatu eta gaztetxea martxan jarri zuenetik. Urteurrenaren atarian jakinarazi dute elkarte bat osatu dutela, eta horren izenean Guardetxearen proiektu autogestionatua eta komunitarioa aurkeztu diotela Donostiako Udalari, eraikinaren erabilera adostea helburu hartuta.Â
AZGAko kideek ohar bidez esplikatu dutenez, zenbait bilera izan dituzte udal ordezkariekin eraikinaren erabilera adosteko, baina ez dute «inolako konpromisorik» lortu. Horregatik sortu dute elkartea: «Hasieratik adierazi dugun borondatea berrestea litzateke. Gure helburu nagusia Guardetxea auzoarentzat izatea da, eta bertan martxan jarritako proiektuaren iraunkortasuna bermatu nahi dugu». Gaztetxeko kideek adierazi dute udalari dagokiola orain arduraz jokatzea eta, haiekin batera, eraikina erabiltzeko baldintzak adostea, «baita eraikinean egin beharreko egokitzapen lanen diseinua eguneratzea eta finantzaketarako baliabide ekonomikoak lortzea ere».
Guardetxeak erabilera autogestionatua izan zuen hamarkada batez, harik eta 2019an Donostiako Udalak eraikina itxi zuen arte. Proiektua berriz ere martxan jarri zutenean, udalak «errepresioaren bidez» erantzun duela salatu du AZGAk, eta gogoratu aurre egin behar izan dietela epaiketei, hura husteko saiakerei eta isunei. «Hala ere, elkartasuna antolatu eta erresistentziari eutsi diogu, eta, oztopoak oztopo, ez dute gure jardun politikoa etetea lortu», adierazi dute.Â
Halaber, erran dute urte osoan eskaintza kultural eta politikoa garatzeko aukera izan dutela, eta auzoko eta Donostiako elkarte eta gizarte mugimendu ugariren babesa dutela. «Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu urte luze honetan babesa adierazi eta laguntzera bertaratu zareten guztiei». Eta urteurren ospakizunean parte hartzera dei egin dute: larunbatean izanen da, maiatzaren 2an.Â