Guardetxeko kideen kontrako errepresioa salatu dute Donostian

Manifestazioa egin dute Parte Zaharrean. Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideei 32.000 euroko isuna ezarri diete guztira, udaletxean protesta egiteagatik.

Errepresioaren aurkako manifestazioa, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Errepresioaren aurkako manifestazioa, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena - Paulo Ostolaza
2026ko martxoaren 15a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«32.000 euroko isuna udal plenora bertaratzeagatik. Errepresiorik ez!». Mezu hori zuen pankarta hartuta, manifestazioa egin dute eguerdian Donostiako Parte Zaharrean, AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladak deituta. Guztira 32.000 euroko isuna ezarri diete Donostiako udaletxean Guardetxearen alde protesta egin zuten dozenaka gazteri, eta hori gaitzetsi dute gaur.

Hain zuzen, iazko maiatzaren hondarrean udaleko osoko bilkurara sartu ziren hainbat gazte, etxegabetze arriskuan zeudela salatzera eta horren kontra protesta egitera. Ondorioz, AZGAko kide bat atxilotu eta beste bosten kontrako prozedura judiziala abiatu zuten, eta seiak deklaratzera deitu zituzten. Desordena publikoak, autoritatearen kontrako atentatua eta lesioak egitea egozten diete, eta fiskalaren zigor eskaeren zain daude; espetxe zigorrak eskatzea espero dute.

Prozedura judizial hori aski ez, eta orain isunak iritsi zaizkiela jakinarazi zuten AZGAko kideek joan den astean: osoko bilkurara joan zen kide bakoitzari 800 euroko isuna iritsi zaio, guztira 32.000 euro batuz. «Isun hauekin, Guardetxea eta bestelako gaztetxe eta gune autogestionatuen aldeko babesa kriminalizatu nahi dute Poliziaren beste azpijoko baten bitartez, zeina, beste behin ere, gezurretan eta akusazio faltsuetan oinarritzen den», adierazi dute. Errepresio horren aurka mobilizatu dira gaur.

Salatu dute oraingoan okupazioa ez ezik elkartasuna ere zigortu nahi dutela, «AZGAren jardun politikoa oztopatu eta geldiarazteko». Ordea, adierazi dute osoko bilkurara joan zirenean «adierazpen askatasuna gauzatzea» zela beren helburua: «Hiriko alkateari bilera eskaera formala egitea, bilkura oztopatzeko inolako asmorik gabe». AZGAren arabera, ondorioa hauxe izan da: «Bilera eskatzeko aukerarik gabe, indarkeriaren bitartez osoko bilkuratik kanporatu, eta, gainera, zigor ekonomiko eta prozesu penalak gure kontra». 

Hamar urtez autogestionatua

Ez da Guardetxearen kontra zabaldutako prozedura bakarra. Izan ere, urtarrilaren 27an epaiketa bat izan zuten Donostian, gaztetxea okupatzeagatik; absolbitu egin zituzten, fiskalak berak hala eskatuta.

Guardetxea gune autogestionatua izan zen hamar urtez, harik eta 2019an Donostiako Udalak eraikina itxi zuen arte. Hutsik dago geroztik, eta gaztetxeak bilerak egiteko hainbat eskaera egin ditu, baita okupazio sinbolikoak ere, «udalarekin biltzeko eta adjudikazio baldintzak negoziatzeko asmoz». Erantzunik jasotzen ez zutenez, Maiatzaren Lehenean eraikina berreskuratu zuten, kideek orduko hartan kontatu zutenez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA