PSOEk Madrilen duen egoitza nagusian sartu da gaur Guardia Zibila, Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz. Eguerdia pasatuta sartu dira poliziak Ferraz kaleko egoitzan, horretarako baimena eman baitie legez kanpoko komisioen ordainketen auzia ikertzen ari den Leopoldo Puente epaileak. PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanen posta elektronikoaren kopia bat egiteko eskatu die.
Espainiako Garraio Ministerioan ere sartu dira guardia zibilak goizean, Jose Luis Abalos ministro ohiaren posta elektronikoaren kopia egin eta miaketa egiteko. Horrez gain, informazio gehiago biltzeko ere eskatu du epaileak. Batetik, Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileari eta Espainiako Errepideetako Zuzendaritza Nagusiari galdegin die 11 lan publikoren adjudikazioen inguruko dokumentuak ematea. Eta, bestetik, hainbat bankuri eta ogasunari galdegin die Cerdanen eta ikerketapean daudenen kontuen berri ematea hilaren 27a baino lehen.
Gorena estu hartzen ari da Cerdan, eta gain-gainean du dagoeneko. Gaur kaleratutako autoan epaileak haren ondarea ikertzeko agindu dio Guardia Zibilari, iritzi baitio nahikoa zantzu badaudela ustelkeria sare antolatu bateko kide izan zela egiaztatzeko. Are, epailearen ustez Cerdanek kudeatzen zituen legez kanpoko komisio horiek. Bada, ekainaren 30erako deitu du deklaratzera, agerraldia bost egunez atzeratzeko haren abokatuak egindako eskaera onartu eta gero. Ikertu gisa deklaratuko, ordea, eta ez borondatez; izan ere, diputatu akta entregatu zuenez jada ez da foruduna.
Ez da ustelkeria kasu horri lotuta epailearen aurrean deklaratu beharko duen bakarra izango. Izan ere, bost enpresari ere inputatu ditu Gorenak, ikertzen ari den auziarekin lotura dutelakoan. Horien artean dago, hain zuzen ere, Joseba Antxon Alonso Egurrola Servinabar enpresaren arduradun nagusia. Uztailaren 4tik 7ra bitartean deklaratu beharko dute denek.
Horrez gain, Europa Press berri agentziak jakinarazi duenez, gaur goizean Espainiako Kongresura joan da Cerdan, dimisioari lotutako zenbait izapide egitera. Besteak beste, ia 19.000 euroko kalte ordaina eskatu du, sei urte baino gehiago diputatu lanetan aritzeagatik.
Legearen arabera, diputatuek eskubidea dute hilabete bateko kalte ordaina eskatzeko agintaldiko urte bakoitzeko eta gehienez ere hogeita lau hilabeteko. Cerdanek sei urte daramatza diputatu lanetan, beraz, sei hilabeteko kalte ordaina dagokio, guztira 18.853,84 eurokoa. Kalte ordain hori jasotzea bateraezina da bertze edozein ordainsari jasotzearekin. Egun, Iñigo Errejon Sumarreko bozeramaile ohia da kalte ordain hori jasotzen ari den diputatu bakarra.
Gobernua, akusazio gisa
Nafarroako Gobernuak, bestalde, akusazio gisa aurkezteko pausoa eman du, Maria Txibite lehendakariak iragarri zuen bezala. Gobernuak iritzi dio PSOEren ustezko ustelkeria kasuak kalte egin diela erakundeari eta herritarrei. Hori dela eta, gobernua sostengatzen duten hiru alderdiek —PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak— auziko eragile izatea adostu dute.
Hiru alderdiek ezohiko bilera egin dute gaur goizean erabakia adosteko, eta ohar bidez eman dute horren berri. «Epaitzen ari diren gertakarien biktima izan daiteke Nafarroako Gobernua», adierazi dute ohar horretan. Eta zehaztu dute litekeena dela kaltea foru ogasunari egin izana, legez kanpoko komisioen ordainketan inplikatutako enpresei adjudikatu zitzaielako hainbat lan. Horrez gain, gobernuak gogora ekarri du hainbat ikerketa abiatu direla argitzeko ea gobernuak egindako edo finantzatutako herri lanen lehiaketek eta adjudikazioek komisioekin lotura ote duten.
PSN berregituratu nahian
Edonola ere, ziurgabetasuna erabatekoa da Nafarroako politikagintzan, eta ikusteko dago legealdiari eusteko moduan egongo ote den gobernua. Txibitek dimisioa emango ez duela berretsi arren, presioa gero eta handiagoa da gobernuko bazkideengan.
Bien bitartean, PSNk jakinarazi du Ainhoa Unzuk ordezkatuko duela Alzorriz Nafarroako Parlamentuan. 2015etik da parlamentaria Unzu, Soziologian lizentziaduna da, eta Laneko Arriskuen Prebentzioko Teknikaria. Unzuk adierazi duenez, Nafarroako Gobernua osatzea ahalbidetu zuen inbestidura blokea «sendo» dago: «Herritarrek eman diguten betebehar bat dugu: Nafarroaren liderrak izatea, komunitate honek dituen erronka handiak aurrera eramatea». Horrez gain, eskerrak eman dizkio Txibiteri.
Sozialisten eleduna izan da orain arte Alzorriz, baina dimisioa eman zuen asteazkenean, haren bikotekideak Servinabar enpresan lan egin zuela jakinarazi ostean. PSNko idazkariorde nagusia ere bazen Alzorriz, baina ez dago argi kargu horri eutsi egingo dioten; izan ere, Txibitek harentzat sortu zuen espresuki.
Podemosek Nafarroako Gobernua uzteko eskatu dio Begoña Alfarori
Pablo Fernandez Podemoseko Antolakuntza idazkariak eta bozeramaileordeak Nafarroako Gobernutik irteteko eskatu dio Begoña Alfaro Nafarroako hirugarren presidente eta Zurekin Nafarroako kideari. Fernandezek erran duenez, Santos Cerdanena bezalako ustelkeria kasuen aitzinean Podemosek ezin du PSOErekin gobernua partekatu. Ordea, nabarmendu du erabaki hori hartzea Alfarori eta alderdiko Nafarroako kideei dagokiela.
Bada, Alfarok erantzun dio, eta erran ez duela inoren «lezio moralik» onartuko ustelkeriaren kontrako borrokan. Diario de Noticias hedabidearen bidez egin ditu adierazpenak: «Sinisten dudan honetan lan egiten jarraituko dut, Gobernu Kontseiluan garbi dauden kontseilariekin esertzen naizelako. Estatuko zuzendaritzan dauden zenbait pertsonek ezin dute gauza bera esan. Esan nahi dudana da Pablo Iglesiasek eta Irene Monterok mahaia partekatu zutela Jose Luis Abalosekin». Gehitu du, gainera, ez zekiela Fernandezek adierazpen horiek eginen zituenik.