Pradalesek jakinarazi du azken hamar urteetako kontratuak berrikusten ari dela Jaurlaritza

Lehendakariak berriz esan du gaur-gaurkoz ez dagoela «zantzurik, informaziorik edo susmorik» pentsatzeko 'Koldo auzia' EAEraino hedatu zenik. Azpimarratu du, hala ere, «gardentasunagatik» erabaki dutela esleipenak «sakon» aztertzea.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2025eko ekainaren 20a
10:20
Entzun 00:00:0000:00:00

PSOEren ustezko ustelkeria kasuak erabat baldintzatu zuen atzo Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, eta gaurko saioak ere ezin izan dio izkin egin. Lehendakaria bera izan da, hain zuzen ere, gaia hizpidera ekarri duena, agintaldiaren lehen urteko balantzeari buruz Joseba Diez Antxustegi jeltzaleen eledunak egindako galdera baliatuta. Pradalesek jakinarazi baitu azken hamar urteetako kontratuak berrikusten ari dela Jaurlaritza, badaezpada.

Lehendakariak berretsi du gaur-gaurkoz ez dagoela «zantzurik, informaziorik edo susmorik» pentsatzeko Koldo auzia Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara hedatu zenik. Baina azpimarratu du azken egunetako «gertaera larriak» ikusita erabaki dutela kontratu publikoak «sakon» aztertzea; «gardentasunagatik, arduragatik eta zuhurtziagatik», esan du.

Pradalesek herenegun jada aurreratu zuen espero duela PSOEn azaleratu den ustelkeria kasua EAEraino ez iristea. ETB2n egin zioten elkarrizketa batean, zera esan zuen: «Nahiko nuke ikusten ari garen ezerk ez zipriztintzea Euskadi, eta ez dut informaziorik aurreikusteko hori gertatuko denik. Espero dut ezetz. Ez dago zantzurik gaur arte. Baina ikusi egin behar da, zeren eta, berriro diot: egon daitekeen guztiaren zati bat soilik ikusten ari gara».

PPk eskea egina zion Jaurlaritzari, argitu zezala administrazioak zer harreman izan duen Guardia Zibilaren txostenetan agertzen diren enpresekin; besteak beste, Servinabarrekin. Zehazki, zera eskatu zion: enpresa horri 2018tik aurrera eman zaizkion kontratu eta diru laguntza guztien berri eman zezala. Bestela esanda, Pedro Sanchez agintera iritsi zenetik gaur arte. Kontrolerako osoko bilkuran ere galdera erregistratua zuen alderdi popularrak.

Pradalesek aurrea hartu dio, ordea, eta epea zertxobait luzatzeaz gain, azpimarratu du azken egun hauetan argitaratu diren albisteekin «gogaituta» dagoela. Ohartarazi du, hala ere, ezin dela egoera baliatu «suari su» emateko eta etekina ateratzeko. Lehendakariaren hitzetan, politikan «eredugarritasuna» ezinbestekoa da, eta «erabateko gardentasuna» eskatuko du «edozein kasu susmagarri izatekotan».

ETS jomugan

Pradalesen azalpenak ez zaizkie nahikoa iruditu popularrei, eta aukera baliatu dute beste behin ere Jaurlaritzaren aurka egiteko. Santiago Lopez legebiltzarkideak iradoki du Nafarroan sorburua duen ustezko ustelkeria sareak adar bat duela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere: «Euskadi ez da salbuespena, hemen ere izan ziren legez kanpoko komisioak». Iñaki Arriola Garraio sailburu izandakoa jarri du susmopean, ETS Eusko Trenbide Sareak Accionari adjudikatutako kontratu bat aipatuta.

Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak erantzun dio akusazio larriak direla horiek, oinarririk gabekoak. Eta txarretsi egin dio ETSren nahiz Arriolaren ohorea «inolako froga edo zantzurik gabe» zalantzan jarri izana. «Mugikortasun Jasangarriko sailaren mendeko erakundeek egindako adjudikazio guztiak kontratazio publikoaren legeak diona betetzen dute, eta zorrotz errespetatzen dituzte lege horrek ezartzen dituen baldintzak», azpimarratu du.

Eta gogorarazi dio Guardia Zibilaren txostenean ez dela haren sailaren kontratu bakar bat ere agertzen. Horiek hala, xextra eta zarata areagotu nahi izatea leporatu dio sailburuak PPri, Eusko Jaurlaritzari nahiz alderdi sozialistari «min emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.