Gure Esku-k «anbizioa» eskatu die alderdiei estatutu berria dela eta

Herri mugimenduak txalotu egin du gaia berriz agenda politikora ekarri eta eztabaida «alor publikora» zabaldu delako. Hala ere, gogorarazi du herritarren aktibazioa ere beharko dela.

Gure Eskuren ekainaren 7ko mobilizazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gure Esku-ren ekainaren 7ko mobilizazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
aitor biain
2025eko irailaren 19a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko bilkuran EAEko Autonomia Estatutu berria hizpide izan eta biharamunean, Gure Esku-k burujabetzaren arloan urratsak egiteko eskatu du. Herri mugimenduak «anbizioa» eskatu die alderdi politikoei, eta gogorarazi die testu berriak «zazpi lurraldez osatutako herri libre bat eraikitzeko tresna» izan behar duela.

«Gainerako euskal lurraldeekiko harremana estutzeko eta herritarren eskubideak zaindu eta defendatzeko bide praktiko eta eraginkorrak jaso behar ditu», adierazi du ohar batean. Gure Esku-k txalotu egin du estatus berriaren auzia berriz agenda politikora ekarri eta eztabaida «alor publikora» zabaldu delako. Eta azpimarratu du herritarrek ere eztabaida horretan parte hartu behar dutela «nola edo hala».

Izan ere, gogorarazi du joan den ekainaren 7ko mobilizazioak argi erakutsi zuela egungo autogobernu maila ezberdinak ez direla nahikoak: «Erabakitzeko ahalmen gehiagoren eta handiagoaren beharra sentitzen dute herritarrek». Bada, Gure Esku-k iritzi dio, EAEn estatutu berria adostuko bada, oinarri hori aintzat hartu behar dela. «Ezinbestekoa da nazio gisa salto bat egitea».

«Gainerako euskal lurraldeekiko harremana estutzeko eta herritarren eskubideak zaindu eta defendatzeko bide praktiko eta eraginkorrak jaso behar ditu»

Eta zera erantsi du: «Funtsezkoa da, gainera, mundu mailako gaur egungo testuinguru konplexuan, akordio horrek erresilientzia kultural eta ekonomikorako tresnak aurreikustea». Horrek aukera emango duelakoan ez soilik euskara eta euskal kultura zaindu eta babesteko, baita herritarren eskubideak bermatu eta zabaltzeko ere, «etorkizun feministagoa, justuagoa, orekatuagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko».

Gure Esku-k argi du «momentu historikoa» dela hau, eta garaia baliatzeko eskatu du: «Orain da garaia: orain da etorkizuna idazteko eta aurrera egiteko garaia». Bada, alderdiei hitzetatik ekintzetara igarotzeko eskatu die: «Garai honek eskatzen duen arduraz eta ausardiaz jokatzea dagokie, euskal herritarren borondatea iparrorratz izanda».

Azkenik, herri mugimenduak gogorarazi du herritarren aktibazioa ere beharko dela bide horretan. Horrenbestez, hori lortzeko lan egingo du Gure Esku-k ikasturte honetan. Iragarri du aurreikusitako dinamikak eta gaur egungo testuinguru politikoaz aritzeko eskualdez eskualdeko batzarrak egingo dituela Euskal Herri osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.