Gutxienez hamar etxe dituen jabe batek emakume bat etxegabetu nahi du Bilbon

Ostiralean dira etxegabetzea gauzatzekoak, San Frantzisko auzoan. Azet sindikatuak kaleratzea berehala eteteko exijitu du.

AZET sindikatuaren agerraldia, gaur, Bilboko udaletxearen parean. AZET SINDIKATUA
AZET sindikatuaren agerraldia, gaur, Bilboko udaletxearen parean. AZET SINDIKATUA
Paulo Ostolaza.
2026ko urriaren 20a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 23an, ostiral honetan, egoera zaurgarrian dagoen emakume bat etxegabetzekoak dira Bilboko San Frantzisko auzoko Olano kalean. Azet etxebizitza sindikatuak salatu duenez, etxearen jabeak beste bederatzi etxe ditu gutxienez, eta maizterrari salaketa jarri zion konfinamendu garaian, hilabete batzuetan ordaintzeari utzi ziolako «ezintasun ekonomikoengatik». Ordutik, maizterra hilero ari da errenta pagatzen, baita zertxobait gehiago ere zorra kitatzeko, baina etxegabetze aginduak aurrera segitzen du.

Sindikatuko kideek agerraldia egin dute gaur Bilboko udaletxearen parean. Kontatu dutenez, saiatu dira bitartekari lanak egiten eta etxejabeari proposamenak helarazten, baina ez dute akordiorik lortu. Alokairua ordaintzen ari den arren, «alternatibarik eskaini gabe» bota nahi dute emakumea. Azetek salatu duenez, beste behin ere egoerak agerian uzten du «errentatzaileen eta espekulatzaileen interesak gure bizitzen gainetik daudela».

Emakumea 2017tik bizi da etxe horretan, eta, egoera zaurgarrian dagoenez, azken urteetan lortu du etxegabetzea atzeratzea. Oraingoan, ordea, epaileak kaleratzea gauzatzeko agindu du, eta ostiralerako ezarri du eguna, 08:30erako.

Azetek etxegabetzea bertan behera uzteko exijitu du, «ezin delako onartu bizilagun bat gehiago kalean geratzea espekulatzaileen poltsikoak betetzeko». Azaldu duenez, emakumearen abokatuak helegite bat aurkeztu du helburu horrekin, eta Espainiako Gobernuak onartu berri duen dekretua erabili dute defentsarako argudio modura. Dekretu horrek neurri berriak jasotzen ditu pertsona zaurgarriak kalean gera ez daitezen.

Erakundeen ardura

Sindikatuak esan du baduela etxegabetzea bertan behera geratzeko itxaropena, edo erakunde publikoek esku hartzekoa. Bilboko Udala interpelatu du: «Udalak, beste behin ere, kalean utzi nahi du egoera zaurgarrian dagoen pertsona bat. Argi dugu espekulatzaileen eta espekulatzaileak babesten dituzten erakundeen aurrean gehiengoa garela». EAJri eta PSE-EEri, berriz, egotzi die Euskal Herrian etxegabetzeak baimentzea nahiz eta Madrilen «etxebizitza eskubideaz ahoa beteka aritu».

Azkenik, antolatzeko eta «etxegabetze bakoitza barrikada berri bat bihurtzeko» deia egin dute, baita azaroaren 11rako deitu duten greba orokorrean parte hartzekoa ere, «etxebizitzaren negozioaren kontra eta etxebizitza eskubide unibertsalaren alde».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA