Haizea eta Sustraiak kolektiboa: «Perturren memoria militantea desagerrarazi nahi da»

Elkarteak salatu du erakunde batzuek ETA politiko-militarreko kide izandakoaren figura borroka armatua amaitzeko borondatearekin lotu nahi dutela, Perturrek berak idatzitako 'Otsagabia' txostenean ETAren jarraipenaren ingurukoak jasotzen ziren arren.

Pertur gogoratzeko manifestazioa, Donostian, 1977an. ARGIAREN FOTOTEKA
Pertur gogoratzeko manifestazioa, Donostian, 1977an. ARGIAREN FOTOTEKA
jon olano
2026ko uztailaren 21a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ostegunean 50 urte beteko dira Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETAko militantea desagerrarazi zutenetik, eta, mende erdi igaro den honetan, oraindik argitzeko dago zer gertatu zen Perturrekin eta zein izan zen bere desagerpenaren erantzulea. Urteurrenaren harira, Haizea eta Sustraiak memoria elkartea Perturren «bi desagertzeez» mintzo da, bat fisikoa eta bestea politikoa: «Perturren memoria militantea desagerrarazi nahi da». Ohar batean, kolektiboak salatu du erakunde batzuek Perturren figura «manipulatu» dutela, eta saiatzen ari direla haren «ekarpen ideologikoa» edukiz husten; zehazki, haren figura borroka armatua amaitzearen aldeko iritziarekin lotzen. Baina hori, elkartearen iritziz, «erabat zalantzagarria» da.

Pertur 1976an desagerrarazi zuten, eta ETA politiko-militarrak sei urte geroago iragarri zuen borroka armatuaren amaiera. Elkarteak gogora ekarri du Perturrek berak idatzitako Otsagabia txostena, eta argudiatu Perturren hitzetan oinarrituz ezin dela ondorioztatu borroka armatua amaitutzat emateko asmoa zegoenik: «Txostenak eta hura praktikan jartzeak EIAren sorrera ekarri zuten, baina baita erakunde politiko-militarraren jarraipena ere». Txosten hartan, ETA «lortutakoa defendatzeko eta mantentzeko bermetzat» jotzen zuen Perturrek, eta ETArekiko militantzia hori oroitarazi du Haizea eta Sustraiak elkarteak: «Pertur desagertu zenean, ETAko militantea zen. Bere ekarpen politikoetan, erakundea mantentzeko beharrari eusten zion. Egindako konkistak defendatzeko eta mantentzeko tresna bakartzat ulertzen zuen».

Kolektiboak Gogora-ren jarrera txarretsi du. Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETApm-ko kideen fusilamenduaren 50. urteurrenaren harira, memoria institutuko zuzendari Alberto Alonsok esan zuen horiek biak ezin zirela antifrankisten «zaku berean» sartu, «terrorea» baliatu zutela eta. Baina, elkartearen esanetan, Txiki eta Otaegi «Perturren lagunak» ziren, hark defendatzen eta erabiltzen zituen «metodo berak erabili zituzten», eta frankismoak Txiki eta Otaegi fusilatu eta hamar hilabetera desagerrarazi zuten Pertur: «Orain, erakunde horrek berak, gutxienez bere ordezkariaren bitartez, familiaren eta lagunen aurrean, ez du aipatzen Perturren metodoak, desagertu zenean, askatasunarekin bateraezinak zirenik. Biktimario posiblearen arabera, horrela tratatzen dute biktima».

Hortaz, taldeak Pertur «zen bezalakoa» aldarrikatzera deitu du, ETA «erakundeko kide oso kualifikatua bezala» aldarrikatzera, alegia, eta eskatu du egiaren bilaketan sakontzeko eta zer gertatu zen argitzeko.

Hipotesiak

Bi hipotesi nagusi daude Perturren desagertzearen inguruan. Batetik, Espainiako Estatuaren egiturak izan zirela erantzule: Italiako neofaxistek edo bestelako mertzenario talde batzuek bahitu zutela. Pertur desagertu eta gutxira, ATE eta Triple A taldeek euren gain hartu zuten bahiketa. ETApm-ko buruzagia hilik zegoela ere adierazi zion BVEk El Correo egunkariari egun batzuk geroago, ohar bidez. Beste hipotesi batek dio ETApm-ko talde bereziko kideek desagerrarazi zutela. Joan den astean, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak txosten bat argitaratu zuen; horretan, ondorioztatu zuten auziko frogek zera iradokitzen dutela: «Estatu egiturekin lotutako operazio bat» izan zela.

Auzia argitu dadin, Haizea eta Sustraiak taldeak giltzarritzat jo du jakitea nork jarri zion hitzordu faltsua Perturri Pausun (Lapurdi): «Aztertuz nor zen Pertur desagerrarazteko interes handiena zuena eta horretarako baliabideak zituena, posible da gertatutakora hurbildu ahal izatea. Azter dezagun nortzuk ziren Pertur atxikitzeko, galdetzeko eta desagerrarazteko gaitasuna eta interes handia zutenak, eta ziur aski egiara hurbilduko gara».

Datorren larunbat eguerdian omenduko dute Eduardo Moreno Bergaretxe, Irunen (Gipuzkoa), Etorbideko zubian.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA