Hamaikabaten Gipuzkoako bederatzi mila botoen faktorea

H1ek etzi ohiko batzarra egingo du, udal eta foru bozetarako irizpidea erabakitzeko.Kide batzuk EAJren udal zerrendetan doaz

Iñaki Galdos hizketan, 2011ko uztailean, Donostian, udal eta foru bozetako emaitzak aztertzeko H1ek egindako ezohiko batzarrean. GARI GARAIALDE / ARP.
enekoitz esnaola
2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Maiatzaren 24ko hauteskundeei buruzko inkestek, behintzat, Gipuzkoan EH Bilduren eta EAJren arteko lehia handia iragarri dute; batik bat, Donostiako Udalerako eta Batzar Nagusietarako. Baina gutxi hitz egin da duela lau urte Hamaikabat (H1) alderdiak Gipuzkoan lortutako bederatzi mila botoen faktoreaz edo balizko eraginaz. Etzi jakingo da H1ek udal eta foru hauteskundeetarako zer irizpide jarraituko duen; ohiko batzarra egingo du, Donostian daukan egoitzan (11:00).

Hamaikabateko ordezkari ohi batzuk, bederen, EAJren udal zerrendetan sartu dira: Jose Mari Burgos Errenterian eta Jaione Arratibel Donostian. 2012an Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan, berriz, EAn eta gero H1en arduradun izandako kide esanguratsu batzuek Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiaren aldeko botoa eskatu zuten. «EAJk eta Urkulluk baizik ez dituzte ziurtatzen gure herriak etorkizuna irabazteko behar dituen gidaritza eta kudeaketarako gaitasuna». 53 laguneko zerrendatik ia guztiak ziren gipuzkoarrak; haien artean zeuden Iñaki Galdos H1eko presidente ohia, Inaxio Oliveri, Leire Ereño, Iñaki Alkiza, Maite Etxaniz, presidentetza kolegiatukoak... «Guk guztiok abertzaletasun historiko eta erakundezalearen barruan lan egin dugu azken hamarkadetan», adierazi zuten.

2009an Galdosen-eta ildokoak EAtik atera, eta hauteskundeetara lehen aldiz 2011ko maiatzean aurkeztu zen Hamaikabat: udal eta forukoetan, Gipuzkoan baino ez —Araban, EAJren zerrendetan sartu ziren haren kideak—. Emaitza «txarrak» lortu zituen, aitortu zuten bezala: foru bozetan 8.662 boto (%2,58; zazpigarren indarra) eta batzarkiderik ez, eta udalekoetan, 9.270 boto (%2,75, seigarren) eta hamabi zinegotzi (Astigarraga, Hernani eta Usurbilen bina, eta Azpeiti, Beasain, Hondarribi, Legazpi, Oiartzun eta Urretxun bana). 2007an EAk, bakarrik aurkeztu zenean, Gipuzkoan 91 udal hautetsi (30.526 boto, %10,19) eta zazpi batzarkide (34.149 boto, %13,28) eskuratu zituen, bosgarren indarra izanik.

Donostian 1.400 boto 2011n

EA duela lau urte Bildu koalizioan joan zen, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozetan 119.100 boto eta 22 batzarkide lortu zituzten. Nagusitu egin zen. EAJ geratu zen bigarren, 80.864 boto eta hamalau batzarkiderekin. Orain, Gipuzkoan ez ezik Donostian ere EH Bilduren eta jeltzaleen arteko lehia iragartzen dutela eta, H1ek han, zerrendaburu Galdos zela, 1.407 boto (%1,66; zazpigarren indarra) jaso zituen, baina ez zuen zinegotzirik lortu. Bildu izan zen irabazlea, 21.110 botorekin (zortzi hautetsi) eta EAJ, laugarrena, 15.587rekin (sei aulki).

2011ko bozen ostean, ezohiko batzar bat eginda, H1 egokitu egin zuten afiliatuek, hamabi zinegotziei zerbitzua emateko eta. 2012tik urtarrilean hamabi lagunez osatutako zuzendaritza hautatu zuten. Haietako bost kidek alderdiaren presidentetza kolegiatua osatzen dute: Aitor Aranguren, Xanet Arozena, Iñaki Arratibel, Bixente Arrizabalaga eta Luismari Ormaetxeak.

Larunbateko ohiko batzarrean, maiatzeko udal eta foru hauteskundeez hitz egiteaz gain, Hamaikabaten urteko aurrekontuez ere hitz egingo dute afiliatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.