Atxiloketak

Harrerak jomugan

Jose Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte euskal preso ohien harrera ekitaldien ostean, gaia eztabaidaren erdigunean kokatzen saiatu ziren PP eta Vox. Sanchezek ere fiskaltzari eskatu zion ekitaldi haiek ikertzeko.

Jose Jabier Zabaleta 'Baldo' euskal presoa Hernanin, Zuerako kartzelatik irten ondoren. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko urtarrilaren 22a
14:32
Entzun

Euskal presoen harrerek presentzia berezia izan dute azken hilabeteetan eztabaida politikoan; batez ere, Jose Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte euskal presoei egindako harrera ekitaldien ostean. Eztabaida sutsua piztu zuten bi kasu horiek. Pedro Sanchezek, jarduneko Espainiako presidente zela, «onartezintzat» jo zituen, eta Espainiako Fiskaltzari haiek ikertzeko eskatu zion. Eusko Jaurlaritzak, ordea, adierazi zuen Madrilek eta Gasteizek «irizpide desberdinak» dituztela ekitaldi horien inguruan. Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak adierazi zuen gobernuak «biltzeko askatasunaren eta manifestazioaren» esparruan kokatzen dituela harrerak.

Harrera haiek, ordea, sona handiagoa izan zuten, eta Vox eskuin muturreko alderdiak salatu egin zituen Hernaniko eta Oñatiko alkateak eta antolatzaileak, ekintza haiengatik. Auzitegi Nazionaleko 4. Instrukzio aretoak tramiterako onartu zuen salaketa hura, AVT biktimen elkarteak aurkeztutakoarekin batera.

Foro Sozialak ere auzitan jarri zituen ongietorriak egiteko moduak. «Zatiketarako elementu» bihurtu direla adierazi zuen, eta nabarmendu «arriskuan» jartzen dituztela «presoen alorrean dauden kontsentsuak». Horregatik, harrera ekitaldi publikoak egitearen aurkako iritzia plazaratu zuen Foro Sozialak, horiek «gune itxietan» egiteko eskatuz. Kasu hartan, Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak adierazi zuen harrerak ez direla «omenaldiak».

Hilabete batzuk geroago, urrian, PPk Eusko Legebiltzarrera eraman zuen euskal presoen harreren gaia. Horiek arbuiatzearen aldeko proposamena aurkeztu zuen, eta erdibideko zuzenketa bat adostu EAJrekin, PSErekin eta Elkarrekin Podemosekin; «espetxetik irtendako ETAko presoei handikeriaz aitortza ekitaldiak egitea baztertu» zuten. Harrerak bertan behera uzteko ere eskatu zieten antolatzaileei: «Biktimekiko eta haien senideen minarekiko sentsibilitateagatik, iraganaren memoria kritikoarekiko errespetuagatik, eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko zailtasun bat gehiago eta zatiketa elementu bilatzea ekiditeagatik».

Aurretik, PPko presidente Pablo Casadok adierazia zuen euskal presoen harrerak antolatzea delitu izateko lege proposamena erregistratuko zuela Espainiako Kongresuan. Orduan, hiru urteko espetxe zigorrak eskatu zituen  harrerak antolatzen dituztenentzat.

Alderdi horrek harreren aurkako beste hainbat mugimendu ere egin ditu. 2018ko otsailean, Iñaki Igerategi eta Inaxio Otañori eginiko harreraren aurkako protesta egin zuten Andoainen (Gipuzkoa). Amaya Fernandez EAEko PPko idazkari nagusiak, Borja Senper orduko Gipuzkoako presidenteak eta beste lauzpabost kidek hartu zuten parte. Iñigo Urkulluk ere baztertu egin zuen ekitaldi hura. EAJren BBBko presidente Itxaso Atutxak, berriz, popularren jarrera kritikatu zuen, «etekin politikoa eta elektorala» atera nahi izateagatik.

Harrerak eta omenaldiak

Gaur atxilotutako Antton Lopez Ruiz eta Oihana Garmendia 2018ko martxoan ere atzeman zituen Guardia Zibilak, «terrorismoa goratzea» leporatuta. Kasu hartan, Belen Gonzalez Peñalba ETAko kide ohiaren omenaldi ekitaldiagatik izan zen —2017ko azaroan, Lazkaon (Gipuzkoa)—. Bi horiekin batera, Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitia ere atxilotu zituzten. Epaile bakar batek ere hala agindu gabe egin zuen operazioa Guardia Zibilak, deklarazioa hartzeko, eta aske utzi zituzten ordu gutxiren buruan. «Auzitegi Nazionalera txostena bidaliko dutela esan digute, baina ez dakigu beste ezer», adierazi zuen orduan Garmendiak, aske geratu ostean. «Kontakizun bakarra inposatzeko ahaleginean» kokatu zuen operazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.