Hasiera «masiboa» izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola jangeletako grebak

Balorazio ona egin dute LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, eta gogoratu dute bihar eta etzi mobilizazioak egiten jarraituko dutela: protestak egingo dituzte Eusko Jaurlaritzak hiru herrialdeetako hiriburuetan dituen lurralde ordezkaritzetan.

Eskola jangeletako langileen protesta, gaur. BERRIA
Eskola jangeletako langileen protesta, gaur. BERRIA
arantxa iraola
2026ko otsailaren 24a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Otsailaren 24rako, 25erako eta 26rako greba egunak deituta daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletan; abian da, beraz, greba, eta lehen egunean jaso duen erantzuna «handia» izan dela nabarmendu dute sindikatuek: «Masiboa». LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk, laurek diete eginda langileei grebarako deia. Mobilizazioaren atzeko «batasuna, antolaketa eta indar kolektiboa» goraipatu dituzte. Bihar mobilizazioekin jarraituko dute, protestak egingo baitituzte Eusko Jaurlaritzak hiru herrialdeetako hiriburuetan dituen lurralde ordezkaritzetan.

Gogora ekarri dituzte grebaren eskakizun nagusiak. Hiru dira. Lehena da lan hitzarmena betetzea eta soldata igoeren ordainketa osoa konplitzea. Sindikatuen arabera, ezinbestean hartu dute greba egiteko erabakia: negoziazio mahaiak hamabost bilera baino gehiago egin dituelako eta ez dutelako lortu inolako aurrerapausorik. Bigarren eskaria honako hau da: «benetako negoziazio bat» abiaraztea, lan baldintzekin lotutako «eduki zehatzak» dituena; ratioak-eta apaltzea da eskari horrekin lotutako helburuetako bat. Hirugarrenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunak nahi dituzte mahaiaren bueltan, haiekin hitzartu nahi baitute jangelen arlorako araudi berria. 

Lan baldintza kaskarrak

Langileen prekaritatea da protestarako motibo nagusietako bat. Salatu dute patronalak ez duela soldata %0,5 baino gehiago igo nahi, eta lan baldintzak oso kaskarrak direla gehiegitan. «Lanaldi partzialak, kontratu prekarioak eta beren hezkuntza ereduen aitortza falta». Sindikatuek salatu dute, baita ere, enpresek «presioa» egin dutela mobilizazioak gerarazteko. 

Grebaldia amaituta ere benetako konponbiderik ez bada, mobilizazioak egiten jarraituko dute, sindikatuek ohartarazi dutenez. Lan baldintza «duinen» defentsan antolatuta jarraitzeko «determinazioa» dute. Funtsean, jangeletako langileek «hezkuntza komunitatean» duten tokiak «aitortza» izatea da helburua. «Haien lana ez baita soilik janaria zerbitzatzea; ikasleak heztea, laguntzea eta zaintzea ere bada», gogora ekarri dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.