Haurren babeserako lege proiektuaren alde egin du Frantziako Asanbleak

Adingabeen kontrako indarkeria ezin iraungizkoa bilakatzea ekarriko luke, besteak beste. Ezkerreko diputatu gehienak abstenitu dira: salatu dute sexu indarkeriaren arloan dagoen borondate eskasa gordetzen dutela neurri errepresiboek.

Frantziako Asanblea Nazionala, Parisen, artxiboko irudi batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Frantziako Asanblea Nazionala, Parisen, artxiboko irudi batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko uztailaren 22a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Asanblea Nazionalak atzo gauean egin zuen haurren babeserako lege proiektuaren alde, lehen irakurraldian. Senatuaren aldi da orain diputatuek bozkatu duten testuaren berrestea edo eztabaidara berriz ekartzea. Batez ere, adingabeen kontrako indarkeria ezin iraungizkoa bilakatzea ekarriko luke lege berriak. Horren bidez, ezkerrak «errepresibotzat» dauzkan zenbait neurri ezarriko lirateke. Sexu indarkeriaren arloan borondate politiko eskasa dagoela gordeko lukete neurri horiek, ezkerraren ustez.

Atzoko bozketan, erraterako, 378 diputatuk egin zuten lege proiektuaren alde —eskuin muturrekoak eta eskuinekoak gehienak—, zazpik kontra, eta 173 abstenitu ziren. 2024ko legebiltzarreko bozetarako Fronte Popular Berria osatu zuten ezkerreko alderdietako diputatuak dira abstenitu zirenak, horien artean Ipar Euskal Herriko hirurak.

Hainbat gorabehera izan dira testuaren azterketan, aktualitateak gobernua eta diputatuak bultzatu baititu hainbat emendakinen aurkeztera. Hain zuzen ere, Lyhannaren aferak bazterrak inarrosi zituen ekainean, eta Frantziako justizia sistemaren porrota argitan eman zuen: susmagarri nagusia haurren kontrako sexu indarkeriagatik hirutan salatutako eta sekula aztertu gabeko gizona da; neskatilaren gorpua aurkitu dutenaz geroz, baieztatu ahal izan dute bortxatua izan zela.

Orduan abiatu zen haurren kontrako sexu indarkeriako dosier guziak berrikusteko prozesua, eta uztailaren 14an hetsi zuen Gerald Darmanin Frantziako Justizia ministroak: 85.000 bat afera zeuden dilindan auzitegi eta komisarietan, aztertzeko zain. Hala, sexu indarkerien aipamen zehatzetara mugatu dira azken egunetan haurren babeserako lege orokorra izan behar zuen legeaz izan diren eztabaidetan.

Bizi guzirako kondena

Joan den astean, neurri jakin batez solastatu ziren diputatuak: bizi guzirako kondenaren aukera serieko bortxaketak diren kasuetan 15 urte azpikoak badirelarik biktimen artean. Neurri horren kontra egin zuen ezkerrak, nagusiki. Kritikak izugarri biziak izan ziren, eta eskuinak ezkerreko diputatuei leporatu zien ildo ideologikotik egitea, hots, zigorren gogortzeari sistemikoki aurka egitea, gaiaren larritasuna kontuan hartu beharrean.

Gabrielle Cathala Frantzia Intsumisoko diputatuak, adibidez, argudiatu zuen «jakina» dela zigorren gogortzeak «deus» ez dutela aldatzen indarkeria sexistako eta sexu indarkeriako kasuetan. Bestela erranik, ezkerrak gobernuari leporatu dio neurri «errepresiboak» ezartzea urteetan ezer egin ez izana gordetzeko.

Azkenerako, hala bizi osorako konderan neurria nola erasoen iraungitze data kentzearena barne hartzen dira atzo bozkatutako haurren babeserako legean. Zehaztekoa da, orain arte, gizadiaren kontra krimenetan besterik ez dela iraungitzerik eza aplikatzen. Sebastien Lecornu Frantziako Lehen ministroak hitzeman du neurri horren «juridikoki segurtatzeko» dena ezarriko dutela plantan.

Legearen ikuspegi orokorragoari, eta, beraz, haurren babesari dagokionez, gobernuak erran zuen haurrei egiten zaien harrera familietara bideratu nahi luketela gehiago, instituzioetara baino. Bestalde, 38 milioi euro hitzemanak ditu indarkeriak jasaten dituzten haurrei harrera eginen dieten zazpi zentroren irekitzeko. Halere, iragarpenak ez ditu denak konbentzitu, bai baitakite ASE haurrentzako laguntza sozialaz arduratzen den departamenduetako zerbitzua baliabide eskasian dela aspalditik; 380.000 haurren ardura du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA