PISAren emaitzak ikusita, ELAk dio «inoiz baino beharrezkoagoak» direla lantalde egonkorrak, ratio hobeak eta murgiltze eredua

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «sakoneko neurriak» hartzeari uko egin diote, ELAren arabera. EH Bilduk esan du «bertan goxo egitea» ez dela ona, eta Sumarrek, egoera «negargarria» dela.

Ikasleak gela batean, eskolak ordenagailu bidez jasotzen. JON URBE / FOKU
Ikasleak gela batean, eskolak ordenagailu bidez jasotzen. JON URBE / FOKU
xabier martin
2026ko irailaren 9a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

PISAren azken txostenaren emaitzen inguruan mintzatu da ELA sindikatua, eta deitoratu egin du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak zuzendutako ebaluazio tresna horrek irizpide «merkantilista hutsak» erabiltzea hezkuntzaren kalitatea neurtzeko, iruditzen baitzaio «korporazio handien interesei erantzungo dien hezkuntza sistema» bat dutela helburu. Sindikatuaren arabera, horrek talka egiten du hezkuntza sistemak unibertsala eta doakoa izan behar duen ideiarekin, baita «ikasleen espiritu kritikoa» sustatzeko helburuarekin ere; hau da, «langile klasearentzat beharrezkoa» den sistemarekin.

Hegoaldeko sindikatu nagusiak uste du hezkuntza sistemak «gabezia eta erronka handiak» dituela, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak uko egiten diotela gabezia eta erronka horiei erantzuteko «sakoneko neurriak» hartzeari. ELAren ustez, baliteke hori izatea PISA azterketak agerian utzi dituen datu batzuen «kausa».

Sindikatuak urte asko daramatza inbertsio eta baliabide gehiago eskatzen, eta ohartarazi du «sistema propioa, publikoa eta euskalduna eraikitzeko beharra» dagoela: «Baina bi gobernuek Espainiako sistema merkantilistaren esku-sartzeak onartzen dituzte behin eta berriro».

ELAren arabera, Hegoaldeko hezkuntza arduradunek bi arau nagusitan oinarritzen dute beren egungo jarduna: «2023an onartutako Hezkuntza Legea eta 2025ean gainerako sindikatuekin sinatutako irakasleen lan baldintzen akordioa». Sindikatuak uste du horrek horrela jarraitzen duen bitartean ez dela hezkuntza publikoa indartuko eta ez direla egingo «segregaziori erantzuteko beharrezkoak diren sakoneko aldaketak».

Ratioak, lantaldea eta euskara

ELAk egoera salatu du: «Ratio hobekuntza nabarmenik ez dago, ezta aldaketarik ere ratio politikan. Ez orokorrean, ezta konplexutasun handiko ikastetxeetan ere. Ratioak hobetzeak ikasleen hezkuntza eta arreta hobetzea ekarriko luke, baita irakasleen lan kargak arintzea eta osasuna zaintzea ere». Gehitu du 2025eko akordioa egin zutenek ez zutela ratio hobekuntza nabarmenik jaso, eta gobernuek «irizpide murriztaileenak» ezartzen jarraitzen dutela. Horren adibide bat ere jarri du ELAk: «2026-2027ko ikasturtean Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan gutxieneko ikasle kopurua duten 62 ikasgela itxiko dituzte Gipuzkoan».

Horrez gain, sindikatuak salatu du ez dela enplegu egonkorrik bermatzen, eta hezkuntza talde egonkorrik ere ez. «Behin-behinekotasun erreala %30etik gorakoa da irakasleei dagokienez, eta milaka dira ikasturte bakoitzean ikastetxez aldatzen diren irakasleak». Enplegua egonkortzeak klaustroen egonkortasuna ekarriko luke, ELAk azaldu duenez, «ikasleen onuragarri». Konplexutasun handiko ikastetxeetan ere onuragarria litzatekeela erantsi dute.

ELArentzat «ezinbestekoa da» hezkuntza sistema publiko, propio eta euskalduna lortzea euskal gizartea kohesionatzeko. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ordea, euskarazko murgiltze ereduari «uko egin dio» hezkuntza legearen bidez.

PISA txostenaren harira, euskarazko murgiltze ereduari ere heldu dio ELAk, eta salatu ez dela ezarri, «euskal hezkuntza sistema kohesionatu baten kaltetan». Haren ustez, «ezinbestekoa da» hezkuntza sistema publiko, propio eta euskalduna lortzea euskal gizarte kohesionatzeko. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ordea, euskarazko murgiltze ereduari «uko egin dio» hezkuntza legearen bidez.

Gogoratu du, gainera, Iraleko R ikastaroak ere —euskarazko trebakuntza jasotzeko eta euskararekiko atxikimendua lantzeko tresna— bertan behera utzi dituela ikasturte honetan. Era berean, nabarmendu du digitalizazioarekin lotuta ELAk egindako proposamena baztertu egin zutela hezkuntza legearen eztabaida izan zenean, eta ez zutela argitu zer neurritan eragin dezakeen digitalizazioak PISAren emaitzetan. Prozesu hori «ikasleen, heziketaren eta herritarren zerbitzura jartzeko» eskatu zuen sindikatuak.

EH Bilduk ere hitz egin du gaiari buruz gaur, baina askorik sakondu gabe; izan ere, Pello Otxandiano koalizioko Eusko Legebiltzarreko eledunak eta Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak bilera izan dute, Pradalesek alderdiekin antolatu duen bilera sortaren barruan, eta, batzar osteko agerraldian, gai askori heldu dio Otxandianok. Emaitza «izugarri txarrak» izan direla esan du, eta Hezkuntza Sailak «hausnarketa sakona» egin beharko lukeela erantzunen bila. Koalizio abertzaleko eledunaren ustez, «lehendakariak ere» esku hartu beharko luke. «Presazkoa da antzematea zer gertatzen ari den euskal hezkuntza sisteman horrelako emaitzak azaleratzeko». Eta erantsi du «bertan goxo egitea» ez dela formula ona.

Sumarrentzat, «negargarria»

Sumarrek ere heldu dio PISAren auziari. Jon Hernandez Eusko Legebiltzarreko ordezkariaren arabera, Jaurlaritzaren hezkuntza politikaren «argazki negargarria» erakutsi dute emaitzek, eta agerian utzi dute beharrezkoa dela sisteman aldaketak egitea. Hernandezek ohartarazi du atzerakada hori ezin dela «soilik kanpoko faktoreen bidez» azaldu, eta EAJren eta PSE-EEren Gobernuari eskatu dio alde batera uzteko bertan goxo egiteko jarrera.

«PISAk hautsi egin du Jaurlaritzak helarazten digun kontakizuna. Euskadik beste lurralde batzuek baino baliabide gehiago ditu, eta baldintza hobeak abiapuntuan, eta, hala ere, hezkuntza emaitzen narriadura bereziki larria da. Ez dugu aitzakia gehiagorik behar, azalpenak eta aldaketak baizik», esan du Sumarreko eledunak.

Txostenaren emaitzak okertzeko joera orokorra izan da, baina joera horren atzean ez ezkutatzeko eskatu die Hernandezek Jaurlaritzako arduradunei: «Ezin gara konformatu emaitzek toki guztietan okerrera egiten dutela esanda. Beste lurralde batzuek baino atzerago egin dugu, ustez baldintza hobeak izan arren. Jaurlaritzak zerk huts egiten duen aztertzeko eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko betebeharra du».

Hala, ezkerreko koalizio horrek legez besteko proposamen bat erregistratu du, euskal hezkuntza sistemaren etorkizunari buruzko hausnarketa eta azterketa «independente, zientifiko eta plurala» bultzatzeko.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA