Ikasturte hasieran «gabeziak ezkutatzen eta asmo onak saltzen» segitzea egotzi dio Steilasek Jaurlaritzari

Gabezien artean sindikatuak nabarmendu du ikasturte honetan ez direla eskainiko Irale programaren bidez irakasleak euskararen eta euskal kulturaren inguruan trebatzeko egiten ziren murgiltze ikastaroak.

Ikasturtea hasteko atzo Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Amurrioko Mendiko Eskolan egindako agerraldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ikasturtea hasteko atzo Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Amurrioko Mendiko Eskolan egindako agerraldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2026ko irailaren 8a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Steilas sindikatuak, ikasturte hasieraren harira, Eusko Jaurlaritzari egotzi dio «propagandarako makineria» martxan jartzea eta «titularretan eta iragarpen handietan» jartzea indarra, hezkuntza sistemak behar dituen sakoneko zenbait aldaketari erreparatu gabe. Prentsa ohar batean zabaldu du mezua sindikatuak, atzo ikasturte hasieraren harira Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak esan zituenei erantzuna emateko asmoz. Izan ere, Steilaseko kideen ustez, «gabeziak ezkutatzen eta asmo onak saltzen» segitzen du. 

Hezkuntza Saileko ordezkariek, esaterako, sarri nabarmendu dute ikasturte honetan hizkuntza kudeatzaileak hasiko direla lanean ikastetxeetan, eta haien bidez beren hizkuntza planak garatu ahal izango dituztela eskolek, tokian tokiko premiei propio erreparatuta. Steilaseko ordezkariek gogora ekarri dute, ordea, gabezia ageriko bat ere izango dela ikasturte honetan: ez dira eskainiko Irale programaren bidez irakasleak euskararen eta euskal kulturaren inguruan trebatzeko egiten ziren murgiltze ikastaroak.

Hezi+ programa ere hizpide izan dute hezkuntza arduradunek, baina Steilaseko ordezkariek gogoratu dute ez dela guztiz berria; zehaztu dute lehendik ere bazela Hezi+ programaren «pareko» bat: Hedatze. Horrez gain, gogorarazi dute Hezi+ adostasunik gabe ezarriko dela, eta programa horren aurkako jarreraren atzean zer dagoen ere azaldu dute: «Lan akordioan ezarri zen ordu banaketa urratzen du». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA