Helduen euskalduntzean, «urrats esanguratsua»

AEKk eta IKAk ontzat jo dute helduen euskalduntzea doakoa izateko Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurria, Euskara Bonua: «Jarrai dezatela norabide honetan».

Ikasle batzuk Errenteriako AEKko Xenpelar euskaltegian, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ikasle batzuk Errenteriako AEKko Xenpelar euskaltegian, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Usurbil
2026ko maiatzaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara doan ikasi ahal izatea, dirurik aurreratu gabe eta maila gainditu beharrik gabe. Euskalgintzaren eta, bereziki, helduen euskalduntzean diharduten eragileen eskaera historikoetako bat da. Eusko Jaurlaritzak bide horretan pauso bat eman du berriki, pauso esanguratsu bat: Euskara Bonua jarriko dute martxan, hots, 120 euro ordainduta lau urtez euskara ikasteko aukera.

Begi onez ikusi du sektoreak erabakia. AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea da Aize Otaño: «Berri pozgarria da, urrats esanguratsua iruditzen zaigu. Azkenean, guk doakotasuna ulertzen dugun modutik oso gertu dago, norabide horretan lehen pausoa eman dute. Pozik gaude, ontzat jotzen dugu». Bat egin du Imanol Mirandak, Gasteizko IKAko zuzendaritzako kideak: «Aurrerapausoa da; horri bai dei diezaiokegula benetako doakotasuna, edo, behintzat, sektoreak urteetan eskatu duen doakotasuna».

Oraindik ez dute behin betiko ebazpenik, baina badute zehaztapen batzuen berri. Otañok azaldu duenez, 120 euro ordainduta, ikasleek B1A2 mailara arte —B1 bi azpimailatan banatzen da: B1A2 eta B1B1— euskara ikasi ahal izango dute. Ordu kopuru jakin bat eta epe bat izango dituzte horretarako; adibidez, hutsetik hasi nahi duen batek 720 ordu eta lau ikasturte izango ditu ikasteko; ordu kopurua eta epea aldatu egiten dira abiapuntuko mailaren arabera. Aurten Jaurlaritzaren diru laguntza jaso duten A1 eta A2 mailako ikasleek ez dute ezer ordaindu beharrik izango: «Automatikoki sistema honetan sartuko dira».

Doakotasuna eta malgutasuna. Bi abantaila horiek ikusten dizkiote Jaurlaritzaren erabakiari. Izan ere, ikasleek ordu horiek nahieran erabili ahal izango dituzte, Mirandak esan duenez: «Ikasleari malgutasuna ematen diote erabakitzeko zenbat ordu gastatu ikasturte batean eta zenbat utzi hurrengoetarako». Maila bera behin baino gehiagotan egin nahi izanez gero ere, ez da arazorik egongo. Otaño: «Ez da eskoletara joatearekin eta gainditzearekin lotuko. Oso pozik gaude, euskara ikastea doakoa bihurtzeaz gain irisgarriagoa ere egingo duelako».

«Oso pozik gaude, euskara ikastea doakoa bihurtzeaz gain irisgarriagoa ere egingo duelako»

AIZE OTAÑO AEKko Nazio Kontseiluko kidea

Alabaina, oro ez da urre. Otañok eta Mirandak azaldu dutenez, B1 maila bi azpimailatan banatzen da, eta hurrengo ikasturtean lehenengo azpimaila baino ez da sartuko doakotasun programan. Miranda: «Ulertzen dugu, agian, Jaurlaritzak tentuz gastatu behar duela dirua, baina lehenengo A1 etorri zen; gero, A2; eta, orain, espero genuen B1 osorik etortzea».

Zenbait urteko bidea

Hain zuzen, Jaurlaritza orain dela hiru ikasturte hasi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskara ikastea doakoa izateko bidea urratzen. Harrezkero, C1 maila egitea merkeagoa da 16-18 urte bitarteko gazteentzat —Jaurlaritzak sektoreari jakinarazi dio eutsi egingo diola horri—, diru pixka bat aurreratu behar badute ere; progresiboki neurri bera hartu dute A1 mailan eta A2 mailan. Alta, maila bakoitzeko diru laguntza behin bakarrik eska zitekeen; hots, edozein motibo tarteko ikasleek euskaltegia uzten bazuten, hurrengo ikasturtean ez zuten berriz laguntza eskuratzerik, maila berean izena emanda behintzat. Orain, neurri hori bertan behera geratuko da. Halaber, bazegoen beste irizpide bat ere indarrean: ikasleek lau eskola ordutik hirutan joan joan behar zuten, gutxienez.

Jaurlaritzaren neurri horiek izan dute eragina; Otañoren hitzetan, «herritar gehiago» joan izan zaie euskara ikastera, eta espero dute orain «askoz ere gehiago» joango zaizkiela: «Pozgarria da». Baina horiei guztiei ongietorria egiteko baliabideak galdegin ditu: «Euskaltegiok, eskaera horri erantzuteko, baliabide ekonomikoez gain, bestelako baliabide batzuk ere beharko ditugu: irakasleak, formakuntza, lekuak...».

«Horrelako planak jartzearekin batera, beharrezkoa da sentsibilizazio kanpaina indartsuak egitea»

IMANOL MIRANDA Gasteizko IKAko zuzendaritzako kidea

Orain, doakotasunaren bidean aurrera jarraitzeko eskatu diote AEKko nahiz IKAko ordezkariek. Otaño: «Urrats gehiago nahi ditugu, C1 mailara arteko ikasprozesu guztia doakoa eta irisgarria izatea ahalik eta azkarren. Bidea hau da, lehen urratsa egin dute; jarrai dezatela norabide honetan». Mirandak nabarmendu du funtsezkoa izango dela herritarrak sentsibilizatzea ere: «Gure sektorean berri hau oihartzun handia izaten ari da, baina ez dakigu gizartean zenbateraino zabalduko den. Horrelako planak jartzearekin batera, beharrezkoa da gobernuak sentsibilizazio kanpaina indartsuak egitea, benetan jendea hurbildu dadin eta erantzuna egindako ahaleginaren tamainakoa izan dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA