Helegitea jarri dute Josu Urrutikoetxearen abokatuek, eta hura Espainiara bidaltzeko aukerak eten dituzte oraingoz

Urrutikoetxea errugabetzat jo zuen Parisko Dei Auzitegiak, baina defentsak uste du epai idatzian agertzen diren hainbat baieztapenek «kalte» egin diezaioketela etorkizunean. Hilabete batzuen buruan eman beharko du erabakia Frantziako Kasazio Auzitegiak.

Josu Urrutikoetxea, Donibane Lohitzunen, joan den astean. PATXI BELTZAIZ
Josu Urrutikoetxea, Donibane Lohitzunen, joan den astean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko uztailaren 13a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete batzuk irabaziko ditu Josu Urrutikoetxeak. Parisko Dei Auzitegiak errugabetzat jo bazuen ere, haren abokatuek jakinarazi dute erabakiaren kontrako helegitea jarri dutela. Argudiatu dute epai idatzian agertzen diren hainbat baieztapenek etorkizunean «kalte» egin diezaioketela Urrutikoetxeari, hala nola Espainian haren kontra irekiak dituzten bi auzibideetan. Hilabete batzuetako epean aztertu beharko du helegitea Frantziako Kasazio Auzitegiak, eta anartean ez dute Urrutikoetxea Espainiara bidaltzen ahalko. 

Lauren Pasquet-Marinacce defentsako abokatuak erran du «justifikatua» dela Urrutikoetxea errugabetzat jo izana. «Baina ebazpenak arazoak sortzen ditu: epaimahaiak Urrutikoetxea jaunaren errugabetasun presuntzioa larriki urratzen du behin baino gehiagotan, eta horrek kalte egin liezaioke Espainian indarrean dauden prozeduretan».

Idatzian agertzen diren bi elementutan jarri dute azpimarra Urrutikoetxearen abokatuek. Batetik, dokumentuan jarria dago 2021ean zigortua izan zela, eta hori okerra da: errugabetzat jo zuen Parisko Zigor Auzitegiak. Bestetik, baieztatzen dute ETAren «zuzendaritza batzordeko» kide izan zela David Pla eta Iratxe Sorozabalen alboan; «Inolako froga elementurik gabe», zuzendu du Pasquet-Marinaccek. 

Izaera «terrorista» ezbaian

23 orrialde ditu Parisko Dei Auzitegiko epaimahaiak idatzi duen epaiak. BERRIAk esku artean izan duen dokumentua zentzu anitzetan da deigarria, goitik behera iraultzen baitu gaur arte Frantziako Justiziak «terrorismoaren» aurkako auzibideetan izan duen doktrina. Izan ere, 2002 eta 2005 artean helburu «terroristak» dituen gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta epaitu zuen Urrutikoetxea, eta honek epaiketan aitortu zuen epealdi horretan ETAko kide izan zela. Baina epaiak baieztatzen du kidetza hori ez dela nahikoa «helburu terroristak» frogatzeko, eta kontuan hartu behar direla epaituaren «jarrera eta ibilbidea».

Honela idazten dute 22. orrialdean: «Kasu honetan, nahiz eta Jose Antonio Urrutikoetxea ETAko kide aktibo bilakatu zen 1971n, bertan aktibo izan zen eta 2006an erakundea ofizialki utzi zuen, prozeduran agertzen diren elementuek, testigantzek, gertakari historikoekin dauden bat egiteek eta, ororen buru, auzipetuak epaitegiaren aitzinean egin dituen adierazpenek frogatzen dute behin mugimenduaren barnean leku bat aitortua izanik modu jarraikian lan egin duela bake prozesu bat ezarri eta bortizkeriak gelditzeko, 1980ko urteetatik aitzina».

Horrez gain, epaiak gehitzen du ETAren jarduera politikoan eta nazioartekoan aritu zela. «Barnean zein kanpoan aitortza zuen, solaskide sinesgarri gisara». Baieztatzen dute 1987tik Aljerreko negoziazioetan parte hartu zuela, eta baita ondotik izan diren elkarrizketa saiakeretan ere. «Haren gain utzi zuten 2018an ETAren desegitea iragartzea. Prozedurak zein bere ibilbideak erakusten dute konstantzia bat izan duela, eta bereziki unibokoa auziperatua izan den epe horretan».

Baina beste hainbat zatitan datu okerrak ematen dituzte ETAren historiari eta Urrutikoetxearen ibilbideari buruz, eta hainbat kontradikzio ere badaude dokumentuan. Baieztapen modura ageri da adibidez Urrutikoetxeak Luis Herguetaren hilketan parte hartu zuela. ETA-PMek aldarrikatu zuen ekintza, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean ere bertan behera utzi zuten Urrutikoetxearen kontra abiatutako auzibidea.

Hilabete gutxiko epea

Legez, Frantziako prozedurak osoki bukatu behar dira Urrutikoetxea Espainiako Estatura kanporatu ahal izateko. Defentsako abokatuek Frantziako Kasazio Auzitegian abiatu duten prozedurak behin-behinean eten egin du aukera hori. Bospasei hilabete iragan litezke auzitegi gorenak helegitea aztertzen duen bitartean. Pentsatzekoa da tarte horretan, bereak eta bi eginen dituztela Urrutikoetxea Espainiaren esku uzteari trabak jartzeko.

Gaur-gaurkoz, haren kontrako bi eskaera daude indarrean: estradizio bat —Zaragozako atentatuari lotua— eta euroagindu bat —herriko tabernena— . Abenduan, Josu Urrutikoetxearen kontrako beste euroagindu eskaera bat egin zuen Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, herriko tabernen auziarekin lotuta egindakoa zabaltzeko eskatuta. 2002tik 2019ra arte ETAren buru nagusietako bat izatea egozten dio. Ekain hasieran ontzat eman zuten Espainiaren eskaera Parisen, baina defentsak helegitea jarri zuen. Aste honetan eman beharra dute erabakia. Kasazio Auzitegiko prozedura argitu bitartean, kanporatzeko agindu horiek berrikusteko prozedura izan lezakete Urrutikoetxearen abokatuek.

Beste bidea politikoa izan liteke. Urrutikoetxeak ETAren izenean solaskide gisa jardun izan du hainbat elkarrizketa saiakeratan. Negoziatzaileen figura horri babes diplomatikoa eman izan zaio nazioartean. 2021ean nazioarteko 375 aditu eta eragileren babesa jaso zuen Urrutikoetxeak. 2020an, asilo eskaera egin zioten haren abokatuek Frantziari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA