Hezkuntzako eragile nagusiek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluaren biharko mobilizazioekin

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, IAS eta Ikama ikasle antolakundeek, Euskal Herriko ikastolek, BIGE eta Denon Eskola federazioek, eta EHUren Leioako, Gasteizko eta Donostiako euskara taldeek biharko mobilizazioei atxikiko zaizkiela adierazi dute.

Oldarraldiaren aurkako protesta, Galdakaon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Oldarraldiaren aurkako protesta, Galdakaon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2026ko uztailaren 1a
15:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskalgintzaren Kontseiluak Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat lelopean egingo ditu protestak bihar, unibertsitatera sartzeko probako euskarako azterketan zenbait ikaslek ateratako nota eskasen harira «hezkuntzara hedatutako» oldarraldia salatzeko. Deialdiarekin bat egin dute hezkuntza eremuko eragile nagusiek: ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, IAS eta Ikama ikasle antolakundeek, Euskal Herriko ikastolek, BIGE eta Denon Eskola federazioek, eta EHUren Leioako, Gasteizko eta Donostiako euskara taldeek.

Zehazki, Bilboko auzitegien azken epaia «aspalditik datorren» euskararen kontrako oldarraldi judizial betean kokatu du Kontseiluak: hizkuntzaren normalizazioa eragozteko eta «desofizializazioan sakontzeko» saiakera jarraituan.

Izan ere, Euskara eta Literaturako azterketa berrikusteko eskatu duten ikasleen nota aintzat ez hartzeak ondorio gordina duela ohartarazi dute: «Euskarari uko egitea saritu eta pribilegiatzea». Horrek argi erakusten du botere judizialak euskara modu sistematikoan gutxiesten duela, Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi duenez. Hala ere, Kontseiluak EAEko hezkuntzako hizkuntza ereduen sisteman jarri du fokua: «milaka ikasle gutxieneko euskara maila lortzetik kanpo» uzten baititu. 

Horiek horrela, Kontseiluak mobilizatzeko deia luzatu die «euskararen eta justizia sozialaren zein berdintasunaren aldeko» herritar guztiei. Hiru arrazoi eman ditu mobilizatzeko: batetik, euskararen «gutxiespen sistematikoa» eta haren kontrako oldarraldi judiziala salatzea; bestetik, gaurko hizkuntza ereduen sistema gainditzeko eta ikasle oro euskararen jabe egitea bermatuko duen eredu orokortua defendatzea; eta azkenik, euskara larrialdi egoeratik atera eta haren normalizazio eta biziberritzean pausoak ematea.

Hori guztia aldarrikatzeko irtengo dira kalera. 12:00etan egingo dituzte protestak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan: Gasteizko EHUren Letren Fakultateko sarreran, Bilboko EHUren Ingeniaritza Eskolaren aurrean, eta Donostiako EHUren Karlos Santamaria Zentroaren atarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA