Arratsaldean berriro bilduko dira sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila

Sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez zuten lortu ados jartzea atzoko negoziazio mahaian, ezta gaur goizekoan ere. Jaurlaritzak beste proposamen bat helarazi die sindikatuei gaurko bilerarako.

Sindikatuen protesta, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Sindikatuen protesta, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko maiatzaren 9a
12:59
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzokoak ere ez. Sindikatuen ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ordu eta erdi inguru pasatu zuten bilduta, negoziazio mahaian hizketan. Akordio bat erdietsi nahi zuten, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako irakasleek lan akordio berri bat izan dezaten. Baina oraingoan ere ez dute lortu. Horrenbestez, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek —Interinok Taldea ere batuta dago deialdira— greba deialdiari eutsi diote: astebeteko lanuztea egingo dute datorren astean, astelehenetik ostiralera. Oraingoz. Izan ere, gaur, 12:00etan, berriro bildu da negoziazio mahaia; hor ere ez dute lortu ados jartzea, eta arratsaldean beste bilera bat egingo dute: 15:30ean.

Ikuskizun zegoen zer gertatuko zen. Bazegoen jakin-mina. Eta Hezkuntza Sailak bazuen esperantza ados jartzeko. Begoña Pedrosa sailburuak herenegun iragarri zuen atzo bilduko zela negoziazio mahaia eta beste proposamen bat jarriko zutela mahaigainean. Lau neurri aurreratu zituen. Bat: Lehen Hezkuntzako ratioak 22 ikaslera jaistea. Bi: ikastetxe publiko guztietan irakasle gehiago jartzea. Hiru: hizkuntza proiektuetarako aholkulari gehiago jartzea. Eta lau: irakasleentzako «bidezko ordainsari proposamena», eta «testuingururik zorrotzenetan edo konplexuenetan» lan egiten duten irakasleentzako «berariazko errekonozimendua». Ez da nahikoa izan. «Ez gara negoziazio mahaitik altxatuko etorkizunera begirako akordio serio bat lortu arte», nabarmendu zuen Pedrosak asteartean. Baina altxatu dira.

Alta, sindikatuak ezkorrago mintzo ziren hasiera-hasieratik. Bilera iragarri bezain pronto esan zuten komunikabideen bidez izan zutela horren berriz, eta salatu zuten horiek ez zirela moduak. Halaber, gaitzetsi zuten ez zituztela proposamenak idatziz jaso. Atzo goizean ere antzera zeudela jakinarazi dute. «Sindikatuak proposamenaren berri jakin gabe doaz EAEko hezkuntza publikoko irakasleen negoziazio mahaira», ziurtatu du LABek. Desadostasuna adierazteko, protesta egin dute atzo goizean Steilasek, LABek, ELAk eta CCOOk, Eusko Legebiltzarraren atarian.

Behin bilera amaituta ere, nahiko ezkor hitz egin dute. LABen irudiko, Hezkuntza Sailak «aldaketa gutxi batzuk» txertatu ditu proposamenean: «LABek ez ditu nahikotzat jotzen». Are, atzerapauso batzuk ere ikusi dituzte; hala nola langile taldeak gaztetzeko atalean, aurretik jasotako lizentziak hiru hilabete gutxiagoko iraupena du orain. Gainera: «Soldatari dagokionez, ez da jasotzen Hezkuntza Sailak martxoaren 24aren ondoren publiko egindako aurreakordio proposamenean eskainitako baldintzarik gabeko %6ko igoera; izan ere, proposatutako igoeraren zati handiena BPGari lotu dio». Antzera mintzatu da ELA: «Hezkuntza Sailak aurkeztu duen proposamenak ez du aurrerapausorik, eta zenbait gaitan atzera ere egin du». Horregatik, «proposamen serioa» exijitu dio sailari.

Soka luzea

Atzokoa beste urrats bat izan da irakasleentzat itun berria erdiesteko urratzen ari diren bide luzean; dena dela, pauso irmoagoa izango da gaurkoa. Bero dago giroa. Irakasleek bederatzi greba eta hamaika protesta egin dituzte urtea hasi zenetik. Aurreko greben bezperan, martxoaren 24an batu ziren sindikatuak eta Hezkuntza Saila zazpi orduz baino gehiagoz —goizaldean amaitu zen bilera—, baina orduan ere ez zuten itunik erdietsi, eta grebei eutsi zieten. Gainera, apirilaren 10ean, beste bost greba egun iragarri zituzten irakasleek, iritzita Hezkuntza Sailak ez ziela jaramonik egiten beren eskaerei. Joan den astelehenean, sindikatuek salatu zuten ordutik ez zutela Hezkuntza Sailaren deialdirik jaso; apirilaren 4an bildu ziren azkenengoz.

Akordiorik gabe, oraingoz, kaleak hartzen jarraituko dute. Manifestazioetara deitu dute etzirako; Donostiakoa 17:00etan izango da, eta Bilbokoa eta Gasteizkoa, 18:00etan. Jakinarazi dutenez, 3.000 lagunek baino gehiagok sinatu dute manifestua, eta dozenaka eragilek egin dute bat: tartean daude zenbait eskola, Euskal Eskola Publikoaz Harro, Ikama...

Eta zehaztuak dituzte datorren asterako protestak ere: astelehenean, Bilbon egingo dute; asteartean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen; asteazkenean, Donostian; ostegunean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen; eta ostiralean, Gasteizen. Mobilizazio guztiak 11:30ean hasiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.