Hezkuntza Sailak dio ez dela egia Artaza-Romoko ikasleak lekualdatzeko erabakia hartu dutela

Hezkuntzaren arabera, bi aukera daude mahai gainean: ikasleek bertan jarraitzea, edo egokitzapen lanak egin bitartean ikasleak behin-behinean lekualdatzea. Suflubialari Ez plataformakoek atzoko informazioa berretsi dute.

Larunbatean mobilizatzera deitzeko egindako agerraldia, Artatza parkean, atzo. SUBFLUBIALARI EZ
Subflubialari Ez plataformak egindako agerraldi bat, institutuaren parean, Artatza parkean. SUBFLUBIALARI EZ
inaut matauko rada
2026ko martxoaren 6a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lamiako ibai azpiko errepidearen kontrako plataformak atzo jakinarazi zuen Getxoko Artaza-Romo institutuko (Bizkaia) ikasleak lekualdatuko zituztela errepidearen obrengatik, baina gaur Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak informazio hori gezurtatu du. Sailak BERRIAri jakinarazi dionez, oraindik ez dute erabakirik hartu: «Hezkuntza Saila Artaza-Romo ikastetxeak hartzen duen erabakiaren zain dago». Udaberrian dira hastekoak institutu ondoko Artatza parkean lanak, bertan egongo baita tunelaren ahoetako bat.

Institutuak, familiek eta inguruko bizilagunek denbora daramate proiektuaren aurka mobilizatzen, salatu baitute kalte handiak eragingo dituela haien eguneroko jardunean, eta uste baitute errepide hori ez dela guztiz beharrezkoa. Subflubialari Ez plataformak atzo emandako informazioaren arabera, institutuko zuzendaritzak berak eman zien familiei lekualdatzeko asmoen berri, Hezkuntza Sailarekin izandako bilera baten ostean.

Hezkuntza Sailak berak bilera hori egin izana berretsi du, baina zehaztu du bilera horretan «ikastetxeak izan ditzakeen aukerak» aztertu zirela, eta gehitu dute orain institutu horretako hezkuntza komunitatearen esku dagoela erabakia. Antza, bi aukera dituzte: zentroak bere horretan jarraitzea, edo hezkuntza instalazioetan egokitzapen lanak egin bitartean ikasleak beste ikastetxe batzuetara mugitzea, ostera Artaza-Romo institutura itzultzeko.

Hezkuntza Sailak gehitu du lan horiek Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko dituela. Subflubialari Ez plataformako kideek, berriz, atzo emandako informazioa berretsi dute.

Eraginak ikastetxean

Proiektuaren berri jakin zutenetik, Artaza-Romo institutuko komunitateak bazekien eragin handia izango zutela tunelaren lanek bere eguneroko jardunean. Izan ere, tunelaren ahotik ehun metro eskasera dago institutua. Iazko urrian Subflubialari Ez plataformako kide Hodei Rodriguez BERRIArekin izan zen hizketan, eta, besteak beste, proiektuak Artaza-Romoko institutuan izango duen inpaktua aztertu zuen.

Azaldu zuenez, egokitzapen lan horien artean aurreikusia dago ikasgeletan aire girotuko gailuak jartzea. Rodriguezen ustez, horrek garbi uzten du airearen kalitatea txarra izango dela, eta ezingo direla leihoak ireki ere egin. «Eusko Jaurlaritzakoek esan diete aire girotua jarriko dutela institutuan. Zergatik? Ezingo dituztelako leihoak ireki», azaldu zuen elkarrizketa hartan. Gainera, patioaren zati bat ere kenduko diete lanek, eta zuloak egiteko lehergailuak erabiliko dituzte, horrek ekarriko dituen zarata eta bibrazioekin: «Zarata egongo da, lur pilaketak, eta lanen garai gorenean 48 kamioi pasatuko dira bertatik orduero».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA