ELA sindikatuak dei egin die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari hezkuntza ratioen gainean negoziatzen hasi eta akordioak lortzeko. Prentsa ohar baten bidez plazaratu du mezua sindikatuak. «Ratio hobekuntzak ikasleen hezkuntza eta arreta eta irakasleen lan kargak eta osasuna hobetzea ekarriko luke», gogora ekarri du. «Inklusiboa» izango den hezkuntza garatzeko eta ikasleen euskalduntzea bermatzeko ratioen arloan aurrerabideak egitea «ezinbestekoa» dela esan du. Atzo, Espainiako Ministroen Kontseiluak hezkuntzarako ratio berriak onartu zituen, eta horren harira atera du ELAk mezua plazara; izan ere, azaldu du Madrilen onetsitako ratio horiek «hobetzen» dituen proposamen bat egina duela, eta hor jarriak dituen irizpideen gainean ados jartzea lortu nahi duela orain erakundeekin.
Sindikatuak gogora ekarri du ratioen gaineko eskabideei aparteko garrantzia eman dietela urteotan. Hegoaldean hainbat greba izan dira hezkuntza sistema publikoan hobekuntzak eskatzeko, eta azaldu dute, esaterako, 2025eko maiatzean Eusko Jaurlaritzarekin irakasleen lan baldintzak hobetzeko izenpetu zen hitzarmenetik kanpo geratu zirela, besteak beste, ratioen arloan ez zutelako behar adinako aurrerabiderik ikusi; ratio hobekuntza «esanguratsurik» gabe izenpetu zela uste dute. Eta hori aldatu nahi dute orain. ELAko arduradunek esan dute Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari urteotan hainbat proposamen egin dizkietela: «Proposamen hauek Espainiako Gobernuak onartutako ratioak hobetzen dituzte; besteak beste, etapa guztietarako ratio hobekuntza kuantitatiboak, aplikazio epe laburragoak eta ratio politika beraren gaineko hobekuntzak barne hartzen dituzte».
Egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 0-3 ziklorako onartuta dauden ratioak bakarrik iruditzen zaizkie egokiak ELAn, eta horiek, hein handi batean, «greba dinamikari» esker lortu zirela uste dute. Nafarroan hor hobekuntzak lortzeko borrokan jarraitzen dutela gogoratu dute, eta dei egin diote Nafarroako Gobernuari langileen «aldarrikapenak» aintzat har ditzan.