Nafarroako Parlamentuak baztertu egin du Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko eskaera

UPNk adierazpen instituzional bat proposatu du Nafarroa eta EAE batzea ahalbidetzen duen xedapenaren kontra egiteko. EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek aurka bozkatu dute, eta PSN abstenitu egin da.

Javier Esparza, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Javier Esparza, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko martxoaren 16a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Balearretako Parlamentuak Espainiako Konstituzioa moldatzeko egindako proposamena baliatu zuen UPNk testu haren laugarren xedapen iragankorraren gaineko eztabaida berpizteko. Nafarroa eta EAE batzeko aukerari erreparatzen dio xedapen horrek, eta UPNk indargabetu egin nahi du. Hala, xede horrekin zuzenketa bat aurkeztu zuen Espainiako Kongresuan, eta urrats hori babesteko adierazpen instituzional bat sustatu nahi izan du Nafarroako Parlamentuan. Azken ganbera horretako Bozeramaileen Batzordeak, baina, baztertu egin du aukera hori.

Adierazpen instituzional bat onartzeko, beharrezkoa da ordezkaritza duten talde parlamentario guztien onespena. EH Bilduko Mikel Zabaletak «larritzat» jo du halako formula bat baliatu izana hura aurrera ateratzeko aukerarik ez zutela jakinda. «Epea amaitu baino bost minutu lehenago aurkeztu dute, eta gainerako talde parlamentarioekin hitz egin gabe. Argi uzten du adierazpena propagandarako tresna gisa erabili nahi izan dutela», esan du Zabaletak bilkuraren ostean.

Izan ere, UPNk PPren eta Voxen babesa soilik jaso du. Adierazpenaren kontra egin dute EH Bilduko, Geroa Baiko eta Zurekin-eko ordezkariek; PSNkoak, berriz, abstenitu egin dira.

Hala, abstentzio hori baliatu du UPNko Javier Esparzak sozialisten kontra egiteko. Batetik, kontrako botoa ematearekin alderatu du erabaki hura: «Alde ez bozkatzea xedapena ezabatzearen kontra egitea da». Baina, era berean, jarrera zehatzik ez hartu izana ere kritikatu die: «Nori galdetu behar dio? Pedro Sanchezi? Edo Otegiri galdetu behar dio? Edo EAJri? Ikaragarria da», esan du.

PSNko eledun Ainhoa Unzuk ez die erantzun galdera horiei, eta ez du zehaztu sozialisten jarrera zein den ere. Auziak «eztabaida sakon bat» eskatzen duela esan du. Argi du, ordea, Konstituzioa moldatzeko proposamen bati halako zuzenketa bat aurkeztea ez dela formula egokia. «Behin eta berriro entzun ditut esaten ez diotela uko egingo erabakiak Nafarroan hartzeari, baina ikusi dugu laugarren xedapen iragankorra salbuespen bat dela», esan du, eta «foru erregimenaren kontrako aberrazio politiko» gisa definitu du zuzenketa.

«Mekanismo demokratikoa»

Geroa Baiko Pablo Azkonak eta Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek UPNri gogorarazi diote Nafarroako Parlamentuan Foru Hobekuntza eguneratzearen inguruko batzorde bat dagoela, eta hura izan beharko litzatekeela halako zerbait eztabaidatzeko espazioa. Azkonak adierazi duenez, baina, UPNk ez du batzordean halako proposamenik egin.

Geroa Baiko eledunak, gainera, xedapen iragankorra defendatu du. Argudiatu du hura indargabetzea nafarrei erabakitzeko gaitasuna kentzea litzatekeela, eta uste du UPNren arazoa dela «haiek bezala pentsatzen ez duen gehiengo bat egotea». Bide beretik, Guzmanek azaldu du xedapena «mekanismo demokratiko bat» dela.

Aurrez, EH Bilduko ordezkariek ere babestu dute xedapen hura, eta koalizioak Eusko Legebiltzarrean duen eledun Pello Otxandianok hura «birformulatzearen» alde hitz egin zuen: «EAEk eta Nafarroako Foru Erkidegoak erakundeen arteko harremanak indartu ditzaketela esateko, betiere parez pareko baldintzetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA