«Departamentuaren historiako aurrekonturik handienak dira». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak 2027ko aurrekontuaren aurkezpena egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, eta ebatzi dituzten kopuruetan izan diren igoerak nabarmendu ditu. Hainbatetan erabili du «historikoa» adjektiboa, eta atzean dagoen konpromisoa goraipatu: «Anbiziotsuak dira: oso anbiziotsuak». Aurrekontua %13,33 handitu da 2026aren aldean, 445,98 milioi euro gehiago izango ditu departamentuak: 3.792,5 milioi guztira. Zehaztapen bat egin dute, hala ere: «Hazkunde horren barruan sartzen dira jantokiko familia kuotei dagozkien 49,8 milioi eta Lanbidek orain arte kudeatutako prestakuntza egiaztagarriko 29 milioi. Bi sarrerak deskontatuta, alderagarria %10,97koa da, 367,18 milioi euro gehiagorekin».
Kezka sortu da urteotan ikastetxeetako premia gero eta ugariagoen harira, ikasleen emaitzak kaskartzen ari direla ere egiaztatu dute hainbat ebaluazio probatan —tartean azken azken PISA txostena; aurrez zetorren okertze bat bizkortzen ari dela egiaztatu dute emaitzek—, eta aurrekontuen helburuetako bat hor eragitea izango dela onartu du Pedrosak; baita, oro har, ikasle guztientzat «kalitatezko hezkuntza eta aukera berdintasuna» bermatzea ere. «Erronka handiak ditugu. Esaterako, askotariko ikasleak ditugu, 140 nazionalitate baino gehiago ikastetxeetan; orain dela hamar urteko egoerarekin ez du zerikusirik honek, baina profesional konprometituak ditugu». Eta esan du horiei jardunbide on baterako oinarriak emango dizkietela aurrekontu hauen bidez. Hainbatetan goraipatu du Eskola Bikaina Denontzat prozesuarekin iaz abiatu zuten lan dinamika ere, eta lan hartatik eratorritako programek ekarriko dituzten onurak nabarmendu ditu.
«Hezkuntza arreta indartzeko profesional gehiago». Horixe da jarri duten lehen helburua. Bide horretan egingo dituzten hobekuntzak azaltzeko hainbat datu eman ditu Pedrosak: langileen atalak 2.136,9 milioi euro izango ditu, %14,1 gehiago, eta 761 lanpostuko igoera «garbia» aurreikusten dutela esan du. Aniztasunarekiko arretak 317,8 milioi euro izango ditu, aurreko urtean baino %5 gehiago, «hezkuntza premia gero eta ugariagoei erantzuteko». Ugarituko dira, halaber, pedagogia terapeutikoko irakasleak —2.580, 180 gehiago—, hezkuntza laguntzako espezialistak —2.657, 68 gehiago— eta entzumeneko eta hizkuntzako irakasleak —402, 77 gehiago—. «Helburua da zailtasunen detekzio goiztiarra hobetzea, arreta pertsonalizatuagoa eskaintzea eta irakasleei laguntza indartzea». Ikasle iritsi berrientzako arreta ere indartuko da: 540 Eusle irakasle sare publikoan —50 gehiago—, eta 5,5 milioi euro itunpeko sarerako.
Hezkuntza Sailaren beste lehentasunetako bat ikasleen gaitasuna hobetzea da, batez ere irakurketan, matematikan eta zientzietan. 35 milioi euro jarriko ditu emaitzak hobetzeko. Sailak 163,6 milioi euro erabiliko ditu, halaber, kapital inbertsio eta diru laguntzetarako: %9,41 gehiago. Horren barruan, Hezkuntza Eraiki 2030 programak 145 milioi euro baino gehiago izango ditu 2027an, hezkuntza azpiegiturak berritzeko eta modernizatzeko. Ikastetxeak klima aldaketara egokitzea izango da beste jarduketa eremuetako bat. «Ikastetxe seguru eta modernoak nahi ditugu», esan du Pedrosak.
Kritikak
Aurrekontuen inguruko kritika egin dute zenbait talde politikok gaur Eusko Legebiltzarrean. Sumar taldearen izenean, Jon Hernandezek salatu du sakoneko «eraldaketarik» ez dagoela. Eskola publikoaren aldeko konpromiso falta leporatu dio Jaurlaritzari. «Onartzen dugu igoera bat dagoela. Baina uste dugu horrek ez dakarrela aldaketarik hezkuntza ereduan, uste baitugu honek sare bikoitz bat dakarrela, eta segregazioa, eta ondorioz abiadura bikoitzeko hezkuntza eredu bat». EH Bilduren izenean, Itziar Muruak itunpekoei ezartzen zaizkien betekizunen gainean galdera egin dio Pedrosari, zentro horiek ere diru publikoa jasotzen dutelako, eta ondorioz hezkuntza legeak ezarritako irizpideen barruan jardun behar dutelako. «Legea bete behar da, diru publikoak legea betetzearekin lotuta egon behar du; bestela, tranpatan gabiltza». Eskolen «doakotasuna» bermatzeko neurrien gainean ere galdera egin dio.
PPko legebiltzarkide Muriel Larreak esan du dena ez dela konpontzen diru gehiago jarrita: «Baliabide gehiago izateak ez du esan nahi emaitza hobeak izatea». Era berean, «norabide falta» egotzi dio departamenduari. PSE-EEk eta EAJk, berriz, babestu egin dituzte aurrekontuak, egun Hezkuntza Sailak bultzatu behar dituen estrategiei erantzuteko egokiak direla iritzita.
26,7 milioi euskara eta hizkuntzak Ikasteko institutuarentzat
Urteotan Jaurlaritzak bultzatu dituen berrikuntzetako bat da Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua: horren bidez bideratu nahi dira orain eskolek hizkuntzen arloan dituzten erronkei aurre egiteko estrategiak, eta 26,7 milioi euro kudeatuko ditu 2027an. Derrigorrezko eskolaratzea bukatutakoan euskaraz B2 maila lortzeko helburua jarria du egun hezkuntza legeak; emaitzek argi erakusten dute, ordea, zer zailtasun dauden, eta horretan eragiteko neurriak landuko ditu institutuak.